Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Marcel Proust idazlearen liburu berezi bat aurkeztu du

2011.eko abenduak 20

Eusko Jaurlaritzak Víctor Gómez Pin-en Analektak izeneko liburu berezia aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegi zaharrean. Bertan izan dira Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi, liburu hau argitaratzeko proiektuaren sustatzaile Víctor Gómez Pin bera eta Harkaitz Cano euskal idazlea.

Marcel Proust idazle frantsesaren A la recherche du temps perdu nobela ezagunean oinarrituta kaleratu da gaur Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Analektak liburu berezia. Víctor Gómez Pin filosofo katalana izan da liburu hau argitaratzeko sustatzaile nagusia eta, horretarako, Proust-en nobela ezagun horretatik pasarte batzuk hartu eta gaztelaniara itzuli ditu. Pasarte horiek, ondoren, Espainiako gainerako hizkuntza ofizialetara itzuli dira: katalanera, galegora eta euskarara.

Hala, Alexandra Segura-k katalanera, José Mayoralas-ek galegora eta Joxan Elosegi-k euskarara itzuli dute testua, eta Juan Ramon Makuso aritu da guztion arteko koordinazio-lana egiten. Liburu honetan jatorrizko testua etenik gabe azaltzen da frantsesez; itzulitako bertsioetan, berriz, Gómez Pinek propio jarritako izenburu batek aurkezten du zati bakoitza, eta horrek pasartearen edukiaz berehala jabetzeko parada eskaintzen digu.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik aditzera eman duenez, "gure sailburuordearentzat harro egoteko moduko zerbait da literatura unibertsaleko idazlan gorenetako baten zabalkundearen alde egin dezakegula ikustea". Ildo horretatik, Víctor Gómez Pin La recherche obraren inguruan edizio eleanitz bat prestatzen ari zela jakin bezain laster, "Sailburuordetza honek argi izan du hasiera-hasieratik laguntza osoa eman behar ziola".

Auzmendiren hitzetan, "edizio honen literatur interes bereziaz berehala jabetu ginen, eta ahalegin horretan zerikusi zuzena izan du Gómez Pinek sortarazitako errespetuak eta konfiantzak, Prousten obraren ezagutzaile sakona baita". Liburu honekin, gainera, "hizkuntzalariek, profesionalek nahiz zale arruntek, gozatzeko parada ere izango dute pasarteak gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz paraleloan eta aldi berean ikusita, hizkuntza espainiarren arteko alderaketa tipologikorako aukeraren aurrean izango baitira".

Analektak izenburua Gómez Pin-ek berak hautatutako titulua da, eta argitalpen horretan bertan Proust-en obsesioak argi islatzen dira: oinazea, ahanztura, heriotza, unadura... Donostiako Hariadna argitaletxeak kaleratu du liburua, mila aleko tirada du eta 500 ale Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du banaketa egiteko; gainerako aleak, berriz, salgai jarriko dira ohiko liburu-dendetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)