Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Jaurlaritzak 17,3 milioi euro bideratuko ditu 2012. urtean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko

2011.eko abenduak 20

 Eusko Jaurlaritzak 17,3 milioi euro bideratuko ditu 2012an Gizarte Larrialdiko Laguntzak (GLL) eman ahal izateko. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskatuta, Jaurlaritzak onartu duen zenbatekoa 2011. urteko aurrekontuan esleitutakoaren berdina da; beraz, praktikan, laguntzen mailari eutsi egin zaio, oro har. Aurreikuspenaren arabera, datorren urtean 20.000ren bat familiak jasoko dituzte GLLen laguntzak.

GLLak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestazio ekonomikoak dira eta larrialdiko, gizarte-premiazko edo babesgabetasunezko egoerek eragindako ondorio ekonomikoak estaltzera edo leuntzera zuzentzen dira. Arauaren arabera, egoera horiek estaldura izatea komeni da, herrialdean dagoen ongizate-mailarekin eta EAEko diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazio-estaldurak ezartzen dituen gehieneko mugetan ezarritakoarekin bat datorren bizimodua eramateko. Ildo beretik, GLLak premiazko gabezia eta eskasiak biltzen dituzten egoerak saihesteko baliabide aringarri modura erabiltzen dira; udalei dagokie laguntza horiek ordaintzea edo ukatzea. Nolanahi ere, GLLak ez dira eskubide subjektiboak, hau da, legez ez dira eskubidetzat hartzen, baizik eta diru-laguntza moduko prestaziotzat; beraz, aurrekontua izateari loturik daude. 

Bilera berean, Jaurlaritzak 2012rako GLLen Agindua baimendu du; Agindu horren bidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu espezifiko bakoitzeko 2012. urtean gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak finkatzen dira; eta, horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzarentzat aurrekontu-mugak finkatzen dira.

Laguntza horien bitartez honako gastu hauek ordain daitezke: etxebizitza alokatzeko eta etxebizitzaren mantentze-lanetako gastuak, premia biziko altzarien eta etxetresna elektrikoen gastuak, eta bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premien gastuak -esate baterako: jantziak, heziketa eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak-, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez dituztenean.

Abenduaren 12ra bitarte, udalek 13,4 milioi euroko gastua justifikatu dute eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak dagoeneko igorri du kopuru hori. Sailak urte honetarako 17,3 milioi euroko aurrekontua esleitu du; beraz, oraingoz, udalek % 77,49ko gastua justifikatu dute. Lurraldearen arabera, Arabako udalek % 64,96ko gastua justifikatu dute, Bizkaikoek % 82,83ko gastua eta Gipuzkoakoek % 73ko gastua.

Kontzeptuei dagokienez, udalek justifikatutako 13,4 milioiko gastua honela banatzen da: etxebizitzaren alokairua (% 19,25); interesen eta kredituen amortizazio-gastuak (% 19,25); etxearen mantentze-lanak (% 26,70); premia biziko altzariak eta etxetresna elektrikoak erostea (% 4,25); konponketak (% 9,22) eta lehen mailako premiak (% 15,39).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan