Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gipuzkoan izandako jaitsierak gelditu egin du turisten sarreran izandako igoera, 28 hilabetetan hazkundea izan ondoren

2011.eko abenduak 20

 

 

Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du Euskadik bere hotel-establezimenduetako turisten sarreren markak hautsiko dituela aurten.

 

2011ko lehenengo 11 hilabeteetan, euskal turismoan turisten sarreren % +4,9ko igoera izan da 2010eko aurreko markarekin alderatuta.

 

Atzerriko turismoak gora egiten jarraitzen du, eta urtarriletik azarora bitarte % +6,9 igo da iazko datuekin alderatuta, eta estatuko bisitari kopurua, aldiz, % +4 igo da.

 

Euskadin 4 milioi ostatu-gautik gora izan dira aurten, % +5,8ko igoerarekin.

 

 

Euskadiko hotel-establezimenduetan 2.191.629 turista izan dira aurtengo lehenengo 11 hilabeteetan. Horrek esan nahi du 2010eko datuekin alderatzen badugu, % +4,9ko igoera izan dela, eta iaz euskal hotel-establezimenduetan izandako bisitarien sarrera-markak hautsi ziren. Beraz, beste marka bat hausteko 47.070 turista falta zaizkio Euskadiri, baina espero da kopuru hori erraz gainditzea abenduan.

 

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur argitaratu ditu azaroko datuak, eta horien arabera 29 hilabetetan lehen aldiz gelditu egin da turisten sarrera kopuruaren igoera. Gipuzkoako lurraldean soilik izan da jaitsiera hori, lurralde horretan % -10 jaitsi baita bisitari kopurua. Bizkaian, aurtengo zenbakiak iazko azaroko zenbakiak baino zertxobait handiagoak dira (% +1), eta Araban, aldiz, sarrera kopuruak gora egiten jarraitzen du: % +7.

 

Gipuzkoako turismo-sektorearen jaitsiera aztertutako arlo guztietan gertatu da, Eustaten arabera: barruko herrietan (% -15) nahiz itsasaldean (% -8), baita Donostian ere, hiriburuan turisten % 8 galdu baita.

 

Gipuzkoako joera hori urrian hasi zen; izan ere, euskal turismoaren igoera orokorra izan arren (segidako 28 hilabetetan igoerak izan ziren), Gipuzkoako lurraldea % -5 jaitsi zen, Donostiako nahiz barrualdeko eskualdeetako emaitza txarren ondorioz batez ere (% -8 eta % -6, hurrenez hurren).

 

Ostatu-gauei dagokienez, emaitzak antzekoak dira. Araba da portaera hoberena duena, % +9 igotzen jarraitu baitu; nolanahi ere, lurraldeko gainerako herrialdeetan hiriburuan baino igoera handiagoa izan da (gainerako herrialdeetan % +11, Gasteizen, aldiz, % +8).

 

Alderdi horri dagokionez, Bizkaiko kopuruak iazko arazoko kopuruen antzekoak dira: 60 ostatu-gau inguru gehiago izan dira, eta kopuru hori oso antzekoa da Bizkaiko eskualde guztietan.

 

Aitzitik, Gipuzkoak ostatu-gauen % 7 galdu du (7.000 baino gehiago), barrualdean (% -12) nahiz Donostian eta itsasaldean (% -5 bietan).

 

Nolanahi ere, aurtengo datu globalak bereziki positiboak dira ostatu-gauei dagokienez. Euskadin urtarriletik azarora bitarte 4 milioi ostatu-gau baino gehiago izan dira; horrek esan nahi du 2010eko (markak hautsi ziren urtea) datuekin alderatuta % +5,8ko igoera izan dela.

 

 

Atzerriko turismoak gora egin du

 

Gipuzkoan izan den eten hori gorabehera, oraindik ere egiazta daiteke Euskadiko turismo-sektorearen goraldia dagoela, eta batez ere atzerritik datorrenarena. Kanpoko bisitari kopuruak (estatuko bisitarien erdia inguru) % +6,9ko igoera izan du aurten.

 

Bestalde, estatuko turismoak ere gora egin du aurten, baina erritmoa txikiagoa da: % +4.

 

Eusko Jaurlaritzak aurten ekimen berriak jarri ditu abian, hala nola esperientzien programa, eta lanean jarraituko du azken bi urte hauetan lortutako emaitza globalei eusteko.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 20a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan