Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko Lege proiektua onetsi du 2050 aurretik Euskadin klima neutraltasuna lortzeko (Gobernu Bilera 2023-5-16)

2023-05-16
  • Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Legeari esker, Euskadi lerrokatu egingo da konprometituta dagoen araudi, politika eta plan guztiekin, horrela, zero isuri garbi eta lurraldearen erresilientzia lortzeko
  • Euskadin klima aldaketa jorratzen duen lehenengo legea da eta gizarte osoari eragiten dio. Esparru juridiko egonkorra ezartzen du erantzunkidetasunaren bitartez deskarbonizazioa azkartzeko
  • Gaurko Gobernu Kontseiluan onetsi eta gero, lege proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, izapidetu dadin 

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaur onetsi du Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Euskadiko Lege proiektua, erantzunkidetasunaren bitartez deskarbonizazio prozesua azkartzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu du eta lege proiektuak erraztuko du Euskadi lerrokatu ahal izatea estatu eta nazioarte mailan konprometituta dagoen araudi, politika eta plan guztiekin, eta modu horretan, 2050erako klima neutraltasuna eta energia trantsizio bidezkoa lortuko dira.

Euskadiko Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Legea Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako duen konpromisoa da, eta Euskadin klima aldaketa jorratzen duen lehenengo legea da. Ezinbesteko tresna da 2015eko Parisko Akordioan finkatutako helburuari erantzuteko: industrializazio aurreko garaia oinarri hartuta munduko tenperaturaren hazkundea 1,5 °C-ra mugatzea eta klima aldaketaren efektu negatiboak gutxitzea. Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak 2019an emandako Klima Larrialdiaren Erakunde Deklarazioa betetzen du. Bertan “ekintza premiazko eta handiak” iragarri ziren 2050ean Euskadi karbonoan neutroa izateko.

Lege proiektua gaur onetsita, Eusko Legebiltzarrera bidaliko da izapidetu dadin. Bertan, ekimen propioz esparru juridiko egonkorra ezartzen da gehienez ere 2050ean Euskadin zero isuri garbien helburua lortzeko. Horretarako, isuriak gutxituko dira eta atmosferako berotegi efektuko gas gehiago xurgatuko dira, horrela, emisio garbien zero maila lortu eta gure lurraldeak klima aldaketarekiko duen erresilientzia handitzeko.

Eskuragarri dauden azken datuak 2020koak dira, eta horien arabera, Euskadiko berotegi efektuko gas isurietan, energiaren, garraioaren eta industriaren sektoreak dira igorle nagusiak, isuri guztien % 84rekin.

Euskadik Europar Batasunaren isuri guztien mapan % 0,5 inguruko kopurua du, eta gure lurraldean industriak duen pisuak eta ezaugarri sozioekonomiko eta geografikoak baldintzatzen dute kopuru hori. Hala eta guztiz ere, trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko gure politika arautzen duen oinarrizko printzipioa erantzukizun partekatua da. Euskadi ezin da atzean geratu, eta gobernuak bere erantzukizunaren zatia barneratu du eta lege proiektu honetan jasotzen den konpromiso sakon eta zorrotzarekin jarduten du, Tapiak azpimarratu duenez.     

Bidezko trantsizioa

“Prozesu hori guztia trantsizio bidezkoaren irizpidea betez gauzatu beharko da eta horrek kontuan hartu beharko ditu kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa, inor atzean utzi gabe eta arreta berezia eskainiz sektore ekonomiko, lurralde eta biztanleria zaurgarrienei eta genero, adin edo pertsonen disfuntzioa integratuz, modu horretan, trantsizioa ez dadin bidegabekerien eta desberdintasunen kausa berri bat bihurtu”, esan du Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.

Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Legeak 2050erako berotegi efektuko gas isuriak gutxitzeko helburua lortzeko, eraldaketa prozesurako erritmo bat ezarri da nazioarteko, Europako eta estatu mailako zuzentarauekin bat etorriz, eta Euskadiko testuinguru sozioekonomikora egokitu da. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren 2050erako ibilbide orria onetsiko du, eta ezagutza zientifiko eta teknologikoan oinarrituta, bidea definituko du klima neutraltasuna eta lurraldearen erresilientzia lortzeko.

Ibilbide orria onetsita egon beharko da gehienez ere legea onetsi eta hurrengo 18 hilabeteetan, eta energia trantsizioaren eta klima aldaketaren estrategien bidez finkatutako helburuen betetze ibilbidea markatuko du. Gehienez ere 10 urte iraungo du, eta helburu kuantitatibo eta sektorialak eta horiek lortzeko jarduketak, tresnak eta baliabideak jasoko ditu.

 Energia trantsizioko jarduketak

2050 aurretik Euskadin klima neutraltasuna lortzeko, lege proiektuan energia trantsizioko jarduketak garatzea jasota dago, besteak beste enpresei, etxeei, administrazioei eta gainerako kontsumitzaileei zuzendutako energia efizientziaren eta berriztagarrien betebeharrak ezartzea, administrazio publikoek energia berriztagarrietako bektore energetiko berriak promozionatzea (hala nola hidrogenoan oinarritutako teknologiak -hidrogeno berdea-); energia elektrikoa eta termikoa biltegiratzearekin lotutako proiektuak eta CO2 jaso eta biltegiratzea ahalbidetzen duten ekimenak promozionatzea; eta mugikortasun jasangarriko planak onestea.

Legeak bestelako sektore eta lurralde politikak jasotzen ditu klima neutraltasunari laguntzeko. Horien esparruan betebeharrak ezarriko dira, adibidez zenbait sektoretan karbono aztarna gutxitzeari zuzendutako isuriak gutxitzeko planak idatzi beharra, eta sektoreen araberako bestelako neurri espezifikoak sortu beharra; administrazio publikoek inguru naturala zaindu eta kudeatzeko efizienteagoak diren jarduketak eta isurien gutxitzeak integratu beharra; eta neurriak ezarri beharra energia efizientzia eta klima aldaketa integratzeko lurraldearen antolamenduan eta azpiegitura eta ekipamendu publikoak eraiki, birgaitu eta kudeatzean planifikatu beharra.        

Legearen berritasun nagusiak

“Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Legeak gobernu honek klima eta energia krisiarekiko duen konpromiso irmoa azaltzeaz gain, norabidea aldatzeko aukera ematen du. Horregatik, Legeak ez du zehapen araubiderik, horretarako beste arau batzuk baitaude, hala nola ingurumen administrazioko legea edo Euskadiko ondare naturala kontserbatzekoa”, esan du Tapiak. “Ordea, legeak jasotzen du fiskalitatearen erabilera, eta zerga hobariak ematen dizkie klima aldaketarekiko egokitzapena errazten duten edo berotegi efektuko gas isuriak gutxitzen dituzten jarduketei”, gehitu du sailburuak.

Gainera, onetsitako testuak ekimen hauek ditu:

  • Ekimenen erregistroa

Legearen bitartez Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren ekimenen euskal erregistroa sortuko da. Publikoa izango da eta bertan, erakunde publiko eta pribatuek klima aldaketan egindako jarduketak inskribatuko dituzte. Inskripzioa doakoa izango da eta inskribatutako jardueren titularrek administrazio hobariak jasoko dituzte, adibidez aintzatespen publikoak. Beste aukera bat izango da erregistro hori erabiltzea kontratu publikoen gaitasun teknikoa egiaztatzeko edo balorazio irizpide gisa erabiltzea laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko prozesuetan.

Enpresek, administrazioek, eta erakunde publikoek (udalak barne) karbono aztarna kalkulatu ahalko dute (hau da, jarduerak zuzenean edo zeharka isurtzen dituen berotegi efektuko gas guztiak), eta isuriak gutxitzeko plan espezifiko bat diseinatu ahalko dute beren ingurumen inpaktua gutxitzeko eta inpaktu hori hutsala edo negatiboa izateko neurriak egituratzeko.

Erregistroa oso zabala da, eta karbono aztarnaz gain proiektu energetikoak, industrialak, energia azpiegiturenak, karbono dioxidoa xurgatzearenak eta klima aldaketara egokitzeko ekintzak barne hartzen ditu.

  • Klimaren eta energiaren tokiko planak

Lurralde historikoek eta 5.000 biztanle baino gehiagoko euskal udalerriek beren eskumenen esparruan klima eta energia planak sortu beharko dituzte, eta horiek lurraldeko helburuei lagunduko diete. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek klimaren planak indibidualki edo eskualde mailan sortu ahalko dituzte. Legea onesten denetik gehienez ere bi urteko epea izango dute horretarako.

  • Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Bulegoa sortzea

Legean jasota dago baita ere Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Bulego bat sortuko dela. Kide anitzeko organo teknikoa izango da, Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima aldaketaren arloan eskuduna den sailari atxikita egongo da, eta bere eginkizunen artean egongo da legearen helburuen betetze maila jarraitzea eta araudia betetzen dela kontrolatzea. Behaketa eta dokumentazio eginkizunez gain, Euskadiko isuriak eta etorkizuneko proiekzioak inbentarioan jasoko ditu, plangintza tresnak sortzeko erreferentzia izango diren klima egoera posibleak finkatuko ditu, plangintza tresnak sortuko ditu, hedapen eta komunikazio jarduerak promozionatuko ditu eta sektore publikoko askotariko estamentuak eta horiek Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin dituzten harremanak koordinatuko ditu.

Hala eta guztiz ere, legeak gobernantza sistema sinplifikatzen du eta jada sortuta eta martxan dauden koordinazio eta partaidetza organoetara jo da eta eginkizun berriak esleitu zaizkie energia trantsizioaren eta klima aldaketaren arloan.

  • Partaidetza sustatzea

Inor atzean utzi gabe ekitatea eta elkartasuna bermatzen dituen trantsizio bidezkoa eta jasangarria lortzeko, kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa kontuan hartuko da eta arreta berezia jarriko zaie sektore ekonomiko, lurralde eta biztanle zaurgarrienei, eta generoaren,adinaren edo aniztasun funtzionalaren aldagaiak sartuko dira trantsizioa desberdintasunen kausa berria izan ez dadin.

Herritarren partaidetzarekin aktiboki bermatuko da emakume eta gizonen arteko berdintasuna, eta bereziki, gazteen partaidetza. Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren Gizarte Hitzarmena ezarriz sustatuko da, eta horrek legearen helburuak eta bertan aurreikusitako plangintza tresnak lortzen lagunduko du. 

  • Euskadiko energia trantsizioaren eta klima aldaketaren Herritarren Batzarra

Aurrekoaz gain, herritarren parte-hartzea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko energia trantsizioaren eta klima aldaketaren Herritarren Batzarra sortuko du eta dekretu bidez arautuko ditu bere eraketa, antolamendua eta funtzionamendua.

Bestalde, Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren batzordeek edo udalerrietan sor litezkeen antzeko erakundeek herri batzarretan edo bestelako elkarte eta erakundeetan sortzen diren ekarpenak aztertuko dituzte eta urtean behin ondorioak bidaliko dituzte. Azkenik, ondorio horiek ekarpen horiekiko eskumenak dituzten organoei bidaliko zaizkie.

  • Energia eta klima ikuspegia aurrekontu publikoetan

Energia eta klima ikuspegia sartu beharko da EAEko Aurrekontu orokorren lege proiektuan. Gainerako euskal administrazio publikoek energia eta klima ikuspegia beren aurrekontu publikoetan sartzea sustatuko dute, bereziki, diseinu fasean.

Aurrekontuetan energia trantsizioan eta klima aldaketan eragin positiboak sortzen dituzten jarduketak identifikatuko dira, bai arintzeko bai eta egokitzeko, eta horiek lortu, jarraitu eta ebaluatzeko zuzentarauak eta trebakuntza prozesuak ezarriko dituzte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan