HARAGI Nazioarteko IV. Topaketak Tolosa parrillaren gastronomiaren epizentroa bihurtuko du berriro ere
HARAGI, Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko IV. Topaketa aurkeztu da gaur eta berrikuntza modura, “TXULETA Festa” otordu tradizionala berreskuratuko da Tolosako Zerkausian eta Euskadiko I. Autore Hanburgesa Lehiaketa egingo da. Ez dira faltako HARAGI FEST foodtrucken gunea eta nazioarteko errekien dastaketa ere.
Basque Culinary Centerreko kongresuan nazioarteko parrillera eta sukaldariak nahiz sektoreko profesional entzutetsuak igoko dira oholtzara; Florencia Abella, Felicitas Pizarro, Blanca Entrecanales eta Edorta Lamo, besteak beste.
Maiatzaren 18tik 21era Tolosa eta Basque Culinary Center parrilla-gastronomiaren epizentro bilakatuko dira, HARAGIren bueltan. Parrilleroak, sukaldariak, ekoizleak, eta janari onaren nahiz haragiaren zaleak elkartzen ditu topaketa honek. Tolosako Udala, Basque Culinary Center, Eusko Jaurlaritza eta ELIKER dira antolatzaileak. Lehenengo egunean kongresu profesional bat egingo da Basque Culinary Centerreko auditorioan; asteburuan berriz, Tolosako hainbat plazek hartuko dute festa.
HARAGIren ospakizuna Tolosan egitea ez da kasualitatea; izan ere, parrilla eta haragiaren gastronomian traidizio handia du eta oso famatua da bertako txuleta, Olatz Peon herriko alkateak nabarmentzen duen modura: “erretegiak eta txuleta funtsezko elementuak dira Tolosaren nortasunean, gainerako azoka gastronomiko bereziak bezala. Tokiko ospakizun gisa hasi zena nazioarteko ekitaldi bihurtu da, eta arrakasta, neurri handi batean, Tolosako komunitatearen partaidetzari eta lankidetzari zor zaio, besteak beste, erretegiak, elkarte gastronomikoak, sukaldariak eta harakinak. Bere ekarpenik gabe, HARAGI ez litzateke posible izango”.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak ere HARAGI topaketaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, "hitzordu handi honen bidez, haragiaren, suaren eta parrillaren sektoreak duen garrantzia azpimarratuz gozatuko dugu berriro eta ezagutzak zabaltzen eta leku bakoitzeko teknika eta lan egiteko era berrietara hurbiltzen lagunduko diguten pertsona handiak bilduko ditugu". Hitz hauekin, mundu osoko errekiak dastatzeko aukera emateaz gain, gai horretan adituak diren hainbat pertsonaren teknikei, animalien ongizateari eta sektoreko iraunkortasunari buruzko ezagutzak ikasi eta partekatu ahal izatearen zortea nabarmentzen du Aizegak.
Josu Garaialde HAZI Fundazioko promozio zuzendariarentzat ere garranzitsua da topaketak eskaintzen duena: “haragia funtsezkoa da euskal gastronomian, ingurumena, ekoizpen-aniztasuna, paisaia eta euskal gizartea eta ekonomia zaintzen dituen familia-nekazaritza bereizgarria eta iraunkorra baitu oinarri. Honi balioa ematea da HARAGI bezalako ekitaldiekin bilatzen dena.”
Basque Culinary Centerreko kongresuarekin abiatuko da topaketa
HARAGI topaketak, urtero modura, haragiaren sektoreko profesionalak biltzeko eta elkar ikasteko kongresu profesionala izango du Basque Culinary Centerren, maiatzaren 18an. Produktua, teknika, animalien ongizatea eta jasangarritasuna izango dira ponentzien ardatz nagusia.
Hauek dira, besteak beste, IV. edizio honetan oholtzaratuko diren gonbidatuak: Florencia Abella (argentinarra, Stockholmeko ‘Eksdet’ jatetxeko sukaldeburua, Michelin izar batekin), Felicitas Pizarro (argentinarra, ‘Maiz’ jatetxeko jabea, sukaldaria eta sommelierra), Blanca Entrecanales (Toledoko ‘Dehesa El Milagro’ etxaldearen arduraduna), Beatriz Pablos (Trujilloko ‘Pablos’ ganadutegi jasangarriaren arduraduna), Guijarro anaiak (Brasería Cuéllar jatetxearen eta Terrabuey ganadutegiaren arduradunak) eta Edorta Lamo (Arrea! jatetxearen sortzailea, eguzki bikoitzarekin Repsol Gidan). Ponentzia guztien egitaraua eskuragarri dago haragi.eus webgunean, baita kongresura inskribatzeko aukera ere.
Ponentzien ostean solaserako aukera emango duen otordu bat egingo da kongresuaren ondorioak elkarbanatzeko. Iñigo Urrechu (Zalacaín), Aitor Del Olmo (Amaren), eta Marta Alcalá (Dehesa El Milagro) izango dira sukaldariak.
Arratsaldean txarkuteriaren inguruko ikastaro bat eskainiko da Basque Culinary Centerreko auditorioan bertan. Xesc Reina txerriki-egile famatua eta sobrasadetako gurua izango da irakaslea, eta harakin eta urdaitegietako profesionalei dago bideratua. Beharrezkoa da izena ematea.
HARAGI Fest Zumarditxikian: foodtruckez osatutako gune bat, jai giroan
Ostiraletik igandera Tolosako Zumarditxiak HARAGI FEST hartuko du beste edizio batez, non hainbat foodtrucken proposamen gastronomiko goxoenez, zuzeneko musikaz eta jai-girorik onenaz gozatu ahal izango den.
Zonalde hau ostiralean 18:00etatik 00:00etara, larunbatean 12:00etatik 00:00etara eta igandean 12:00etatik 16:30era egongo da irekita. AMA, La Pavoneta, Kemekomo, Cárnicas Goya + Mele Mele, Mäwa, Rafa Gorrotxategi eta Balerdipeko Erleak-en postuak topatu ahal izango dira. Zuzeneko musikari dagokionez Kumbia Boruka, Aria, Pasadena, Muzak, Txaston Dixie Band eta DJak igoko dira oholtzara. Egitaraua eta ordutegiak eskuragarri daude haragi.eus webgunean.
HARAGI Fest gune berean larunbat goizean ‘SUA Espazioa’ kokatuko da, non sektoreko tolosar profesionalek ikastaro bat emango duten parrilla inklinatuaren teknika eta Tolosa estilora txuleta bat erretzean kontuan hartu beharrekoak ikasteko. Eguerdian, behi-solomo baxuko txuletak zerbitzatuko dira, familian edo kuadrilan partekatzeko.
Ez dira faltako HARAGI barruko nazioarteko errekien dastaketak. Aurten, showcooking-a Triangulo plazan egingo da, larunbatean, hilak 20, goizez, eta bere errekiekin parte hartuko dute Florencia Abellak (arandoiak txingar baxuan, hezurdun-bifea eta patatak tximitxurriarekin), Felicitas Pizarrok (vacio deituriko saiheski kortea arto-kremarekin) eta Txomin Parrillak (bertako lau arrazeako behi erdi bana erreko du burruntzi erara 15 orduz).
HARAGIren IV. edizioaren berrikuntza nagusiak
Berrikuntza gisa, maiatzaren 21ean, igandea, Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa egingo da Zerkausian. Bertan, bi kategori ezberdinetako (hanburgesa tradizionala eta hanburgesa berritzailea) hanburgesa onenak zein harategik ekoizten dituen jakingo da. Ondoren, publikoak hanburgesak dastatzeko aukera izango du. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek antolatu dute ekitaldia.
Txuleta Festa -2019tik ospatu gabea- izango da lau egun intentsoen itxiera ekitaldia: igandean bertan Tolosako Zerkausia erretegi elegante bilakatuko da eta Tolosako erretegien menu tradizionala dastatu ahal izango da. Plater nagusia Tolosako estilora jendaurrean erretako txuleta izango da (Casa Julianeko 3 Gorrotxategi anaiek errea), eta bertako produktuek osatuko dute menua: idi-txistorra, porruak parrillan, pikillo piperrak erreta, gazta, teilak eta zigarrotxoak eta euskal pastela. Tiketak salgai daude 50€tan haragi.eus webgunean.
Izenemateak eta sarrerak
Ekitaldiko espazio guztiak irekiak izango dira eta mokaduak edo edariak hartzeko tiketak toki berean erosiko dira. Aurrez erosi behar diren sarrera bakarrak ‘Txuleta Festa’ bazkarira joatekoak dira, eta Basque Culinary Center-en kongresuan eta txarkuteria tailerrean parte hartu nahi duenak webgunean izena eman beharko du. Informazio guztia eta egitaraua haragi.eus webgunean daude eskuragarri.