Lehendakariordea langabeziagatiko kapitalizazioa erabiltzearen alde agertu da, belaunaldi-erreleboa bermatuta ez duten enpresa arrakastatsuak salbatzeko
- Helburua da enpresa horien arrakasta beren lanarekin aurrera atera dituztenek gidatu ahal izatea
Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak langabeziagatiko kapitalizazioa erabiltzearen alde egin du gaur, belaunaldi-erreleboa bermatuta ez duten enpresa arrakastatsuen bideragarritasuna bermatzeko, enpresa horiek aurrera atera dituzten pertsonek gidatu ahal izan ditzaten.
Mendiak ASLEren Batzar Nagusiaren inaugurazioan parte hartu du gaur Donostian. ASLE Euskadiko enpresa-elkarteak lan-sozietateak eta langileek kapitalean parte hartzen duten enpresak ordezkatzen ditu. Lehendakariordeak, bere hitzaldian, Gizarte Ekonomiari buruzko Legea aipatu du. Lege hori Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu zuen joan den hilean, eta gaur egun alegazio-fasean dago. Bera buru den Sailaren helburuekin bat datorren arren, lan-sozietateei dagokienez, hobetzeko espazio bat dagoela uste du. Horregatik, “Ministerioari jakinarazi diogu, besteak beste, langabeziagatiko kapitalizazioari buruzko aurreikuspenak birformulatzea, hori funtsezkoa baita kapital-sozietateak lan-sozietate bihurtzeko. Formula hori aurreikusten da enpresa horiek zailtasun ekonomikoko egoeran daudenean”.
Ildo horretan, adierazi du “kontua ez dela soilik lan-gizartea porrot bidean dagoen proiektu baten erreskatea izatea, langile konprometituak erreskatera ateratzeko. Helburua da, halaber, enpresa arrakastatsuak existitzen jarraitzea, jabeak adinagatik eten nahi badu ere, eta arrakasta hori aurrera atera dutenek gidatzea”.
Mendiak gogorarazi du, gainera, Euskadik aurrean duen erronka demografikoak eskatzen duela tresnak eskaintzea adinaren kudeaketa egokia egiteko, pertsonek lan-bizitzan zehar dituzten gaitasun guztiak aprobetxatzeko eta erretiro-prozesuen aurrean errelebo egokia egiteko. “Baina, aldi berean, joan-etorriak errealitate guztietara egokitzea eskatzen du, enpresak antolatzen zareten modu berezi guztietara”, azpimarratu du.
Amaitzeko, defendatu du enpresa bakar bat ere ezin dela geratu sortuko diren aukeretatik kanpo, eta Euskadik izango duen lehen Enplegu Legeak horretarako eskainiko duen esparrua nabarmendu du. Lege horrek, lan-sozietateentzat interes berezia duten gaiak sartzeaz gain, politika aktiboetan parte hartzeko leku propioa aitortzen die.