Berriak
Eu

Euskal Enplegu Estrategiak langabezia-tasa murriztuko du 2014an % 8ren azpitik utziz

2011.eko abenduak 20

Enplegu Estrategiak dituen helburuak honako hauek dira: produktibitatea hobetzea lan-merkatu ireki eta iraunkor batean, aukera-berdintasuna ziurtatzea enpleguan, baita gizarte- eta lurralde-kohesioa ere eta produkzio-jarduera eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa handitzea.

Plan honekin zera lortu nahi da: enpresa-lehiakortasuna hobetzea, nazioartekotzearen, talentuen erakarpenaren eta enpresa-lankidetzaren bitartez; gazteen enplegua sustatzea eta hezkuntzatik enplegurako trantsizioa hobetzea; gizarte- eta lurralde-kohesioa hobetzea, kolektiborik kalteberenek lanerako sarbidea izan dezaten lagunduz; teknologiari, antolaketari, azpiegiturei eta prestakuntzari lotutako baliabideak hobetzea, enplegurako zerbitzu eraginkorragoa eta efizienteagoa eskaintzeko eta azkenik, enplegu-politika aktiboen kontrola eta ebaluazioa bermatzea.

Eusko Jaurlaritzak Enplegurako Euskal Estrategia onartu du gaur. Estrategia horren bidez, enpresen lehiakortasuna hobetu eta lanpostu gehiago sortu nahi ditu, baita gazteei lana ematea sustatu eta haiek hezkuntza arlotik lanera igarotzea erraztu ere. Horrez gain, beste helburu batzuk ere baditu: gizarte eta lurralde kohesioa indartu nahi ditu, kolektibo ahulenak lan munduan sartzen lagunduz; bitarteko teknologikoak, antolakuntzakoak, eta azpiegitura zein prestakuntza bitartekoak hobetu, enplegurako zerbitzu efikazagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko; eta, enplegu politika aktiboen kontrola eta ebaluazioa bermatu.

Estrategiari buruzko xehetasunak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak eman ditu. Hain zuzen ere, Zabaletak eta Gobernuko eledunak, Lehendakaritzan (Gasteiz) Gobernu Kontseiluaren ondoren egin ohi den prentsaurrekoa eman dute.

2011-2014rako Enplegurako Euskal Estrategiaren helburua enplegurako politika aktiboak biltzea eta Euskal Autonomia Erkidego osorako erreferentzia bilakatzea da. Estrategia horretatik hainbat plan zehatz eta definitu eratorriko dira, adibidez: Lanbideren 2012ko Plan Operatiboa. Plan horrek hainbat ildo nagusi izango ditu:

-Lanbidek 2012an, berariazko ikastaroen bidez, 72.000 pertsona baino gehiagori prestakuntza ematea aurreikusi du Datu bat: erregistratuta dauden 25 urtetik beherako 15.367 langabetuetatik 11.367k (% 73,9) ez dute batxilergoa gainditu.

-Orientabide zerbitzuak indartzea eta zailtasunak dituzten kolektiboei lana lortzen laguntzeko ekintzak bultzatzea. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen dutenak tokiko enplegu planen lehentasunezko kolektiboetako bat izango dira, baita gazteak eta lan-erregulazio espediente baten (LEE) eraginpean daudenak ere.

-Urtearen hasieran, behar handia duten Euskadiko bederatzi gunetan, tokiko ekintza plan bat jarriko du martxan, 1.500 langabeturi bakoitzaren neurriko orientazioa emateko,  bereziki LEE baten biktima diren langileei eta DBE jasotzen ari direnei.

Erosketa berdea

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du “2011-2014 aldiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Programa”, Eusko Jaurlaritzaren sailek eta sozietate publikoek egiten dituzten erosketa eta kontratazioetan ingurumen-irizpideak txertatzea planteatzen duen dokumentua, hain zuzen ere. Kontratuen % 100ek horrelako gaiak kontuan har ditzaten lortzea planteatzen da 2014rako.

Pilar Unzalu sailburuak bultzatutako programa horren xedea da kontratazio-orriek ingurumen-irizpideak balioetsi beharreko elementu gisa txerta ditzaten lortzea, hots, erosketen eta kontratazioen % 100ek alderdi hori kontuan har dezaten erdiestea. 2012an Eusko Jaurlaritzaren sail eta sozietate publiko guztiek egiten dituzten erosketen % 75a “berde izatea” espero da.

Programa hori aplikatzeak dakartzan onurei dagokienez, nabarmendu beharrekoa da erositako produktuen eta zerbitzuen ingurumen-inpaktuak murrizten direla, produktuen eraginkortasunari esker kontratazioaren ardura duten sailetarako dirua aurrezten dela, eta azkenik, eko-berrikuntza oinarri hartuz produktu eta merkatu berrien eta enplegu berdearen garapena sustatzen denez, ingurumen-teknologien garapena eta hedapena bultzatzen direla.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.12.20)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-12-20n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)