qrcode

Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro bideratuko ditu nazioarteko lehiaketetan eta maila goreneko estatu mailako ligetan parte-hartzea sustatzeko (Gobernu Bilera 2023-5-9)

2023-05-09

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak ematen dizkie goi-mailako kirol-lehiaketetan parte hartzea helburu duten kirol-klubei, kirol-elkarteei eta nortasun juridikoa duten erakundeei. Zehazki, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honek 600.000 euroko diru-laguntza emango du kategoria absolutuko nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan eta kategoria absolutuko Estatuko ligetan emakumezkoek parte hartzeko. Iaz 29 kirol-erakundek jaso zuten dirulaguntzaren bat deialdi honen bidez.

Laguntza-lerroak honela banatuko dira 2023 eta 2024 urteen artean:

  • Nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzak: 420.000 euro.
  • Emakumezkoen liga estataletan parte hartzeko dirulaguntzak: 180.000 euro.

Deialdian jasotzen denez, deialdi honetara aurkeztu nahi duten klub, kirol-elkarte edo erakundeek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

  • Nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta egon beharko dute.
  • Emakumezkoen liga estatalak kategoria absolutuko federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialean sartutako maila gorenekoak izango dira.
  • Estatuko edo autonomia-erkidegoko lehiaketak ez dira baloratuko.

Eusko Jaurlaritzarentzat, nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeko jarduerak sustatzea oinarrizko elementua da euskal kirolak nazioartean presentzia izan dezan, eta kirola egiteko estimulu gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko