Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Gobernu Kontseiluak 800.000 euroko laguntzak onartu ditu Gizarte Ekonomia sustatzeko (Gobernu Bilera 2023-5-9)

2023-05-09

Gobernu Kontseiluak, Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, 800.000 euroko hainbat laguntza-agindu onartu ditu gaur, gizarte-ekonomia sustatzeko, enpresen arteko lankidetzaren bidez, eta bazkideak enpresetan parte hartuz eta sartuz. 

Lehen aginduak gizarte-ekonomiako enpresetan, batez ere lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan, bazkide langile bihurtzen diren pertsonak sartzea du helburu. 500.000 euroko zuzkidura du, eta lau kolektibori zuzenduta dago: langabeei, gizarte-ekonomiako enpresa batean besteren konturako lan-kontratua duten eta bazkide langile izatera igarotzen diren langile ez-bazkideei; desgaituei; eta gizarte-ekonomiako sozietateetan bazkide gisa sartzen diren nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-ustiategien eta ustiategi mistoen titularrak. 

2022an, 418.735 euroko zenbatekoarekin, 289 pertsonak jaso zuten laguntza hori: 7 langabetu, 179 ezindu, nekazaritza-, abeltzaintza- eta antzeko ustiategietako 17 titular eta 86 besteren konturako langile gizarte-ekonomiako enpresetan, enpresa horietako bazkide langile bihurtu zirenak. 

Gainera, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die enpresen arteko lankidetzarako laguntzei. 167.000 euroko zuzkidura du deialdi honek, eta honako hauek finantzatzea du helburu: lankidetza-proiektu bat egitea eta ezartzea; elkartekideen arteko estrategia bateratuak diseinatzea, jarduerak berritzeko edo dibertsifikatzeko; akordioak egitea eta formalizatzea, eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzea; gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteak prestatzea eta formalizatzea; gizarte-ekonomiako erakundeek bat egin ondoren enpresaren batean bazkide langile gisa sartu diren pertsona fisikoen kapital sozialari egindako ekarpena; Euskadiko gizarte-ekonomiaren ordezkari diren erakunde gorenek elkartekideentzat egindako lankidetza-jarduerak, bai eta familia guztiek partekatutako erronkak identifikatzea ere; eta kontratazio publikoari buruzko araudiak onartutako irizpideak eta tresnak aplikatzeari buruzko egoera-diagnostikoa. Iaz, hamar erakunderen proiektuek 140.667 euroko dirulaguntza jaso zuten.

Azkenik, 140.000 euroko deialdia onartu da langileek Gizarte Ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan duten parte-hartzea erraztu eta hobetuko duten tresnen garapena eta ezarpena finantzatzeko. Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresen kasuan, laguntzak baliagarriak izango dira langileek parte hartzeko plan bat egiteko eta ezartzeko, langileek enpresan parte hartzeko ereduak definitzeko tresnak diseinatzeko eta partaidetzako enpresa-eredua zabaltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko