Berriak Lehendakaritza
qrcode

eLANKIDETZAk 34 milioi euro bideratuko ditu herrialde pobretuen herritarren garapenerako

2023-05-09
  • Eusko Jaurlaritzak sexu-indarkeria kasu guztiak salatzeko deia egin du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, berak garapenerako lankidetzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia aurkeztu du.

Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, partida 34 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino bi milioi gehiago, eta tokiko erakundeekin batera lan egiten duten euskal GKEen proiektuak diruz laguntzeko balioko du, desberdintasunei aurre egiteko eta herrialde pobretuetako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko, bai eta euskal gizartea urrun ditugun beste errealitate batzuetara hurbiltzeko ere.

Ildo horretan, Melgosak zehaztu du eLankidetzak funtsen % 20 gordeko duela Saharaz hegoaldeko afrikan gauzatutako proiektuetarako, eta funtsen % 10 emakumeak ahalduntzeko proiektuetarako izango dela. “Euskal lankidetza gizarte solidario eta sarean lan egiten duen baten isla da, Euskadiko zein beste lurralde batzuetako erakundeekin, GKEekin, unibertsitateekin, udalekin edo gizarte-mugimenduekin batera. Hori da Euskadik egiten duen lan solidarioaren ezaugarrietako bat, sailburuak adierazi duenez.

Nerea Melgosa sailburuak, amaitzeko, nabarmendu du euskal lankidetzak eraldaketa- eta elkartasun-erronkei ekarpenak egiten jarraitu behar duela, esperientziatik eta hurbiltasunetik abiatuta.

KIROLEAN ERASOAK

Bai bozeramaileak, bai Berdintasuneko sailburuak, beren entrenatzaileak adingabe bati ustez egindako sexu-eraso bati buruz hitz egin dute, gerta daitekeen edozein erasoren aurrean gaitzespenik sakonena azalduz eta ezaugarri horietako edozein kasu salatzearen garrantzia azpimarratuz, bai justizia-zerbitzuaren aurrean, bai Ertzaintzaren aurrean, behar bezala ikertu eta argitu ahal izateko. Bingen Zupiriak, kirol arloko arduraduna den aldetik, aukera hau aprobetxatu du Zure Taldekoak Gara izeneko programa bat dagoela gogorarazteko, kirol arloan edozein sexu-eraso edo sexu-abusuren biktima izan daitezkeen pertsonei zuzendua, pertsona horiei aholkularitza eskaintzeko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du hauteskunde sindikalen batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2023rako diru-laguntzak emateko prozedura hastea. Zupiriak azaldu duenez, 763.000 euro banatuko dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hauteskunde sindikalen prozesuak kontrolatzeko eta ikuskatzeko.

Lan sailarekin zerikusia duten beste diru-laguntza batzuk ere onartu dira gaurkoan, hain zuzen ere, 800.00 euroko hainbat laguntza-agindu dira gizarte-ekonomia sustatzeko, enpresen arteko lankidetzaren bidez, eta bazkideak enpresetan parte hartuz eta sartuz. Diru horretatik zatirik handiena, 500.000 euro, gizarte-ekonomiako enpresetan, batez ere lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan, bazkide langile bihurtzen diren pertsonak sartzea du helburu.

Hezkuntza arloarekin lotuta, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzak onartu dira gaurko bileran. 2,6 milioiko partida da eta helburua du itunpeko ikastetxeetako irakasleek parte hartzea, 2022-2023 ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan. Deialdi hau bat dator lanbide-heziketa ekoizpen-sektoreen egungo eta etorkizuneko beharretara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko helburuarekin, enpresek gero eta kualifikazio eta espezializazio-maila handiagoak behar dituztelako.

Kontseiluak, halaber, Euskadiko bizitegi-eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako laguntzetara zuzendutako 47 milioi euroko gastua baimendu du. Zenbateko hori Next Generation EU funtsetatik dator eta kopuru berri hau Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lortu du, orain arteko birgaitze-helburuak bete ondoren —Euskadi izan da hori lortu duen lehen autonomia-erkidegoa—. Helburu horiek betetzea ezinbesteko baldintza da funts berrien %50a askatzeko. Birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsen 47 milioi euro horiei gehitu behar zaizkie Gobernuak 2022ko ekainaren gaitutako 39 milioiak, birgaitze energetikorako ezohiko laguntza hauen oinarriak ezarri eta deialdi publikoa erregulatzen duen aginduaren bidez gaitutakoak, hain zuzen.

Kultura arloko hainbat erabaki hartu dira gaurko bileran, gehien bat diru laguntzekin zerikusia dutenak eta horien artean aipagarrienak izango lirateke, alde batetik, kultura-arloko jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak, guztira 350.000 euro musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak bultzatzeko; eta, bestetik, fikziozko, animaziozko eta dokumentalerako proiektuak garatzeko laguntzak, 400.000 euroko deialdia.

Eta amaitzeko, Jaurlaritzak Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetzen duten, turismoa dinamizatzen duten edota turismo-fluxuak lurralde osoan banatzen laguntzen duten turismo-proiektuak garatzen laguntzeko programa onartu du. Programa honek 1.800.000 euroko zuzkidura du, eta aurreko deialdiekin alderatuta, ia 400.000 euroko igoera dakar, ekimen gehiagori erantzuteko aukera emango duena.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2023-05-09

    Comentario de Twitter:
    🔹Fikziozko, animazioko eta dokumentaleko proiektuetarako laguntzak
    🔹Turismo-proiektuetarako laguntza-programa

    📎 https://t.co/hQm8M68dwU

  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2023-05-09

    Comentario de Twitter:
    🔹Ayudas para proyectos de ficción, animación y documental
    🔹 Programa de apoyo para proyectos turísticos

    📎 https://t.co/JnNjv5VXj3

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)