qrcode

Nerea Melgosak konpromiso bat proposatu du “helduei prestakuntza emateko eta sentsibilizatzeko, haurren kontrako tratu txarren zantzuak ulertu eta antzemateko”

2023-05-05
  • Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkarteak antolatutako Justizia eta Haurtzaroari buruzko IV. Foroaren itxiera, Vitoria-Gasteizen
  • Sailburuaren iritziz, “gure umeak ahaldundu behar ditugu, eskubideak dituztela jakin dezaten eta, arriskuan daudela sentitzen badute, norengana jo jakin dezaten”

 

VG 2023 05 05

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak gizarte osoaren konpromiso bat proposatu du, “helduei prestakuntza emateko eta sentsibilizatzeko, haurren kontrako tratu txarren zantzuak ulertu eta antzemateko, eta gure umeak ahalduntzeko, eskubideak dituztela jakin dezaten eta, arriskuan daudela sentitzen badute, norengana jo jakin dezaten”.

 

Melgosak Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkarteak antolatutako Justizia eta Haurtzaroari buruzko IV. Foroa itxi du, Vitoria-Gasteizen. Sailbururen iritziz, “ezinbestekoa da, gizarte garen aldetik, zero tolerantziako jarrera hartzea haurren aurkako tratu txarren aurrean. Garrantzitsua da gure umeak minetik eta sufrimendutik babestea eta ingurune seguru eta osasungarri batean hazteko eta aurrera egiteko bidezko aukerak izateko bidea dutela ziurtatzea”.

 

Ekitaldia Arabako hiriburuko Montehermoso jauregian izan da eta, bertan, Melgosak honako hau esan du: “haurtzaroa bizitzako funtsezko aldi bat da, eta aurkikuntzen, ikaskuntzen eta poztasunen etapa bat izan behar du. Hala ere, zoritxarrez, gure ume guztiek ez dute garai hori erabat bizitzeko aukera. Haurren kontrako tratu txarra errealitate iluna da, gure gizartearen orban bat, eta guztion artean amaitu behar dugu harekin”.

 

 “EAEn aitzindariak izan gara “Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Euskal Estrategia” onesten. Gure umeen kontrako edozein motatako indarkeriarekin amaitzeko konpromiso irmoa eta sendoa sustatzen dugu. EAE leku segurua eta aproposa izan dadin nahi dugu, ume guztiak hazi, ikasi eta aurrera egiteko modukoa”, esan du.

 

 “Haurrentzako justizia ez da aukera bat; gizarteak duen betebehar morala eta legala da. Barnahus ereduak adingabea erdigunean jartzen du eta, horretarako, trauma txikiagotu eta laguntza psikologikoa, medikoa, legala eta soziala eskaintzen ditu leku bakar batean”, esan du Nerea Melgosak.

 

Melgosak honako hau esan du: “EAEn, gure erakundeak eta haurrak babesteko mekanismoak sendotzeko Barnahus ereduan oinarritzen den proiektu pilotuarekin dihardugu lanean hemen, Vitoria-Gasteizen. Tartean diren aldeen prestakuntza zehaztea eta eredu horren fluxu eta protokoloen inguruko adostasunak lortzea ditugu xede. Barnahus Araba errealitate egiteak erakusten du laguntza osoagoa eta eraginkorragoa eman diezaiekegula tratu txarren biktima izan diren umeei”.

 

Sailburuak eskerrak eman dizkio AVAIMi foroa antolatzeagatik. “Besteak beste, AVAIM gizarte-entitateak egiten duen lana funtsezkoa da gure gizartearentzat, eta gure umeenganako konpromisoa eta maitasuna erakusten dute. Elkarrekin berma dezakegu justizia eta haurtzaroa beti eskutik joatea”.

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-05-08

    Dendaren batean ikusi nuen, eta txikiago batzuk behar izan nituen, antza, hazpegiak. Jakinaren gainean jarri behar izan nuen.

  • Argazkia Xaver
    2023-05-08

    Llegué a ver en algún comercio y mendicidad atender menores al parecer rasgos, tuve que poner en conocimiento.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Tomás Aller, Gasteiz, Kristina Jausoro, Irene Miravalles, María Muñiz, Ana Murcia, Sonja Ulhmann