Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Batzordea: onarpen eta eskolatze prozesua, 2023-2024 ikasturtea

2023-05-08
  • Familien %94,1ak euren lehen aukeran eskolatu ditu seme-alabak
  • 122 ikasle ez-zaurgarri gisa hartu dira, eta 1.847 zaurgarritzat
  • Ikastetxeen %50,8 dagokion kalteberatasun-indizera hurbildu da; ikastetxeen % 31k ez du esku-hartzerik behar izan; %14,7k ehuneko berari eutsi dio, eta eskolen % 3,3 bere helburutik urrundu da

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, berak hala eskatuta, 2023-2024 ikasturterako ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozesuaren berri emateko. Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosa, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Xabier Aizpurua eta ISEI-IVEIko zuzendari Eduardo Ubieta lagun zituela, prozesuaren alderdi eta datu garrantzitsuenak helarazi dizkie legebiltzarkideei.

Nabarmentzekoa da, Eusko Legebiltzarrak 2022ko apirilaren 7an, besteak beste, ekitatea bultzatzearen eta eskola-segregazioari aurre egitearen aldeko akordioa erdietsi ondoren, Hezkuntza Sailak matrikulazio-sistema berri bat aktibatu duela, ikasle zaurgarrien eskolatze orekatuagoa lortzeko, finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztien bitartez: gizarte-kohesio hobearen aldeko politika, zuzenean gizarte osoan eragina izango duena.

Bere hitzaldian, Bildarratzek matrikulazio prozesua garatu aurretik azken hilabeteetan emandako pausoak gogoratu ditu, hala nola: Eusko Legebiltzarrean segregazioari buruzko diagnosia aurkeztea, Euskadiko eta Kataluniako adituekin egindako analisi partekatua, Eusko Ikaskuntzarekin antolatutako jardunaldiak, apirilaren 7ko Legebiltzarreko akordioaren baitan 43 neurri zehatz definitzea, arlo horretako hainbat aditurekin Legebiltzarrean egindako ponentzia edo Hezkuntza Lege Proiektuan jasotako ekintza zehatzak identifikatzea.

2 urtetik aurrera

Bidea hainbat urtetan zehar egingo dela jakinik, Hezkuntza Sailak onarpen-eredu berria 2 urteko geletarako matrikulazio berriekin hasita aplikatu du. Gela horietan, eta eragin-eremu bakoitzaren eta ikastetxe bakoitzaren zaurgarritasun-indizea erreferentziatzat hartuta, Hezkuntza Sailak erabilgarri dauden plazen ehuneko bat gorde du ikastetxe bakoitzean, eragin-eremu bereko ikastetxe guztien artean ikasle zaurgarrien eskolatzea orekatzeko helburuarekin. Arian-arian, urtero goragoko maila batean eragingo du, hezkuntza-etapa osoa osatu arte. Bi urteko gelen matrikulazioan bultzatu diren berrikuntza nagusiak honako hauek dira: zonifikazioan aldaketak, eskaintza doitzea, plazen erreserba bermatzea, onarpen-prozesu berria aktibatzea eta hurbileko eskolatzeari lehentasuna ematea.

Matrikulazio-prozesuan, familiek nahi izan dituzten ikastetxe guztiak hautatu ahal izan dituzte, lehentasunaren araberako hurrenkeran, haien ezaugarriak kontuan hartuta. Administrazioaren lehentasuna familiei lehen aukera ematea izan da, ahal izan den guztietan.

Datu nagusiak

2 urteko geletako matrikulazio-prozesuaren datu nagusiak aztertuta, azpimarratzekoa da 11.969 eskaera jaso direla. Horietatik 11.252 lehenengo aukeran esleitu dira (guztizkoaren % 94,1). 462 familiari aukeratu duten beste ikastetxe bat esleitu zaie; 255 eskabidetan, berriz, Hezkuntza Sailak familiak eskatu ez duen plaza bat esleitu die. Azpimarratzekoa da azken familia horien kasuan, gehienek ikastetxe bakarra hautatu zutela, eta bertan plazarik lortu ez zutenez -eta familien lehentasunei buruzko informazio gehiagorik ez zegoenez-, administrazioak plaza bat esleitu ziela, hurbiltasun-irizpideari jarraiki.

Hezkuntza-zaurgarritasuna

Hezkuntza-zaurgarritasunearen definizioak ikasleen hainbat egoera jasotzen ditu, baina egoera horietako gehienak oraindik ez daude diagnostikatuta bi urteko matrikulan. Horregatik, ISEI-IVEIk –Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak– familiek izena emateko unean bete duten galdetegi bat diseinatu du. Nazioarteko erakundeek onartutako irizpideetan oinarritutako galdetegiaren helburua da familien egoera sozioekonomikoa identifikatzea eta ikasle kalteberak identifikatzea, horien portzentajea ikasle guztien %15ean kokatuta. Guztira, 10.122 ikasle sailkatu dira ikasle ez-zaurgarri gisa, eta 1847, berriz, zaurgarri. Lurraldeka, Arabak ikasle zaurgarrien %20,4 ditu, Bizkaiak %14,4 eta Gipuzkoak %14,6.

Eragin eremuen araberako analisia

Egoera eragin-eremuen arabera aztertuta, esan behar da Euskadik 179 eremu dituela Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Dena den, egoera oso desberdina da haien artean:

  • 96 eragin-eremutan ikastetxe bakarra dago (publikoa). Eremu horietan ez da inolako egokitzapenik egin beharrik, beren inguruko ikasleak zuzenean eskolatzen baitituzte.
  • 27 eremu, bi ikastetxerekin
  • 56 eremutan ikastetxe gehiago daude (3tik 19ra)

Ikastetxe bakoitzak kasu bakoitzean ezarritako matrikulazio-helburuari dagokionez izan duen bilakaera aztertuta, honako hau adierazi behar da:

  • 160 ikastetxetan ez da esku-hartzerik egin behar izan, haren eragin-eremuko zentro bakarra zelako edo gutxieneko doikuntzak egin behar zirelako.
  • 261 ikastetxetan (guztizkoaren % 50,8), beren eragin-eremuan dagokien zaurgarritasun-indizera hurbiltzen dira.
  • 17 ikastetxe lortu beharreko beren zaurgarritasun-indizetik urruntzen dira, nahiz eta desbideratzea puntu eta erdikoa izan.
  • 76 ikastetxetan, ez dago aldaketarik

Sareen arabera eta salbuespenak

Hezkuntza-sareen arteko matrikulen doikuntzan, 6384 familiak ikastetxe publiko bat eskatu zuten lehen aukera gisa, eta 5585 familiak itunpeko ikastetxe bat. Matrikularen prozesuarekin, eta ahalik eta egokitzapenik handiena bilatuz, ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasleen kopurua 82 ikasletan ugaritu da, ikastetxe itunduetan behera egin duen kopuru berbera.

Matrikulazio-prozesua tresna digitalen bidez garatu bada ere, ezarritako baremoak aplikatuta, Hezkuntza Sailak zenbait egoera berezi izan ditu kontutan:

  • Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak: lehen aukerako ikastetxean plazarik lortu ez zutenei entzunaldia eman zaie, emandako plazarekin pozik dauden edo lehen aukera nahiago duten erabakitzeko. Kasu guztietan, nahi zuten plaza eman zaie.
  • Neba-arrebak ikastetxe berean: 2 urteko eskatzaileen artean, neba-arrebaren bat ikastetxean izanda plazarik lortu ez badu, azkenean plaza eman zaio. Horretarako, ikastetxe horietako plaza planifikatuen kopurua handitu egin da (ez da talde berririk sortu).

Onarpen eta eskolatze-prozesuaren datuak aztertu eta azaldu ondoren, Jokin Bildarratz sailburuak berretsi du beharrezkoa dela gizarte-kohesioan aurrera egiten jarraitzea, eta gizarte osoaren erantzunkidetasuna eskatu du horretarako. Ziur agertu da eskolatze orekatuago batek eragin zuzena izango duela guztiontzako aukera-berdintasuna ekarriko duen gizarte bidezkoago batean. Hori dela eta, nabarmendu du ikasturtean zehar euskal hezkuntza-sisteman sartzen diren ikasleak matrikulazio-aldian aplikatu diren plaza esleitzeko irizpide berberei jarraituz eskolatuko direla.

Bildarratzek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak bultzatutako matrikulazio politika berria aplikatzeak gizarte osoaren konpromisoa eskatuko duela, baita etengabe berrikuspenak egin beharra ere. Anbizio handiko prozesua da, konplexutasun sozial handikoa, eta epe luzerako garapena eta inplementazioa beharko duena, gizarte osoaren eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan.

Iruzkin bat
  • Argazkia Da Ma
    2024-05-07

    No estoy nada de acuerdo que tengan que decidir donde debo matricular a mi hijo/a, Resulta que ahora tambien podeis decidir donde y como debo educar a mi hijo/a. ¿Que sera lo siguiente? Luego direis que el indice de natalidad baja, normal yo no traeria niños a este mundo si despues no puedo ni decidir donde puede estudiar.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)