Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Emantzipazioa bultzatzeko 300 euroko laguntza izapidetzen hasteko Dekretua sinatu du Lehendakariak

2023-05-04
  • Izapide horrek berretsi egiten du emantzipaziorako laguntza berria zuzentzen duen araua 2024aren hasieran onartzeko eta indarrean jartzeko aurreikuspena
  • Lehendakariari dagokio Dekretu hau sinatzea, urritik Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzara atxikita dagoelako
  • Hilean 300 euroko laguntza ekonomiko zuzena da, bi urtez, 25-29 urteko gazteentzat, haien emantzipazio-prozesuari laguntzeko
  • Garrantzitsuena da ez dela ekimen isolatua, eta gazteen autonomia-prozesuak bultzatzeko neurrien ekosistema baten parte dela
  • Joan den martxoaren 21ean onartutako Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren bosgarren trakzio-proiektuaren parte da laguntza hori
  • 2030erako helburua da batez besteko emantzipazio-adina 28 urtera jaistea eta emantzipazio-tasa % 50era igotzea

Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak gazteen emantzipaziorako laguntzak arautuko dituen dekretu-proiektua egiteko prozedura hasten duen dekretua sinatu du.

Hiru asteko aurretiazko kontsulta publikoaren lehen izapidea bete ondoren, Lehendakariak hasierako dekretu hau sinatzeak berretsi egiten du emantzipazioa bultzatzeko laguntza berria zuzentzen duen araua 2024aren hasieran onartzeko eta indarrean jartzeko aurreikuspena.

Lehendakariari dagokio hasierako dekretu hau sinatzea; izan ere, joan den urritik, Gazteria Zuzendaritza eta gazte-politika publikoen sustapena eta koordinazioa Lehendakaritzari atxikita daude, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren bidez.

Bi urteko epean, 300 euroko zuzeneko dirulaguntza aurreikusten da, hilean, 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, baldin eta emantzipazio-prozesu bat hasi badute edo hasiko badute eta urteko errenta 28.000 eurotik gorakoa ez bada.

Onuradunek Euskadin erroldatuta egon beharko dute eskaera egin aurreko urtean, eta azken hamar urteetan hiru urtez erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute. Bikotekidearekin edo beste pertsona batzuekin bizi diren gazteen kasuan, legokiekeen zenbatekoa murriztuko zaie.

Programa honen helburua gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, beharrezkoa eta egokiagoa denean laguntza edo bultzada emanez. Euskadiko gazte gehienak 30 urtetik aurrera emantzipatzen dira. 25-29 urtekoen taldean, emantzipatutako pertsonen ehunekoa % 32,8 baino txikiagoa da.

Neurri hori, zalantzarik gabe, ekimen garrantzitsua denez, agian garrantzitsuena da ez dela jarduketa isolatua. Ikuspegi demografikotik eta zeharkako gazte-politiken ikuspegitik, belaunaldi gazteekin autonomia-prozesuetan eta bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzeko prozesuetan laguntzera bideratutako neurrien ekosistema baten parte da.

25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat hilean 300 euroko laguntza horri gehitu behar zaizkio hiru urtera arteko seme edo alaba bakoitzeko hilean 200 euroko laguntza, Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak (hilean 300 eurora irits daitezke), Haurreskolen 0-2 urteko etaparen doakotasuna, ondorengoengatiko kenkari fiskalak, edo kontziliazioaren arloan indarrean dauden neurriak.

Eta, horrekin batera, enplegua eta enplegurako prestakuntza sustatzera bideratutako neurrien multzoa, Gazte Enplegurako Talka-planaren bidez, gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzea; eta kohesioa sustatzea eta bazterketa prebenitzea, adina aurreratuz DSBEa eskuratzeko edo Trapezistak programa bezalako jarduerak garatuz, familia-sarerik gabeko gazteei gizarte-bazterkeriarik ez izateko.

Neurri horiek Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren parte dira. Estrategia hori joan den martxoaren 21ean onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Estrategia horrek gazteriari buruzko legearen eta erronka demografikoko estrategiaren aurreikuspenak garatzen ditu, hurrenez hurren 2022ko martxoan eta ekainean onartuak.

2030erako duen helburua da batez besteko emantzipazio-adina 28 urtetik behera murriztea eta emantzipazio-tasa % 50era igotzea. Hamar trakzio-proiektu eta 27 ekimen osagarri biltzen ditu, bost eremutan egituratuta: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Emantzipaziorako laguntza hori bosgarren trakzio-proiektuari dagokio.

Iruzkin bat
  • 2023-05-04

    Muchas gracias por firmar el decreto de ayuda de emancipacion de ayuda

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)