Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

6 milioi kilo antxoa eta 11,6 milioi kilo berdel inguru deskargatu dira Euskadiko portuetan

2023-05-05
  • Aurten, berdela estreinatu da Eusko Label produktu gisa eta hirugarren urtez jarraian “Eusko Labeldun antxoa” Euskadiko arrandegietan aurkitu ahalko da kalitatezko produktu fresko gisa, euskal flotan harrapatutakoa

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz gaur goizean Antxua Eguneko ekitaldien buru izan da. Ekitaldia Getarian (Gipuzkoa) ospatu da, eta antxoaren eta berdelaren arrantzari buruzko datuak aurkeztu dituzte. Oroz sailburuordearekin batera honako hauek egon dira: Getariako alkate Haritz Alberdi, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkue, Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urresti eta Bizkaiko Kofradietako presidente Eusebio Arantzamendi.

Maiatzaren 1ean aurkeztutako datuek adierazten dute euskal portuetan deskargatutako antxoa kilo kopurua 5.926.506 izan dela, 1,89ko batez besteko prezioan. Horietatik, 3.241.124,29 kilo Euskadiko flotak deskargatu ditu, 1,97 euro/kiloko batez besteko prezioan, eta fakturazio globala 6.377.612,23 eurokoa izan da. Antxoaren estatuko kuota 30.182.218 eurokoa izan da arrantza honetan.

Gipuzkoako portuek (Getaria, Pasaia eta Hondarribia) 2.672.528 kiloko deskarga-kopurua erregistratu dute, 1,92 euro/kiloko batez besteko prezioan. Bizkaian (Bermeo, Ondarroa eta Santurtzi) deskarga-kopurua 3.250.000 kilo ingurukoa izan da, 1,87 euro/kiloko batez besteko prezioan.

Oroz sailburuordearen hitzetan, “arrantzaldiak orain arte izan duen garapena pozgarritzat jo daiteke, bai harrapaketengatik, bai lortutako batez besteko prezioagatik; izan ere, bi kasuetan duela urte bateko datuak baino hobeak izan dira. (3,9 milioi kilo 1,08 euro/kiloan)”

Berdelaren datuak

Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, Euskadiko portuetan hilabete hasierara arte deskargatutako kilo kopurua guztira 11.625.796 kilokoa izan da, 1,05 euro/kiloko batez besteko prezioan. Horietatik, euskal flotaren harrapaketak 7.424.392 kilokoak izan dira, 0,99 euro/kiloko prezioan, eta fakturazio globala 7.424.392 eurokoa izan da.

Gipuzkoako portuek 3.794.825 kiloko deskarga-kopuruak erregistratu dituzte, eta batez besteko prezioa 0,88 euro/kilo izan da. Bizkaian 3.700.000 kilo inguruko deskargak egin dira, eta batez besteko prezioa 1,11 euro/kilo izan da.

Orozen arabera, berdelaren egungo arrantzaldiak erritmo onarekin egiten du aurrera, eta amaitzear dago, nahiz eta, “kontuan hartuz berdelaren 10.729.153 kiloko kuotaarrantzatzen duten ontzidi mota desberdinen artean banatzen dela, harrapaketen arloko balantzea aldakorra da, eta aurreko urtearekin alderatuz, batez besteko prezioa baxuagoa izaten ari da, iaz 1,42 euro/kiloko batez besteko prezioa izatera heldu zen”.

Eusko Label duten Berdela eta Antxoa

Aurten, Eusko Labeldun berdela egiaztagiri hori duten produktuei gehitu zaie, eta kalitate-egiaztagiri horrek euskal ontzidiek gure itsasertzetan arrantzatutako berdelaren freskura, tamaina eta zaporea bermatzen du.

Era berean, ondoz ondoko hirugarren urtez, Eusko Labeldun antxoa Euskadiko arrandegietan dago euskal ontzidiak harrapatutako kalitatezko produktu fresko gisa. Euskadiko portuetan errematatu diren eta ezarritako gutxieneko tamaina eta exijitutako kalitate-baldintzak betetzen dituzten aleek bakarrik lortzen dute Eusko Label marka. Arrantza tradizionaleko aparailuekin baxurako arrantza egiten duten Euskadiko ontzidiko baimendutako ontziek arrantzatu behar izan dituzte.

Eusko Label duten berdela eta antxoa kaxak identifikatzen dituen etiketa zenbakituarekin bereizten dira, eta bertan salmentaren eguna eta portua agertzen da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Getariako alkate Haritz Alberdi, Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urresti eta Bizkaiko Kofradietako presidente Eusebio Arantzamendi