Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2023/05/05)

2023-05-05

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herri-itunen beharrari buruz.

Lehendakari baieztatu du aurrean ditugun erronka handiei aurre egiteko Herri Akordioak gauzatzeko erabateko borondatea duela. “Ez dira edukirik gabeko hitzak, Legebiltzar honetan egiazta daitezkeen ekintzak baizik. Gobernu honek, gehiengo osoa izanda ere, ibilbide luzea du oposizioarekin akordioak lortzen. Izan ere, lortutako akordioen erdiek baino gehiagok Ganbera honetako talde baten edo biren parte-hartzea izan dute gutxienez, Gobernuari babesa ematen diotenez gain”, adierazi du. 

Zentzu honetan, Urkulluk gogorarazi du akordiorako aukera berriak daude, hala nola izapidetzen ari diren zazpi lege-proiektuak, hala nola Hezkuntza; edo prestatzen ari diren aurreproiektuak, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. “Atea irekita dago”, gaineratu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hezkuntzaren lege-proiektu berriaren desfase ekonomikoari buruz.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du EZ dagoela desfase ekonomikorik hezkuntzaren lege-proiektu berrian, eta argitu du gauza bat Hezkuntza Legea onartzearen ondoriozko aurreikuspenak direla, hau da, onartzen denerako aurreikuspenak, eta beste bat, oso bestelakoa, 2023ko aurrekontuak, 2022ko abenduan onartuak eta exekutatzen ari direnak.

Aurrekontu Zuzendaritzaren txostenak honela dio, hitzez hitz: "Justifikatzen da Legetik eratorritako edozein konpromiso ekonomiko ez dela gertatuko esparru juridiko honen erregulazioan, baizik eta esparru hori aplikatzean, ondorengo erregelamendu-arauak garatuz". Hau da, ez aurrekontu honetan, baizik eta hurrengoetan, legea onartu ondoren.

“Badakizue lege-proiektuak leialtasunez jasotzen duela Hezkuntza Itunean ezarritakoa. 14 hilabeteko lanaren eta jarraipen zorrotzaren ondoren, zuek kanpoan geratzea erabaki duzue, ekarpenik ez egitea. Argudiorik eta arrazoirik gabe erabaki duzue. Badakizue, eta badakigu, Hezkuntza Itunean hartutako konpromiso guztiak betetzen ari direla”, adierazi du Lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzaren lege-proiektuari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du EZ dagoela alderik Hezkuntzaren Lege Proiektuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzaren etorkizuneko benetako erronken artean, izan ere, lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera iritsi baita hezkuntza-komunitatearekin eta legebiltzar-taldeekin luze eztabaidatu eta hausnartu ondoren. Hezkuntza Sailera bidalitako ehunka proposamen aztertu dira, eta ekarpen eta proposamen horiek guztiak Hezkuntzak Euskadin izango dituen etorkizuneko erronkei erantzutera bideratuta daude.

Horrela, Iñigo Urkulluk lege-proiektuan identifikatuta dauden euskal hezkuntzaren etorkizuneko erronkak errepasatu ditu: ikastetxe guztiak barne hartzen dituen sistema bat nahi dugu, kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzen jarraituko duena, segregazioaren aurka borrokatuko duena, ikastetxeen autonomia handiagoa eta udalen parte-hartzea, ikastetxe bakoitzaren beharren neurrira egindako hizkuntza-proiektuak, edo berrikuntzaren aldeko apustu sendoa. “Euskadi herrialde modernoa da, gizarte-desberdintasunen aurka borrokatuz eta ekitatea bermatuz aurrera egiten ahalegintzen dena; kalitatea hobetuz eta bikaintasuna sustatuz. Horiek dira etorkizuneko hezkuntza-komunitateak eta Euskal Hezkuntzarako Ganbera honen gehiengoak zehaztu dituzten benetako erronkak”, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hezkuntzaren lege-proiektuari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Hezkuntza gure herritarren, hezkuntza-komunitatearen eta familien inplikazioarekin eta konpromisoarekin eraikitako zutabea dela. “Pentsamendu libreko gizarte bat gara, Hezkuntzan ekitatea eta bikaintasuna hobetzeko egunero lan egiten duena, ikasle bakoitzarentzat orainaldi eta etorkizun hobe baten zerbitzura”, gaineratu du.

Urkulluk 40 urtez euskal gizarteak jasan zuen hezkuntzaren ideologizazio sakona ekarri du gogora, pentsamendu bakarra eraikitzeko ideologizazioa, bestelako iritzia zuena isilarazi zuena. Ildo horretan, adierazi du duela 30 urtetik hona Hezkuntza tresna eraginkorra izan dela, eta, zalantzarik gabe, oreka eta iraunkortasun handiz garatu behar izan dela. “Orain guri dagokigu, Ganbera honetan euskal gizartearen ordezkari garenoi, Hezkuntza eguneratzea, modernizatzea eta eraldatzea datozen 20 edo 30 urteetarako. Badakit ez dugula zuen laguntzarik izango. Izan ere, harritu egingo nintzateke eta, batez ere, kontrakoak kezkatuko ninduke”, esan du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gose-greban zegoen ETAko preso batekin lortutako akordioei buruz.

Lehendakariak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du akordiorik lortu Garikoitz Etxeberria ETAko presoarekin gose-greba eteteko, ezta zaintzako epaileak ere, azken horri dagokio espetxe-legezkotasuna zaintzea.

Hala, gertakarien errealitatea azaldu du: “Garikoitz Etxeberria presoa apirilaren 14an sartu zen Arabako espetxean, eta izapideak eta ohiko elkarrizketak egin ondoren, bere modulua esleitu zioten. Presoak uko egin zion ziega beste norbaitekin partekatzeari. Presoak apirilaren 16an jakinarazi zuen patioko greba hasten zuela, eta apirilaren 19an gose-greba hasten zuela. Kartzelako jantokiko greba, zehatzago esateko. Presoak 6 egun geroago utzi zuen protesta”.

Gainera, Iñigo Urkulluk gogorarazi du ETArekin lotura izateagatik zigortutako pertsonek gainerako presoen eskubide eta betebehar berberak dituztela. “Eskubide eta betebehar BERBERAK. Ez gehiago, ez gutxiago. Ez pribilegiorik, ez salbuespenik”, zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)