Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 860.000 euro bideratuko ditu musika-jarduera profesionala sustatzera, iaz baino 20.000 euro gehiago (Gobernu Bilera 2023-05-02)

2023-05-02

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzen deialdia onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Guztira 860.000 euro bideratuko dira musika ekoizpena, sustapena eta zabalkunde proiektuak laguntzeko. Aurten gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak deialdiaren diru kopurua 20.000 eurotan handitu du iazkoarekin konparatuta. Helburua da  musikagintzaren balio kate osoa indartzea, hau da, sorkuntza, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz. 

Guztira bost kategoriatan banatzen dira diru-laguntza hauek eta igoera orokorra izan da, batez ere “musika proiektu unitarioaren” modalitatean aurreko urteetan izandako eskari-kopurua handia aztertu eta gero.

  • Partituren edizioa: partituren edizio eta banaketa profesionaleko proiektuak laguntzeko 45.000 euro bideratuko dira beti ere Euskadi jaio edo bizi diren egileek osatutako lanak argitaratzeko. Honez gain, egileek 2020 urtea baino lehen musika-jarduera izatea eta urte horretatik aurrera 3 obra argitaratu izana eskatuko da.
  • Musika-proiektu unitarioak: musika-proiektuak  finantzatzera 285.000 euro bideratuko dira. Gutxienez bi disko kaleratuta dituzten musika-taldeak izan beharko dira, lehenengoa 2018. urtea baino lehen, eta bere musika ibilbide osoan zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional eginda izan behar dituzte.
  • Musika-ekimen enpresarialak: 245.000 euro erabiliko dira musika ekoizpenean, musika-jardueraren ikerketan edo zabalkundean eta publikoaren formakuntza eta sentsibilizazioan lan egiten duten musika-proiektuak diruz laguntzeko.
  • Zuzen-Zuzenean Zirkuitua: zuzeneko musika-aretoen jarduera babesteko eta laguntzeko  220.000 euro.
  • Musika-zikloak: ekimen pribatutatik bultzatutako musika-ziklo espezializatuak laguntzeko 65.000 euroko aurrekontua egongo da. Zikloek musika genero baten espezializatua izan beharko dute, gutxienez lau hilabeteko egutegia eta 12 kontzertu izan beharko du zikloak, beste eskakizunen artean.

Interesa dutenek maiatzaren 13tik  aurrera hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko. Ondoren modalitate bakoitzerako sortuko den balorazio batzorde batek aztertuko ditu eskaerak. 

Iaz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 85 proiektu babestu zituen musika-jarduera profesionala laguntzeko dirulaguntzen deialdi honekin. Partituren ediziorako 7 dirulaguntza eman ziren, 47 musika proiektu unitario lagundu ziren, 16 musika ekimen enpresarial, zuzen-zuzenean kategorian 11 proiektu eta lau musika ziklo. Iazko deialdian dirulaguntza jaso zutenean artean daude besteak beste, Baga-biga produkzioak, Albia Kafe Antzokia, Asociación Kuraia-grupo de música contemporánea  de Bilbao, Baga-Biga produkzioak, Zea Mays, Gontzal Mendibil, Garikoitz Mendizabal, Eneritz Dueso, Euskal Herriko Txistulari Elkartea edo Asociación musical Sinkro.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko