Eman odola!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Osakidetzak inoizko enplegu publikoaren eskaintzarik handiena egin du

2023-05-02

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera. Sagarduik Osakidetzaren historiako Lan Eskaintza Publikorik handiena eta jendetsuenaren berri eman du. 

2020, 2021 eta 2022ko EPEko eta 2021eko egonkortzeko probak aurtengo uztailean eta azaroan egingo dira, Gasteizko UPV/EHUko campusaren eta Barakaldoko BECen artean banatuta. 

Lan-eskaintza publiko berri honetan, Osakidetzak 7.639 plaza jarri ditu mahai gainean, 110 lanbide-kategoriatan banatuta, eta horrek Osakidetzaren historian enplegu publikoa egonkortzeko eta finkatzeko prozesurik jendetsuena bihurtzen du. 

Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ahalegina nabarmendu du. Izan ere, lau urteko horretan 4 mila plaza egonkortzeko konpromisoa hartu zuen, eta, pandemia gorabehera, EPE honekin eta 2018-2019ko aurrekoarekin – gaur egun merituen balorazio-fasean –, 11 mila plaza lortuko ditu, hau da, Osakidetzako langileen heren bat. Hain zuzen ere, deialdiak Sagarduik zuzentzen duen Sailaren 2020-2024 Esparru Estrategikoan jasotako erronka nagusietako bati erantzuten dio: enplegua sendotzearen aldeko apustua, plantilla handitzera bideratutako neurriekin, Osakidetzako langileei lan-egonkortasun handiagoa emateko. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Hezkuntza arloan, alde batetik, Gobernu Kontseiluak Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harremanak dituzten federazio eta elkarteentzako dirulaguntzen deialdia onartu du. Agindu honen arabera, 1.300.000 euro banatuko dira aipaturiko ikastetxeek euren hizkuntza-proiektuak gara ditzaten, hau da, ikastetxeko hizkuntza-proiektu eleanitzak lantzeko. Bozeramaileak azaldu duenez, deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango dira irakasleen prestakuntza jarduerak, beti ere ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko proiektuei loturikoak.

Bestalde, eta irakasleen formakuntzarekin jarraituz, onartu da ere Lanbide Heziketako zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeetan prestakuntza-jarduerak diruz laguntzea. Prestakuntza-jarduera horiek 2023-2024 ikasturtean burutuak izan beharko dute eta deialdiak ia 300.000 euroko diru kopurua du.

Gogora institutuaren eskutik datorren iniziatiba bat onartzea erabaki du gaurkoan Jaurlaritzak, hain zuzen ere memoria historikoa eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borrokan 1936-1977 urte bitartean egin zen lanaren ikerketa, berreskuratzea eta zabalkundea helburu duten proiektak finanziatzeko deialdia onartu da. Deialdi hau 112.000 €-koa da, eta memoria historikoan diharduten elkarte eta fundazioek gauzatutako ekimenak sustatzera bideratuta dago.

Halaber, bizikidetzako eta gizarte-topaketako kultura sustatzeko Elkarrekin Bonuen programarako aurtengo deialdia onetsi da gaurko bileran. Deialdiak 500.000 euroko aurrekontua du eta hiru eremutan banatuta: tokiko bizikidetza, hezkuntzakoa eta herritarren partaidetzakoa. Bingen Zupiriak adierazi duenez, irabazi-asmorik gabeko entitateen eta udal-erakundeen arteko baterako proiektuak finantzatuko dira deialdi honen bidez eta helburua da gizarte-eragileen arteko elkarlana sustatzen jarraitzea, gizartearen eremu guztietan bizikidetzako eta giza eskubideekiko errespetuko kultura bultzatzeko atal hauetan oinarrituta: bakea, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea eta gatazken ebazpena.

Eta amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eskutik musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzen deialdia onartu da, guztira 860.000 eurokoa musika ekoizpena, sustapena eta zabalkunde proiektuak laguntzeko. Aurten deialdiaren diru kopurua 20.000 eurotan handitu da iazkoarekin konparatuta eta, sailburuak nabarmendu duenez, helburua da musikagintzaren balio kate osoa indartzea, hau da, sorkuntza, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana, beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz.

Gai zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2023-05-02

    Comentario de Twitter:
    🔹Elkarte edo fundazioek memoria berrezkuratzeko dirulaguntza
    🔹Elkarrekin Bonu Programaren deialdia

    https://t.co/Vo8St10HZN

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak