
Eusko jaurlaritzak epea ireki du finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoekiko atxikipenari bide emateko laguntzak eskatzeko
Osasun Sailak eskabideak telematikoki izapidetzea gomendatzen du; aurrez aurre egitea aukeratzen bada, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuen bulegoetan izapidetu daitezke
Eusko Jaurlaritzak bihar irekiko du Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean tratamendu medikoekiko atxikipena ziurtatzeko eta pertsona batek ere agindutako medikazioa hartzeari motibo ekonomikoengatik uzten ez diola bermatzeko laguntzak eskatzeko epea. Gaur EHAAn Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren agindua argitaratu ondoren, eskabideak aurkezteko epea bihartik, apirilaren 28tik, maiatzaren 10era arte egongo da zabalik.
Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren aurka une oro erakutsi duen jarrera dute testuinguru; Euskadi Estatuan lehen erkidegoa izan zen errenta baxuko pertsonentzako eta gizarte-egoera ahuleko taldeentzako (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) konpentsazio-neurriak ezartzen, pertsona batek ere agindu dioten medikazioa motibo ekonomikoengatik hartzeari uzten ez diola bermatzeko.
Apirilaren 28an hasiko den deialdia, 2022 ekitaldian, 2022ko abenduaren 1aren eta 31ren arteko gastu-aldiari dagokiona da, eta, 2023 ekitaldian, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa.
Laguntza horien hasieratik –hamargarren urtez jarraian emango dira–, 758.000 eskabide baino gehiago izapidetu ditu Eusko Jaurlaritzak, 41,5 milioi euro baino gehiagoan. Joan den 2022. urtean Eusko Jaurlaritzak 2.101.988 euro bideratu zituen 2021eko deialdiaren bigarren epeari eta 2022ko deialdiaren lehen epeari dagozkien laguntzen onuradunetara. Gogorarazi behar da 2021ean botikan ordaintzetik salbuetsita dauden kolektiboen kopurua areagotu zela.
Osasun Sailak eskabidea Interneten bidez izapidetzea gomendatzen du, Eusko Jaurlaritzaren webguneko honako helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/servicios/336316 eta https://euskadi.eus/servicios/0336319.
Aurrez aurre aurkeztu nahi bada, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza Euskadiko osasun-zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrei Arreta emateko Zerbitzu Bulegoetan aurkeztu ahalko da.
Aipatu behar da laguntzen ordainketa ez dela aurkezpenaren hurrenkerari jarraikiz egingo.
Laguntza horien onuradunak honako hauek izango dira: Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta haien onuradunak, baldin eta urteko errentetan 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular badira; langabeziako lege-egoeran daudenak eta haien onuradunak, baldin eta urteko errentetan 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular badira; lanagatiko diru-sarreren errenta osagarriaren modalitatean diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako osasun-txartel indibidualaren titular diren pertsonak, eta Espainiako estatuan egoiliar gisa erregistratuta eta baimenduta ez dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoak emandako eskubide horren aitorpena egiaztatzeko dokumentua duten atzerritarrak.
Bi eskabide-modalitate daude: sinplifikatua, nagusiki OTI txartela duten eta Euskadiko farmazietan gastu farmazeutikoak egin dituzten pertsonei zuzendua, eta arrunta, Euskaditik kanpoko farmazietan gastu farmazeutikoak egin dituzten pertsonei zuzendua, baita MUFACE, MUGEJU eta ISFASeko mutualistei ere.
Eskatutako laguntzak bi epetan ordainduko dira (2023ko hirugarren hiruhilekoan eta 2024ko lehen hiruhilekoan), eskabidea 2023ko ekainaren 10aren aurretik aurkezten bada. Eskabidea 2023ko ekainaren 10aren ondoren aurkezten bada, ordainketa bakarra egingo da, 2024ko lehen hiruhilekoan.