Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta Sareen Sareak bat egin dute Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategiarekin

2023-04-24
  • Nerea Melgosak nabarmendu duenez, “Euskadi, gaur egun, prestatuago dago indarkeria mota guztiei aurrea hartzeko, baita garaiz antzemateko eta garaiz esku hartzeko ere”
  • Bihar ospatuko da Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, gaur, Eusko Jaurlaritzak jardunaldi bat egin du era guztietako adituekin

 

Vitoria-Gasteiz, 2023/04/24

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak balioa eman dio Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategiari (2022-2025). Duela urtebete onartu zen, eta orain arte atxikimendu handiak izan ditu. Izan ere, zehaztu duenez, Hezkuntza, Osasuna, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak sailek, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta Sareen Sareak, besteak beste, bat egin dute estrategiarekin. Dokumentu horrek “aurrerapen berri eta indartsuak ekarriko ditu”.

Ospakizunaren barruan, asteartean ospatuko dena Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Nerea Melgosak Zentzumen guztiak haurren eta nerabeen indarkeriaren aurka: eskubideak sustatzea eta prebentzioa jardunaldia inauguratu du gaur goizean, eta “haur eta nerabeenganako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa” berretsi du.

Sailburuak adierazi duenez, haur eta nerabeekin lan egiten duen erakunde bakoitzak bere eskumenen esparruan eta legeak ematen dizkion eginkizunak betez egiten du. Bakoitzak bere planak eta erreferentziazko beste dokumentu batzuk ditu, tratu txarrei aurre egiteko egiten dituen ekintzak biltzen dituztenak.

“Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategiak indartu egiten du lan hori”, esan du Melgosak. Halaber, ikuspegi partekatuak identifikatu eta proposatu nahi dituen esparru-estrategia bat dela azpimarratu du. “Esperientzia hori guztia, metatutako ezagutza eta eragile anitzek egiten dituzten ahaleginak artikulatzeko esparrua” dela esan du.

Melgosak nabarmendu duenez, Estrategiak, bere atxikimenduek eta azken urte honetan egindako lanak bide ematen diote Eusko Jaurlaritzari gaur egun Euskadin “indarkeria-mota guztiak prebenitzeko prestatuago egoteko, baita goiztiarrago antzemateko eta indarkeria-egoeretan goiz esku hartzeko ere. Prestatuago gaude, halaber, arretan eta babesean integraltasun handiagoa eskaintzeko, eragindako kalte guztiak konpontzeko, baita erakundeen arteko lankidetza hobetzeko eta gure erakunde-sarearen lankidetza sendotzeko bidean aurrera egiteko ere”.

“Errealitatea gehiago eta hobeto ezagutzen duen, ezagutza sortuko duen, etengabe hobetuko duen eta adingabeei kalitatezko arreta eskainiko dien erakunde arteko sistemaren alde egiten dugu”, adierazi du.

Barnahus

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Barnahus ere aipatu du bere hitzaldian. Adingabeen sexu-indarkeria kasuetan laguntza integrala emateko zentroa da Barnahus, eta modu pilotuan egingo da Gasteizen. Adierazi duenez, orain ahaleginak egiten ari dira “edukiari” lehentasuna emateko.

Zehaztu duenez, aurrerapausoak ematen ari dira lokala egokitzeko obra prestatzen eta eratu aurreko proba egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak (informatikoak eta teknologikoak) hornitzen eta ezartzen. Fluxugraman jaso dira, halaber, sistema guztiek adostutako protokoloei egindako ekarpenak. Eta talde teknikoak profesionalek jaso beharreko prestakuntza definitu du.

Prestakuntza, zenbait mailatan gauzatuko da:

  • Prestakuntza espezializatua eta jarraitua Barnahusekin harreman zuzena duten profesionalentzat.
  • Sexu-indarkeria jasan duten adingabeei laguntzen diharduten profesionalentzako prestakuntza espezializatua.
  • Sistemei buruzko prestakuntza espezializatua, prestakuntza presentziala, txostenak, tailerrak... (gizarte-zerbitzuak, sistema judiziala, osasuna, hezkuntza, segurtasuna, abokatutza) konbinatuz.
  • Online prestakuntza haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalentzat (prebentzioa, identifikazioa, jarduteko prozedurak...).

Jardunaldia Europa Jauregian

Gaurko jardunaldian, Zentzumen guztiak haurren eta nerabeen indarkeriaren aurka: eskubideak sustatzea eta prebentzioa izenekoan, arlo horretako ia ehun aditu bildu dira Gasteizko Europa Jauregian.

Euskal Estrategia aitzindaria da Estatuan, eta lau ardatz estrategiko handitan egituratu da. Jardunaldia lehenengoa sustapenean eta prebentzioan oinarritu da. Ardatz horren bidez, haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitu nahi da, giza eskubideen urraketa horren prebalentzia murrizteko. Horretarako, tratu onaren kultura, eremu seguruak eta haien eskubideen erabilera sustatu nahi dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)