Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Nerea Melgosak biktimak erdigunean jartzeko eskatu du, “ez ditzagun zifra bilakatu, politika baten helburu”

2023-04-21
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Legebiltzarreko eskaera bati erantzun dio, eta “berbiktimizazioa erabat saihesteko” eskatu du
  • Gainera, Udaberri Planak “erritmo konstantea” daramala nabarmendu du

Vitoria-Gasteiz, 2023/04/21

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarrean biktimak erdigunean jartzeko eskatu du. “Ez ditzagun zifra bilakatu, politika baten helburu. Politika horren subjektu izan daitezela. Ez gaitezen haien mina eta sufrimendua xede politikoekin erabiltzeko tentaldian erori, eta ez dezagun berbiktimizazioa eragin. Begietara begiratu behar diegu eta zera galdetu: zer behar duzu? Zer egin dezaket zugatik? Eta, batez ere, entzun ditzagun”.

Carmelo Barrio Alderdi Popularreko legebiltzarkidearen eskaerari erantzuteko, Melgosa sailburuak biktimei laguntzeko hausnarketa egin eta bere buruari galdetu dio: zer esan nahi du laguntzeak? “Funtsezko hitza da”, esan du. Osatzen laguntzea, berreraikitzen, identitate positiboa berreskuratzen, funtsezko ongizatea berreskuratzen. Eta zer esan nahi du horrek? Berreraikuntza eta osatze horrek dimentsio bikoitza du: banakoa eta komunitarioa”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaian sakondu du eta, esan duenez, "horrek izaera terapeutikoko banako dimentsioa dakar, nolabait esateko, eta, jakina, oso garrantzitsua da. Baina dimentsio komunitarioa ere badu, eta hura banakoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da. Dimentsio komunitarioan haren sufrimendua eta bidegabekeria aitortu behar dira sozialki. Dimentsio komunitarioan arduradunak ezin dira zigorrik gabe utzi, eta memoriak eta egiak –egia, bakarra dena– osatzeko duten ahalmena aitortu eta aplikatu behar da”.

Nerea Melgosak nabarmendu du, era berean, Udaberri Plana “erritmo konstantean” doala, baita eta “oso bereziki” biktimekin eta haien aitorpen legal, instituzional, sozial eta moralekin zerikusia duten lehen bi ekintza-ildoetan ere.

Hala, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako EAEko Batzordeak zenbait proiektu dituela abian nabarmendu du, besteak beste:

  • Terrorismoaren biktimei buruzko EAEko Legea aldatzeko egokitasunaren inguruko aukeren balorazioa
  • Udal-mailan biktimak aitortzeko egiten diren erakunde-ekimenen mapaketa
  • 2022-2023 ikasturtean biktima hezitzaileen Adi-Adian programa ezartzea EAEko ikastetxe eta unibertsitateetan
  • Biktimek Justizia Sailburuordetza buru duen justizia errestauratiboaren estrategian parte hartzea
  • ETAren terrorismoak espetxeetako funtzionarioetan sortutako sufrimenduari buruzko Txostena amaitzea eta argitaratzea

Sailburuak oraintsu izan diren lau ekimen ere aipatu ditu, 2023ko martxo eta apirilekoak:

  • Terrorismoaren biktimen elkarte autonomikoen topaketa bat, martxoaren 9koa, Eusko Legebiltzarrean, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Eguneko ekitaldien barruan. Topaketan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako EAEko Kontseiluko kideek eta Tomás Caballero Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren presidenteak parte hartu zuten.
  • Martxoaren 10ean, Villa Suso jauregian, osatu gabeko argitze-kasuen ETAren terrorismoaren biktimen senideei Oroitzapen eta Aitorpenerako Koaderno berrien berrogeita hamar bat aleren entrega.
  • Martxoaren 24an, hiru gazte galegoak –José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga– oroitzeko eta omentzeko ekitaldia izan zen, ETAren eskuetan behartutako desagerpenaren 50. urteurrenean. Gogorak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak elkarrekin antolatutako ekitaldi bat.
  • Eta Berridatzi elkarteak gure Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzarekin batera aste honetan bertan Donostian antolatutako jardunaldia: Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak.

 

Honekin batera doakizu osoko bilkurako argazkiak eta bideoak aurkitzeko esteka:

https://hodei.legebiltzarra.eus/index.php/s/xLRL3jD91oOCKBj

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)