Berriak Lehendakaritza
Eu

Ertzaintzak 8.000 agente izango ditu lehen aldiz, XXIII. promozioarekin

2011.eko abenduak 16

Ertzain berriek urte eta erdi emango dute praktiketan Herritarren Segurtasunean, Brigada Mugikorrean, Errefortzu Taldean eta Trafiko Unitateetan

Ertzaintzaren 221 agente berrik euren egiaztagiri profesionalak jaso dituzte gaur Arkautin, Unitateetan zerbitzua ematen hasi aurretik. 172 gizon eta 49 emakume dira, 20 eta 35 urte bitartekoak, eta Ertzaintzaren plantila historian lehen aldiz 8.000 agentera eraman dute, 2004an Segurtasun Batzordean Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adostu bezala. Urte eta erdiko praktikaldia egingo duten lehenengo ertzainak dira, eta denbora horretan euren lana, besteak beste, Brigada Mugikorrean, Errefortzu Taldean eta Trafiko Unitateetan egingo dute, ohi bezala Herritarren Segurtasunerako lanetan egiteaz gain. Agente berriak datorren ostegunean hasiko dira lanean.

Patxi López lehendakariak nabarmendu du ertzainak «euskaldunon askatasunak, berdintasuna eta bizikidetza bermatu behar dituen sistemaren funtsezko pieza» direla, eta ertzain berriei eskatu die ez dezatela ahaztu «sistema demokratikoaren eskubide eta askatasunen bermatzaile nagusiak» direla.

Ertzaintzaren XXIII. promozioko ertzainei egiaztagutunak emateko ekitaldia egin da Arkauten. Ekitaldiaren buru izan da, bada, Patxi López lehendakaria. Rodolfo Ares barne sailburua ere bertan izan da. Lópezek nabarmendu duenez, «asko kostatu zaigu», baina azkenean lortu dugu Ertzaintzako promozio bat kalera atzeratzea ETAren mehatxurik gabe.

XXIII. promozioa zerbitzuan jarrita, Ertzaintzak 8.000 agenteko plantila ofiziala osatuko du bere historian lehen aldiz. Herrizaingo Saileko eta Barne Ministerioko arduradunek duela zazpi urte adostu zuten kopuru hori, Ertzaintzak bere eskuduntzak osotasunean garatu ahal izateko.
Azken urteotan, hainbat promozio izan dira Ertzaintzaren Arkautiko Ikastegian, egungo zifrara (8.000) heldu arte plantila modu progresiboan handituz joateko.

Prozesu luzea
Ia 6.000 eskabide aurkeztu zituzten 2010ean Ertzaintzaren XXIII. promozioan sartzeko; 28,95 pertsona postu bakoitzeko (inoiz izan den proportzio handienetakoa). Hautaketa prozesuko lehen azterketa 2010eko uztailaren 7an egin zuten, Barakaldon, BEC erakustazokan, eta ia 3.000 hautagai aurkeztu ziren bertara. 2011ko martxoaren 1ean oinarrizko prestakuntza emateko ikastaroa abiatu zuten Arkautin, eta gaur bukatu da, ia bederatzi hilabete geroago, kredentzialak emateko ekitaldiarekin. Datorren astelehenean, hilaren 19an, agente berriak lanean hasiko dira praktiketako destinoan.

XXIII. promozioko agenteak polizia lanarekin lotutako hainbat alorretan (zuzenbidea, trafikoa, larrialdiei aurregitea, izapideak egikaritzea) trebatu dituzte, eta diziplina fisiko ezberdinak, euskara eta abar landu dituzte. Oinarrizko ikastaroaren prestakuntza ofiziala hainbat erakundetara bisita eginda osatu dute; besteak beste, Eusko Legebiltzarrera eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegira joan dira, horien funtzionamendua bertatik bertara ezagutu eta benetako prozesuak ikusteko. Lehergaiak segurtasunez erabiltzeko ikastaroak, lan arriskuak prebenitzekoak, Euskal Herriko immigrazioaren errealitatea ezagutzekoak, eta beste hainbat ikastaro ere jaso dituzte.

Hamazortzi hilabeteko praktikaldia
18 hilabeteko praktikaldia egiten duen Ertzaintzaren lehen promozioa izango da XXIII.a, orain arte 12koa egin baitute. Erabaki hori ebaluazio sistema hobetu eta prestakuntza osoa emateko hartu zuen Euskal Herriko Polizia Ikastegiko Kontseilu Araupetzaileak, hautagaiek Ertzaintzaren egitura eta funtzionamendu osoa ezagutu ahal izateko. Horrela, ertzain berriek dagoeneko ez dute praktikaldi osoa ertzain etxean herritarren segurtasun lanetan egingo, hiru hilabeteko denboraldiak egin beharko baitituzte Brigada Mugikorrean, Errefortzu Taldean eta Trafiko Unitateetan, eta horri ertzain etxean emango dituzten bederatzi hilabeteak gaineratu behar zaizkio. Destino guztietan agente adituek gainbegiratuta egongo dira une oro. Gainera, prestakuntza osagarria jasoko dute euren ikerketa lanetarako beharrezkoak izango dituzten tresna informatikoak erabiltzen ikasteko.

49 emakume
221 ertzain berrien artean, 49 (% 21) emakumeak dira. Proportzioa aurreko bi promozioetakoa baino txikiagoa da, agenteen % 32 eta % 25 izan baitziren horietan.
Adinari begira, agente berriek 20 eta 35 urte arteko adina dute; promozioaren batez bestekoa 29 urtekoa da.
Horien jatorriari erreparatuz gero, berriz, horien % 62 bizkaitarrak dira, % 20 gipuzkoarrak, % 13 arabarrak eta gainerakoak Estatuko beste lurralde batzuetakoak dira (Nafarroakoak barne).

XXIV. promozioa
Hurrengo promozioa, XXIV.a, abiatzeko deialdia datozen egunotan egingo da, Euskal Herriko Poliziaren Legearen laugarren aldaketa onartu bezain pronto; egun, Legebiltzarrean izapidetzen ari dira. Herrizaingo Sailak deialdi hori atzeratzea erabaki zuen testu arauemaile berria eskuetan izan arte. Horren berritasunen artean, besteak beste, hurrengo promozioetan emakumearen presentzia bultzatzeko babes legala ematea egongo da, emakumezko agenteen kopurua gure Poliziaren plantila osoaren herena izan arte.

Nolanahi ere, Herrizaingo Sailak ez du batere aldatu une oro 8.000 agente aktibo izateko konpromisoa. Erabaki hori gauzatzeko modua XXIII. promozioan, hasierako aurreikuspenen aldean, plaza kopurua nabarmen handitu izanak bermatu zuen.

Prestakuntza jardun ugaria Arkauten
Azken bi urteotan, Ikastegiak Ertzaintzaren bi promozio prestatu ditu; bostehun ikasle. Horrez gain, 2010ean Ikerketa Kriminal eta Herritarren Segurtasun arloetarako ofizialordeak hautatzeko deialdia egin zuenetik, kategoria horietan azken igoerak izan eta bi urtetara, abian jarri dira eta, zenbait kasutan, baita amaitu ere, honakoak hautatzeko prozesuak: agente lehen berriak (1998tik ez zen halakorik egiten), ofizialak (2008tik), komisariordeak (2002tik), eta intendenteak (Ertzaintzaren ia hiru hamarkadako historian ez da inoiz halakorik egin). Gainera, prestakuntza ikastaro ugari egin dira.

Bestalde, datozen hilabeteotan Ikastegiak berritu egingo du ikasketa-plana, XXIV. promozioan aplikatzeko, eta ugaritu egingo ditu etengabeko prestakuntzako eta espezializatzeko jarduerak taldearentzat.

Behin betiko balantzea egin aurretik, eta krisia dela-eta aurrekontuetan murrizketa izan arren, urtea bukatzerako Arkautik 15.000 pertsonari emango dio prestakuntza. Aurten, 2010eko datuekin alderatuta, % 25 handitu da kopuru hori, eta 2009koekin erkatuz gero, berriz, hirukoiztu egin da prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua.

Iruzkin bat
  • @vali_vali_
    2011.eko abenduak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La Ertzaintza alcanza por primera vez los 8.000 agentes con la salida de la XXIII promoción. http://t.co/9NZVuajy

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)