Dirulaguntzei buruzko Legearen Proiektua onartu da, genero-ikuspegia barne hartzen duena eta laguntzak eskuratzea errazten duena, behar ez diren administrazio-kargak ezabatzen baititu (Gobernu Bilera 2023-4-18)
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzak kudeatu eta eman beharreko dirulaguntzen araubidea erregulatzeko Legearen proiektua. Legegintza-ekimen hau legegintzaldi honetarako aurreikusitako proiektuetako bat da, onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak gauzatu daitezen sustatzeko, baita helburu publiko bat bultzatzeko ere. Eta hori guztia dirulaguntzen kudeaketan nagusi izan behar duten printzipio orokorretan oinarritzen da, hala nola: plangintza, publizitatea, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, efikazia eta efizientzia.
EAEko 2023rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 3.000 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Euskadiko sektore publikoaren dirulaguntza jarduerara, eta kopuru horrek agerian uzten du zenbateko garrantzia duen euskal administrazio publikoaren jarduera ekonomiko osoan.
Arauketa horrekin, esparru juridiko orokor bat proposatzen da, izapidetzeaz arduratzen diren organoei eta alderdi interesdunei segurtasun juridikoa bermatzen diena, eta, aldi berean, dirulaguntzak eta laguntzak eskuratzea errazten duena, beharrezkoak ez diren karga administratiboak ezabatzen baitira.
Lege-proiektu honek ez ditu arautzen beste euskal administrazio publiko batzuek kudeatu eta emandako dirulaguntzak, hala nola foru-aldundiek eta gainerako toki-erakundeek. Gaur egun, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek arautu dute gai hori, eta, bestalde, erregulaziotik kanpo utzi dituzte udalak, aplikazio orokorreko oinarrizko araudi bat dagoelako.
Euskadi aitzindaria izan zen laguntza eta dirulaguntza publikoen araubidea arautzen, Estatuak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra onartu baino sei urte lehenago.
Hala ere, dirulaguntzek hartu duten garrantziak kasuak dibertsifikatzea ekarri du, eta kasu horien konplexutasunak egungo araudia gainditu du. Lege-proiektu honen bidez, araudi hori eguneratu eta berrantolatu egiten da, bai Estatuko oinarrizko araudiak bai autonomia-erkidegoko araudian egindako lege-aldaketek (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, Ingurumen Administrazioaren Legea edo ekonomia zirkularrerako kutsatutako hondakinei eta lurzoruei buruzko Legea, adibidez) sartutako aginduak gehituta, testu bakar eta integratu bat eskaintzeko helburuarekin.
Izan ere, proiektu honek dirulaguntza esleitzeko irizpideen artean sartzen du diruz lagundu beharreko proiektuan edo jardueran genero-ikuspegia txertatzea, eta pertsona edo erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak edo jarduerak garatzen izandako ibilbidea baloratzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorra ere jasotzen da, euskal administrazio publikoen publizitate- eta gardentasun-betebeharrak betetzeko, bai eta Estatuko laguntzen laguntzen arloan Europako araudiak ezarritako informazio-eskakizunak betetzeko ere. Erregistro hori euskarri informatikoko datu-basea da, eta, besteak beste, dirulaguntzen programa guztien oinarri arautzaileak eta deialdiak eta onuradunen zerrenda jasotzen ditu, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta xedea adierazita.
Gaur onartu ondoren, lege-proiektu hori Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, izapidetu dezan.