Euskadik 438 gorroto-gertakari erregistratu zituen 2022an, gehien-gehienak lesioak, mehatxuak eta izaera arrazista edo xenofoboa duten derrigortzeak
- Kolektibo zaurgarri erasotuena arabiarrena izan da berriz ere
- Bigarren lekuan, gehien errepikatzen diren gorroto-delituak biktimaren sexu-orientazio eta -identitateagatik egin dira
- 2022an Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu zituen eta 246 inputatu zituen gorroto-delituak egiteagatik
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera, berak eskatuta, “Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2022ko Txostena” aurkeztera. Dokumentua UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak, Jon-Mirena Landak, zuzenduta eta koordinatuta egin da.
Txostenak Ertzaintzak 2022an erregistratutako 438 gorroto-gertakari aztertzen ditu, horietako gehienak, 435 (% 99,3), gorroto-delituak dira, eta 3 (% 0,68) gorroto izaerako arau-hauste administratiboak. Aztertu diren 435 delituetatik 9tan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, eta kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto-delituen kopurua baino handiagoa da.
Eusko Jaurlaritza txosten hau egiten hasi zen lehenengo urtearekin, 2016arekin, alderatuta, delituen kopurua esponentzialki igo da, batez ere 2021etik 2022ra. Igoera hori, alde batetik, gorroto-delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari, poliziaren eraginkortasun handiagoari, legegintzaren bilakaerari eta beste hainbat arrazoiri ere.
Inputatutako pertsonak (29-34 orr.)
2022an Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu zituen (2021ean baino bi aldiz gehiago) eta 246 inputatu zituen gorroto-delituak egiteagatik. Ertzaintzak agintari judizialaren eskuetan jarritako pertsonen profilari dagokionez, txostenak honako hau erakusten du:
- Gehienak, % 74 (182 pertsona), espainiarrak dira, eta horietatik 148 (% 81,3) Euskadikoak dira.
- % 42,8 Bizkaian bizi dira, % 28 Gipuzkoan eta % 10,4 Araban.
- % 76,8 gizonak dira eta % 22,7 emakumeak.
- % 67,4 18-50 adin-tartekoak dira.
Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIfobia (16-18 orr.)
Erasotutako kolektibo babestuaren araberako delituen sailkapenari dagokionez, gehien-gehienek arrazakeriaren eta xenofobiaren biktima izaten jarraitzen dute (231 kasu, % 52, 2021ean baino % 42,6 gehiago), jarraian sexu-orientazio eta -identitateagatik egindako erasoak daude (96 kasu, % 21,6, 2021ean baino % 31,5 gehiago).
Tarte handira daude beste arrazoi batzuk, hau da, ideologia edo orientazio politikoa, aniztasun funtzionala, adina edo aporofobia:
Arrazismo eta xenofobiako delituen kasuan, diskriminazio nagusia pertsona arabiarren aurkako erasoak izan dira berriz ere: 68 kasu, guztizkoaren % 30.
Delitu-tipologia (17-20. orr.)
Tipologiaren araberako delituen sailkapenean lesioak dira nagusi (180 kasu, % 41,3), sarrien egiten diren delituak izanik, eta jarraian mehatxu-delituak (90 kasu, % 20,69) eta derrigortzeak (50 kasu, % 11,5) daude. Horietan guztietan, lesio, mehatxu edo derrigortze gehien jasan dituen kolektiboak arrazakeria edo xenofobiagatik jasan ditu.
Eremu geografiko eta espaziala (20-26 orr.)
Gorroto-delitu gehienak, 2022an, Bizkaian egin ziren, eta jarraian Gipuzkoan eta, azkenik, Araban. Udalerriei dagokienez, delitu gehien honako hauetan egin dira, ordenari jarraituz: Bilbon, Gasteizen, Donostian, Barakaldon eta Irunen.
Delitu horietako gehienak bide publikoetan egin dira (189 kasu, guztizkoaren % 43,5), eta segidan etxebizitzan (66 kasu, % 15,1). Gainerakoak, gutxi batzuk, ostalaritzako lokaletan, dendetan, ikastetxeetan, jai-barrutietan, kirol-instalazioetan, telefonoz edo Internet bidez egin dira.
-
2023-04-17
Pertsona guztiok gatoz andui primitibo arruntetik, ehunekotan nahastuta, eskubide eta betebehar berberak ditugu, eta oraindik ere batzuek ez dute ulertu nahi, baina badirudi mugak jarriz garapena geldiarazten dutela, beste leku batzuetan hondakinak eta efektu klimatikoak utziz, hala nola pertsonak beste batzuen gainetik egotea castellaren pisuari eusten, harik eta hondatzen den arte.
-
2023-04-17
Todas las personas venimos de la cepa primitiva común y mezcla en porcentajes, tenemos los mismos derechos y obligaciones y todavía hay quien no lo quiere parece entender poniendo límites frenan el desarrollo para seguir contaminando dejando residuos y efectos climáticos en otros lugares, como que haya personas por encima de otras soporta el peso el castell hasta que se desmorona.