Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko esportazioak % 18 handitu dira aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan

2011.eko abenduak 15

 

- Nazioartekotzearen Lurraldearteko Kontseilua, non 17 autonomia erkidego, ICEX, invest in Spain eta CEOE biltzen diren, lehen aldiz Euskadin egin da.

- Bernabé Unda sailburua izan da gaurko Bilboko topaketaren buru, eta erakundeen artean lankidetzan jardutea eskatu du, enpresei eskatzen zaien bezala.

Nazioartekotzearen Lurraldearteko Kontseiluaren egoitza izan da lehen aldiz Euskadi; erakunde horrek enpresa espainiarren kanpo-sustapenean diharduten erakunde publiko eta pribatu guztiak biltzen ditu. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda foro baten topaketako buru izan da; foro hori honako erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioa (Mityc), Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutua (ICEX), Invest in Spain, kanpo-sustapeneko organismo autonomiko guztiak, Merkataritza Ganberen Kontseilu Nagusia eta CEOE.

Bere hitzaldian, Undak adierazi du aurten euskal ekonomiak "goitik beherako bilakaera izan duela, izan ere, lehen hiruhilekoan BPGaren urtearteko hazkundea % 0,9 izan zen, bigarren hiruhilekoan % 0,8, eta hirugarren hiruhilekoan % 0,6, eta esportazioen urtearteko hazkundeak % 31,6 izan dira lehen hiruhilekoan, % 2,1 bigarren hiruhilekoan, eta % 25,5 hirugarrenean, azken emaitza % 18,4ko hazkundea izanik aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan".

Ildo horretan, gure esportazioak hazkunde ekonomikorako eta, ondorioz, krisialditik ateratzeko funtsezkoak izaten ari direla adierazi ondoren, Industriako sailburuak azpimarratu du munduko ekonomiaren hazkundearen zatirik handiena garatzeko bidean dauden herrialdeek sortuko dutela, "arrazoia sinplea da, izan ere, herrialde aberatsetan edozein berrikuntzak sortutako oparotasuna, herrialde pobreetan teknologia konbentzionala ezartzeak sortutako gehikuntza baino txikiagoa izango da beti".

Urtebeteko balantzea

Lehendakaritza sei hilabetekoa da eta txandaka egiten da Autonomia Erkidegoen artean; seihileko honetan Euskadiri dagokio. Bere eginkizuna, enpresa espainiarrak kanpora ateratzeko zerbitzu eta laguntza-politika guztien koordinazioa ahalik eta gehien bultzatzea da. Bilboko gaur goizeko jardunaldian, duela urtebete martxan jarritako azken ekimen handiaren balantzea egin da: Atzerriko Esportazioak eta Inbertsioak Indartzeko Plan Integratua.

Proiektu horrek erakundeen arteko lankidetza ahalik eta gehien indartu nahi du Espainia barnean eta kanpoan enpresei laguntzeari dagokionez, kanpoan lehiakorragoak izan daitezen. Joan den urtean kanpo-sustapena eta inbertsioen erakarpena bultzatzeko hartu ziren 28 neurri biltzen ditu, eta horietatik 26 ia erabat osatuta daude; beraz, egiazta daiteke ekimen horren betetze-maila ia %100koa izan dela.

Plana betearazi eta koordinatzeaz arduratu den ICEXek aurkeztu duen txostenaren arabera, 146 baterako neurri egin dira prestakuntzaren alorrean, eta berrogeita hamar bat azoka eta misiotan parte hartu da nazioarte-mailan. Horrekin batera eta modu zehatzagoan, Plana baliagarria izan da ekintza bateratuak garatzeko eragin handiko plan estrategikotan eta une honetan oso garrantzitsuak diren eremutan, hala nola: Brasilgo azpiegiturak, eraikuntza-materialak kanpora ateratzea edota elikagaiak eta ardoak Txinan eta Indian, beste hainbat ekintza zehatzen artean.

Ekonomiaren euskarria

Bilera baliagarria izan da krisialdi honetan parametro ekonomikorik onena esportazioa izaten ari dela berresteko, urteko lehen bederatzi hilabeteetan urtearteko hazkunde-ratioak % 17tik gorakoak izan baitira. Euroaren eremuan eta moneta-debaluaziorik egin gabe, beste krisialdi batzuetan bezala, nazioartean diharduten enpresa espainiarrak lehiakortasun-maila handia izaten ari dira kanpoan, eta lidergo-egoeran kokatu dira hainbat sektoretan: azpiegiturak, energia berriztagarriak, makina-erreminta, bioteknologia, trenbide-garraioa edo elikagaiak.

ICEXek lantzen duen enpresa esportatzaileen profilaren datuen arabera, Espainian, urtea amaitzean, beren produktuak edo zerbitzuak kanpoaldean saldu zituzten 110.000 enpresa inguru zeuden. Baina daturik positiboena zera da, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan zifra horren urtearteko hazkundea % 10 ingurukoa dela, eta aurrerakada horrek errekorrak hausten ditu beste ekitaldi batzuetan gertatu denarekin alderatuta.

Hala eta guztiz ere, kanpoaldera ateratzeko eta lehiakorragoak eta berritzaileagoak izateko apustua egiten duten enpresei askoz gehiago lagundu behar zaiela berretsi dute Bilbon elkartu diren ordezkari guztiek. Prozesu horren funtsa zeregin horretan diharduten agente guztien lankidetzan aurrerapauso bat ematean datza, eskura dauden baliabide guztiak elkarrekin ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta aurrekontu-doikuntzek enpresen nazioartekotzeari kalte egin diezaioten saihesteko.

 

Bilbao, 2011ko abenduaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)