Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Atlantikoko korridorea Bilboko eta Pasaiako portuetara eta plataforma logistikoetara eramatea proposatu du Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentzian.

2011.eko abenduak 14

Konferentzia hori Europako hainbat eskualdek eta Europako mugan dauden batzuk osatzen dute.

Era berean, periferiako eta itsas ertzeko eskualdeentzat finantzaketa handiagoa eskatu du.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentziako batzordeak gaur Bruselan egin duen bileran hartu du parte. Bileraren xedea zen erakunde horrek Europan barnako garraio-sareen garapenari buruz eta, bereziki, lehentasunezko korridoreak (Euskadi hartzen duen Atlantiko korridorea barne) egiteari buruz Europar Batasunaren aurrean zer jarrera izango duen adostea.

Euskadi, Arku Atlantikoko garraio-taldeko koordinatzaile izanik, oso pozik agertu da Atlantikoko korridorea lehentasuna duten garraio-sareen artean sartu dutelako, eta Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentziako eskualdeei, beren kokaleku geografikoa kontuan izanik, portu- eta trenbide-korridoreak garatzeko finantzaketa handiagoa ematearen aldeko aldarria egin du. Hau da, Lisboa - Estrasburgo ardatza lehentasunezko sarean sartzeko Europar Batasunaren erabakia babesteaz gain, hori abiapuntu gisa, korridore multimodalak egiteko eta proiektua ondo burutzeko ahalegin handiagoa eskatu du.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek gehiagotan ere azaldu duten bezala, garraioaren eraginkortasuna areagotu nahi bada, multimodalitatean oinarritu beharra dago. Alde horretatik, funtsezkoa da orotariko konexioak izatea, portuen eta trenbideen artekoak eta trenbideen eta errepideen artekoak, sailak berak, Espainiako Ministerioarekin Jundiz eta de Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak sortzea erabaki zuenean, ondo azaldu zuen legez.

Azkenik, lehentasunezkotzat jotako korridoreak elkarrekin konektatzea, eta batez ere, Atlantikoko korridorea Nafarroan barna Mediterraneokoarekin konektatzea propostau du Jaurlaritzak, eta batzordeak ondo iritzi dio.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan