Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Elikadura Segurtasuna bere osotasunean landu behar da, produkzioarekin hasi eta mahaian amaitu arte

2011.eko abenduak 14

Vitoria-Gasteiz, abenduaren 14a.- Elikadura Segurtasuna bere osotasunean landu behar da, produkzioarekin hasi eta kontsumoarekin amaitzeraino, eta produktuak kontsumitzailearengana baldintza osasungarri eta seguruetan iristen direla bermatu behar da; horixe adierazi dute Osasun eta Kontsumoko sailburu Rafael Bengoak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk, Gasteizen elikadura-segurtasunaren arloko komunikazio-estrategiei buruz egindako jardunaldi batean.

Pilar Unzaluk azpimarratu duenez, ikuspegi integral horren bidez zera lortu nahi da, “kate osora iristea, landetxean hasi eta mahaian amaituta; horretarako, animalien eta landareen osasuna, produkzioa, giza nutrizioa eta ingurumenaren zaintza hartu behar dira kontuan”.

Sailburuak bere sailari atxikita dagoen Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak (Elika) eremu horretan betetzen duen zeregina azpimarratu du. Halaber, gogorarazi duenez, zenbait gertakarik (hala nola E-coli izenekoaren agerraldiak) “agerian utzi dute elikagaien edo pentsuen jatorria zein den ez jakiteak arriskuan jar dezakeela elikagaien barne-merkatuaren funtzionamendua”.

Ildo horretan, sailburuaren ustez beharrezkoa da “aldi lasaietan gizarteari informazioa emateko mekanismoak sendotzea –horiek baitira benetan eraginkorrak–, eta datuak egiaztatzeko protokoloak antolatzea. Izan ere, krisialdietan areagotu egiten da informazio-eskaria, baina herritarrentzat ez da hain sinesgarria informazio hori”.

“Kontsumitzaileak gero eta informazio gehiago eskatzen du kontsumitzen dituen elikagaiei eta horien segurtasunari buruz. Aldi berean, teknologia berriei esker gero eta errazagoa da informazioa eskuratzea. Hori dela-eta, segurtasunari lotutako gaien berri ematerakoan oker jokatzeak ondorio larriak izan ditzake, hala nola herritarren kontsumo-ohituretan justifikaziorik gabeko aldaketa bat eragitea”, gaineratu du sailburuak.

Euskadik, Europaren ildo beretik, prebentzioari garrantzi handiagoa emango dioten politikak garatzea eta arriskuaren ebaluazioa, kudeaketa eta komunikazioa landuko dituen Arriskuen Azterketa ezartzea du xede.

Pilar Unzaluk azpimarratu duenez, beharrezkoa da elikakatean parte hartzen duten guztiekiko komunikazioa eta lankidetza hobetzea, jarduteko prozedura orokorrak zehaztea (administrazioaren hainbat erakunde inplikatuta daudenean bereziki), eta elikagaien segurtasunari lotutako gaiei buruzko komunikazioa herritarrak eremu horretan sentsibilizatzera eta trebatzera bideratzea.

Bestalde, Rafael Bengoak azpimarratu duenez, elikagaiek “ez dute kaltegarriak izan behar, jakina, baina, horrez gain, osasungarriak izan behar dute. Hori dela-eta, lan egin behar dugu prestatutako elikagaiek gantz saturaturik izan ez dezaten, gatz- eta azukre-maila txikia izan dezaten eta gehigarriak baimenduak eta kantitate txikikoak izan daitezen”.

“Pertsonek kaltegarriak ez diren elikagai seguruak eta osasungarriak kontsumitzeko eskubidea duten kontzientzia kolektiboa badago, eta, horregatik, segurtasun hori errealitate izateko baldintzak bermatu behar dira”, adierazi du sailburuak. Eta, gaineratu duenez, “elikagaien kontrola arautzeko erakunde-ingurune egoki bat sortu behar dute gobernuek”.

Euskadin, Osasun Publikoaren eta Elikagaien Segurtasunaren Lege Proiektua landuta dago jadanik. Gaur egungo errealitatea kontuan hartuta, komeni da Legeak osasun publikoaren eta elikagaien segurtasunaren ondoriozko erronkei ekitea.

Bengoak azaldu duenez, Lege Proiektuak ezartzen du Euskadiko herri-administrazioek, beren eskumenen arabera, elikakate osoan agertzen diren arriskuak kudeatuko dituztela, hainbat printzipiotan oinarrituta. Printzipio horien artean, komunikazioari dagokionez, honako hauek aipatu behar dira:

  • Arriskuen kudeaketa eta komunikazioa bat etorriko da segurtasun, zuhurtasun, arintasun, arintasun, proportzionaltasun, gardentasun eta inpartzialtasunaren irizpideekin.
  • Eskuragarri dagoen informazioa ebaluatu ondoren osasunerako ondorio kaltegarriak eragin daitezkeela aurreikusten denean (arriskua ziurtasun osoarekin zehazteko aukera ematen ez duen prozesu edo produktu baten ondorioz), zuhurtzia-printzipioari jarraituko zaio.
  • Zuhurtzia-printzipioari jarraiki hartutako neurriek neurrikoak izan behar dute, gardentasun osoz hartu behar dira, eta zentzuzko epe batean berrikusi behar dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)