Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Agente sozialek eta erakundeek Immigraziorako Itun Sozialari buruzko eztabaidari ekin diote

2011.eko abenduak 14

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak Immigraziorako Itun Soziala abiarazteko egunari hasiera eman dio gaur Bilbon. Esparru horretan, agente sozialei eta erakundeei prozesu guztiaren berri eman die; izan ere, parte hartzeko eta hitz egiteko prozesu irekiarekin hasiko da eta horren ondoren, behin betiko dokumentua idatziko da.

Gaurko saioaren bitartez, Zabaletaren sailak itunaren oinarrizko dokumentua sektoreko erakunde garrantzitsuenei aurkezteko txandari ekingo dio; testuari buruz eztabaidatu eta dokumentua idatziko duen aholku-batzordeari proposamenak helarazi ahal izango dizkiote. Daniel Innerarity eta Imanol Zubero izango dira buru unibertsitatearen, gizartearen, ekonomiaren eta politikaren eremuetako adituekin osatutako talde horretan.

Biharko Euskadi gaur egun ere badena baino gizarte askotarikoagoa izango delako ideia hartu da dokumentuaren abiapuntu eta fenomeno hori ez da izango atzerriko immigrazioaren ondorioa, gizarte moderno guztiei atxikitako fenomenoa baizik. Desberdinen arteko bizikidetasunaren erronka horren aurrean, Jaurlaritzak diseinatu duen itunaren bitartez "gizarte askotarikoa eta inklusiboa lortu nahi da, eta guztion funtsezko askatasunen, eskubideen eta betebeharren ardatza ez da izango nazionalen eta atzerritarren arteko bereizketa, guztiak ere egoiliar izatea baizik".

Ildo beretik, Zabaletak zera esan du: "Berdintasun-printzipioaren benetako aplikazio baten alde tinko egiten ez badugu, etorkinak bertakoa baino egoera okerragoan utziko ditugu. Eta etorkinen eskubideak aitortzean, ezin dugu onartu diskriminazio-tratua premisa gisa.

Gaur egun, 144.500 atzerritar dauden erroldatuta Euskadin, hau da, EAEko biztanle guztien % 6,6 osatzen dute. Estatuan, aldiz, % 12,2 dira. EAEn bizi diren atzerriko etorkinei buruzko inkestaren arabera, beste 35.000 atzerritarrek lortu dute nazionalitate espainiarra azken urteotan. Horren ondorioz, EAEko biztanleriaren % 8,2k etorkin-jatorria du (atzerritarra), eta gehientsuenak Latinoamerikatik (% 42,4) eta EBtik (% 24,9) datoz. Jatorrizko herrialde nagusia Errumania da (% 11,2), eta, horren atzetik, Maroko (% 10,08) eta Kolonbia (% 8,4). Atzetik hasita, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea ditugu (hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira). Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonak dira, eta % 48,6 emakumeak.

Aniztasuna aukera handia da euskal gizartearentzat. Inkesten arabera, pertsona horietako gehienek Euskadin geratu nahi dute. 10etik ia 9k gure artean geratu nahi du datozen bost urteotan, gutxienez.

Immigraziorako Itun Sozialaren oinarrizko dokumentua idatzi behar dutenen ustez, datu horrek immigrazioari buruzko ikuspegia aldarazi beharko liguke, egiturazko fenomenoa delako, ez iragankorra. Haien ustez, aurrerantzean, gizartearen eta erakundeen ahaleginak harrerara baino gehiago aniztasuna kudeatzera bideratu behar dira eta, batik bat, etorkin-kolektiboaren eta bigarren belaunaldien (seme-alabak) integraziora; azken horien kasuan, bereziki, hezkuntzaren bitartez.

Aholku-batzordeko kideen ustez, etorkinek adierazi duten geratzeko borondate hori kontuan hartuta, gogoeta egin behar dugu indarreko ideien eta ideia horietatik ondorioztatzen diren erroldatzeko, erregularizatzeko, berrelkartzeko eta nazionalizatzeko mekanismo eta prozesuen inguruan. "Ez da bidezkoa legeek geratzeko borondate hori ez bultzatzea eta etorkinak salbuespen-egoera batean uztea", esan du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)