Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak kontuz ibiltzeko eskatzen du Aste Santuko irteera-operazioan

2023-04-05
  • Kalkuluen arabera, Euskadin sartzeko batez beste 522.000 joan-etorri izan daitezke, eta beste hainbeste Euskaditik irteteko
  • Irteera operazioarekin bat etorriz, Supersur autobidearen fase berria zabalduko da eta Itzulia Gipuzkoatik eta Bizkaitik igaroko da

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Aste Santuko operazio berezia Lopidanako Zerbitzugunetik (A-1ean), eta 2022ko desplazamendu-kopurua baino zertxobait handiagoa aurreikusten da, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Euskalmeten iragarpena ikusita, prezipitaziorik ez dela izango iragarri baitu, Euskadin sartzeko 522.000 bat joan-etorri eta Euskaditik irteteko beste hainbeste espero dira. Joan den urtean batez beste 515.000 joan-etorri erregistratu ziren sartzeko eta irteteko.

Berrikuntza nagusi gisa, aipatu behar da irteera-operazioko egun horietan Itzulia Gipuzkoatik eta Bizkaitik igaroko dela (gaur Errenteriatik Villabonara eta bihar Santurtzitik), eta horrek eraginak izango dituela zirkulazioan. Bestalde, aurreikusten da gaur arratsaldean irekiko dela AP-68rekin lotzeko Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea (Supersur deitzen dena), eta horrek arindu egingo duela A-8ko trafikoa.

Aurten ere, Díaz de Corcuerak zuhurrak eta arduratsuak izateko deia egin die gidariei, istripuei aurrea hartu ahal izateko. Zuzendariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza Zero Biktima izateko helburuarekin ari da lanean, bai Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2025 Plan Estrategikoan bai Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean hartutako konpromisoen esparruan.

Istripuen tasa

Joan den urteko Aste Santuan bi pertsona hil ziren trafiko-istripuetan Euskadin; biak ere hiri barruko istripuak izan ziren, eta ez zuten, beraz, zerikusirik izan Operazio Bereziarekin. Hala ere, 2019tik ez zen halakorik gertatu, eta urte horretan beste bi pertsona hil ziren istripuan.

Egun hauetako istripuen kopuruak beheranzko joera jarraitzen zuen 2012tik (123rekin), eta 2019an 87 izan ziren eta 2020an 23 (urte atipikoa izan zen pandemiak eragindako murrizketen ondorioz). Baina 2021ean 101 istripu izan ziren eta 2020an 80ra jaitsi ziren istripuak.

Operazio Bereziko neurriak

Trafikoko zuzendariak apirilaren 5etik 10era bitartean aurreikusten diren joan-etorriek trafikoan izango dituzten eraginak minimizatzeko hartuko diren neurriak zehaztu ditu.

Ertzaintzako 200 bat agente arituko dira trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan, zirkulazioa harik eta arinena izan dadin. Errepideko puntu hauetan espero dira zirkulazio-fluxurik handienak: 

  • A-8an, Kantabriako mugan.
  • AP-8an, Biriatuko ordainlekuan.
  • AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Armiñónen.

Irteera-operazioan, A-8an, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 09:00etatik 15:00etara bitartean. Itzulera-operazioan, Bilborako noranzkoan, ibilgailu gehien Pazkoa Astelehenean pilatzen dira, zehazki 13:00etatik 21:00etara bitartean. Kontuan hartu behar da, gainera, Itzulia bihar Santurtzitik igaroko dela eta horrek eragina izango duela zirkulazioan, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, garabi-zerbitzu hitzartua prestatuko du, eta leku hauetan kokatuko da:

  • Kantabriarako noranzkoan, garabia A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) jarriko da gaur, asteazkena, 15:00etatik 21:00etara, eta bihar, osteguna, 9:00etatik 20:00etara.
  • Kantabriatik Euskadirako itzuleran, astelehenean, apirilaren 10ean, garabia El Hayan (Cobarongo lotunean) jarriko da 13:00etatik 21:00etara.

AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Frantziarako noranzkoan) ilara luzeenak asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:30etik 16:00etara bitartean izaten dira. Bestalde, Pazkoa Astelehena jai da Frantzian, eta ostiralean eta larunbatean trafiko handia egoten da Donostiarako noranzkoan.

Euskadiko errepide-sareko hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 bat lotzen diren lekua, Armiñongo lotunea, izaten da. AP-1eko Burgos-Armiñón zatia liberalizatu izanaren ondorioz, nabarmen egun du gora AP-1 erabiltzen duten ibilgailuen trafikoak, eta Eusko Jaurlaritzak honako neurriak hartuko ditu, beraz:  

Irteeran (hau da, asteazken arratsaldean, apirilaren 5ean eta ostegun goizean, apirilaren 6an), trafikoko behin-behineko seinaleak gaituko dira N-1eko bide alternatiboa erabiltzea gomendatuz Argantzun (A-1, 334 km) eta Armiñongo A1-/AP-1 lotune (A-1, km 334) artean, A-1ean ibilgailu ugari pilatzen denerako. Neurri hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin koordinatuta hartuko da.

Itzuleran (hau da, Pazkoa Astelehenean, apirilaren 10ean) kartelen eta konoen bidez bideratuko da etenik gabe (80 km/h-ko abiadura iraunkorrean, pasatzen uzteko inolako geldialdirik egin beharrik izan gabe) AP-1etik A-1erako zirkulazio-fluxua, Gasteizerako noranzkoan. Neurri hori Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoiekin koordinatuta hartuko da.

Gomendioak

Irten aurretik, komeni da:

  • Trafikoaren egoera zein den jakitea. Eusko Jaurlaritzak denbora errealean ematen du informazioa honako baliabide hauen bidez: trafikoa.euskadi.eus, @trafikoaEJGV Twitter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduan ematen duen 011 telefonoa.
  • Eguraldiaren aurreikuspena begiratzea eta ibilgailua eta gidatzea inguruabarretara egokitzea.
  • Alkoholik edo drogarik ez kontsumitzea, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere.
  • Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
  • Oinarrizkoa errepideko erabiltzaileen arteko errespetua mantentzea. Kolektibo zaurgarriek,  esate baterako, txirrindulariek, begirune eta arreta berezia merezi dute.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak