Hauteskundeak 2024
Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak zainketa aringarri pediatrikoen antolamendu-eredu berezi bat sortuko du Euskadin

2023-04-03
  • Hura da 2023-2027rako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren nobedade nagusietako bat, eta haren helburua zainketa aringarri integrala eta kalitatekoa bermatzea eta, horretarako, zainketa horien beharraren identifikazio goiztiarra sendotzea eta populazio-estaldura areagotzea

Euskadik zainketa aringarri pediatrikoen antolamentu-eredu berezi bat izango du, paziente helduen arretatik bereizia. Hura da 2023-2027rako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren nobedade nagusietako bat. Plana gaur aurkeztu du Gasteizen José Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordeak.

Planak aurreko planaren helburuei heltzen die eta haiek sendotzen ditu, eta, gainera, beste helburu batzuk ere jasotzen ditu, asmo handiagokoak. Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak ekitatearekin, kalitatearekin eta osasun-asistentziaren unibertsaltasunarekin duten konpromisoa suspertu nahi da, bai eta Osakidetzako profesionalek arreta pertsonalizatuarekin eta pertsona guztien, oro har, eta, bereziki, pertsona kalteberenen duintasunarekin errespetutsua den arretarekin duten konpromisoa ere, kontuan hartuta pertsona kaltebera horien artean bizitzaren azken etapa bizi duten pertsonak daudela.

2023-2027rako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa prestatzeko lana pandemiaren eraginpean egon da, eta, hartan, berrogeita hamar pertsona inguruk parte hartu dute: Sailekoak bertakoak, Osakidetzakoak, diziplina guztietako profesionalak, zainketa aringarrietan lan egiten duten estamentu eta gailuak, INNOPALeko taldeak eta pazienteen dozena bat elkarte.

Laburbilduz, planaren helburuak honako hauek dira:

  1. Zainketa aringarri integrala eta kalitatekoa bermatzea. Asistentzia-neurrien bidez, zainketa aringarrien beharraren identifikazio goiztiarra sendotzeko eta, betiere, arreta-plan indibidualizatuei lotuta. Era berean, Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzorde bat sortzea aurreikusten da.  
  2. Populazio-estaldura areagotzea, harik eta, pixkanaka, erreferentziazko populazio osoaren % 1era iritsi arte, eta, 2023-2024rako, % 70 gainditzeko eta 2025erako % 90 gainditzeko aurreikuspenarekin.
  3. Kalitateko arreta aringarri pediatrikoa bermatzea eta, horretarako, antolamendu espezifiko hori sortzea.
  4. Profesionalen artean koordinazio-sistemak ezartzea.
  5. Erakunde sozial eta zerbitzu soziosanitarioekiko koordinazioan aurrera egitea.
  6. Zainketa aringarrietako profesionalen prestakuntza bultzatu eta sustatzea
  7. Ikerketa eta berrikuntza sustatzea eremu horretan
  8. Koordinazioa eta sareko lana beste eragile sozial eta komunitario batzuekin.
  9. Ebaluazio- eta segimendu-sistemak sortzea  

Osasuneko sailburuordeak azaldu duenez, zainketa aringarrien Euskadiko asistentzia-ereduak, sareko lanean oinarritzen denak, helburu du bizitzaren amaierako fasearen arretan osasun sistema eta sistema soziosanitarioa izatea pazientearen behar espezifikoen eta aldakorren inguruan antolatzen direnak, eta ez zainketa aringarrietarako beharrak dituen pertsona izatea zerbitzu horien barne-antolamendura egokitu behar dena.

Era berean, zainketa aringarrietarako beharrak dituzten pertsonek bizi duten edozein eremutara egokituta egon behar du:  

-Etxeko eremuan, “Aringarri zirkuitu”aren bidez; egunean 24 orduz eta astean 7 egunez ematen du arreta. Osasun Kontseiluak eta Emergentziak beharrezkoa denean asistentzia-baliabideak ohiko ordutegitik kanpora mobilizatzeko gaitasuna dute, dela profesional batek aktibatzen duelako dela “Aringarri” telefonoaren bidez detektatzen delako, zeina pazienteen eta haiek zaintzen dituzten pertsonen esku baitaude.

-Ospitale-eremuan, arreta gaixoaren oinarriko patologiaren talde espezialistaren eta Zainketa Aringarrien Unitate eta Taldeen artean koordinatuko da, zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak ospitaleratzen diren zerbitzu guztiei laguntzeko.

-Paziente erakundetuetan (adinekoen egoitzetan, egoitza-unitate soziosanitarioetan eta desgaitasun-zentroetan dauden pertsonak), arreta modu koordinatuan eman behar da egoitzako bertako osasun-zerbitzuekin eta osasun-eremuko eta soziosanitarioko zerbitzuekin. Horretarako, pertsona horientzako zainketa aringarrien irismena eta kalitatea zabaldu behar da, haien etxean egongo balira izango luketen arreta aringarri bera izateko.

-Zainketa aringarri pediatrikoen eremuan, aipatutako antolamendu-eredu bereziaren eta sarekoaren bidez: Euskadi osorako erreferentziazko Diziplina Anitzeko Talde Pediatriko bat, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Pediatrikoaren Unitatea buru dela, eta dagozkion Arabako ESIko, Bilbo-Basurtuko ESIko eta Donostialdeko ESIko taldeak ospitalizazioko eta etxeko aringarri pediatrikoen asistentzia-erreferente gisa, eta beti lurralde bakoitzean eskuragarri dauden baliabideekin koordinatuta, pazientearen eta haren zaintzaileen beharretara egokitzen den kalitateko arreta bermatzeko.

Euskadik asistentzia-sare eta sare soziosanitario zabala du, eta hura zenbait eremutako profesionalek elikatzen dute: Lehen Mailako Arreta eta ospitale-arreta, etxeko ospitalizazioa, zainketa aringarrien talde eta unitate espezifikoak, Larrialdiak, Osasun Kontseilua, HZG, Ospitaleetako Larrialdiak, Etxeko Arreta Urgentea edo La Caixarekin hitzartutako arreta psikosozialeko taldeak.

Zainketa aringarrien plangintza 1990ean hasi zen Euskadin; orduan sortu ziren zainketa aringarrien lehen unitateak Gorlizko, Santa Marinako eta Lezako ospitaleetan.

Harrezkero, aurrera egin da, nabarmen, eta horren adierazle da Eusko Legebiltzarrak uztailaren 8ko 11/2016 Legea (Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa) onetsi izana. Lege horren bidez, babesa ematen zaie pertsonei eta osasuneko profesionalei; hala, Euskadin zainketa aringarrien plangintzaren maila goren (edo makroa) bilakatzen da.

Tarteko maila batean (edo meso mailan) daude plan estrategikoak, gaur aurkeztutakoa, besteak beste, zeinak aurreko planen aldean plus kualitatibo bat baitu: INNOPAL berrikuntza aringarriaren proiektua. Ekimen hori mikro plangintza-mailan dago, eta elkarlaneko sare bat egituratu du. Hartan, Osakidetzako sare osoko eta zentro itunduetako 400 profesionalek baino gehiagok parte hartzen dute, eta ia beste 1.500 profesional gehiagori eman die prestakuntza.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak