Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskadik desagertutako pertsonen bilaketan eta memorian duen esperientzia partekatu du Guatemalan egindako nazioarteko topaketa batean

2023-04-01
  • Topaketan Guatemala, El Salvador, Mexiko, Kolonbia, Ruanda, Katalunia eta Euskadiko auzitegi-zientzietako eta memoriaren inguruko esperientziak partekatu dira
  • Helburua izan da praktiken arteko puntu komunak aztertzea, erronkak identifikatzea eta lankidetza posibleak bistaratzea
  • Guatemalako Auzitegiko Antropologia Fundazioak antolatu du, eLankidetzaren eta Kataluniako Garapenerako Lankidetzaren Agentziaren laguntzarekin

 

José Antonio Rodríguez Ranzek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, Guatemalan egindako nazioarteko topaketa batean parte hartu du, martxoaren 27tik 31ra. Topaketak balio izan du esperientziak partekatzeko desagertutako pertsonak bilatzeko auzitegi-zientzietan, memorian eta berriz ez errepikatzeko hezkuntza ekimenetan. Sailburuordearekin batera, Euskaditik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxebarriak eta Lourdes Herrastik parte hartu dute.

Topaketa Guatemalako Auzitegiko Antropologia Fundazioak (FAFG-k) antolatu du, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren eta Kataluniako Garapenerako Lankidetzaren Agentziaren (ACCD-ren) laguntzarekin.

Bereziki gatazka edo diktadurengatik desagertutako pertsonak bilatzeko auzitegi-zientziaren ardatzean, ezagutu da FAFG-k egiten duen lana. Latinoamerikan erreferentea den erakunde hori 1997tik ari da lanean Guatemalako gatazka armatuaren biktimak aurkitu eta identifikatzeko. Amerika Erdiko herrialdeko esperientziarekin batera, Kolonbia, Mexiko, El Salvador, Katalunia eta Euskadiko erakunde eta entitateak ere aritu dira.  

Euskadiren kasuan, Paco Etxebarriak eta Lourdes Herrastik Aranzadiren esperientzia aurkeztu dute; Espainiako gerra zibilean eta diktadura frankistan desagertutako pertsonen eta identifikatu gabeko kasuen bilaketa, hain zuzen.

Memoriaren eta berriz ez errepikatzeko hezkuntza ekimenen atalean, José Antonio Rodriguez Ranzek Euskadik orain dela gutxiko memoriaren arloan duen esperientzia partekatu du. Biktimen legezko aitortzatik haratago aurrera egitearen garrantzia nabarmendu du, “biktima guztien aitorpen instituzional, sozial, sinboliko eta moralaren alde eginez”. Gainera, bakerako eta bizikidetzaren aldeko udal-foroen esperientzia partekatu du topaketarako espazio gisa, eta elkarbizitzarako gizarte-memoria eraikitzeko Euskadin gauzatutako hezkuntza eta erakusketa ekimenak azaldu ditu.

Gainera, parte-hartzaileek Ruandako Kigaliko Genozidioaren Memorialari buruzko esperientzia ezagutu ahal izan dute, eta baita Kataluniako Memorial Demokratikoaren lana edo Guatemalako Rabinaleko Memoria Historikoaren Museo Komunitarioarena ere.

 

Senideekin topaketa

Topaketaren unerik hunkigarrienetako bat izan da Comalapako “Paisajes de la Memoria” memorialean desagertutako pertsonen senitartekoekin izandako topaketa. Memoriala Guatemalako Alargunen Koordinakunde Nazionalaren (CONAVIGUA-ren) eta FAFG-ren ekimen bat da, eta destakamendu militar bat izan ondoren, oroimenerako gune bihurtu zuten. Bertan, 220 hezur zituzten 53 hobi indibidual eta kolektiboak aurkitu zituzten.

Senideek zeremonia bat egin dute, eta beren bizitza, borroka eta itxaropenei buruzko testigantzak partekatu dituzte. Nahiz eta Guatemalako testuingurua konplexua izan eta trantsizioko justiziaren arloan aurrera egiteko oztopoak dauden, adierazi dute egiaren bilaketak jarraitu behar duela, memoria kolektiboaren ariketa gisa eta iragana errepika ez dadin.

Lan astea bukatu da lan saio batekin. Bertan, esperientzien arteko elkarguneak eta erronkak identifikatu dira, eta parte hartu duten erakunde eta elkarteen artean egon daitezkeen lankidetzak eta trukeak zehaztu dituzte.

Gainera, topaketan NATAXIK-memoria dokumentala estreinatu da. Ikus-entzunezkoa eLankidetzaren, ACCD-aren eta Ikaika Mediaren artean ekoiztutakoa da, eta Euskadin eta Katalunian ekainean aurkeztea aurreikusten da.

 

Lankidentza agentzien arteko artikulazioa

1960 eta 1996 bitartean, Guatemalak barne gatazka armatu bat izan zuen. Horren ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak egin ziren sistematikoki, eta, orokortuak izan ziren. Kalkuluen arabera, 200.000 pertsona baino gehiago erail eta desagerrarazi zituzten.

Trantsizioko justizia arloan herrialdearen ahaleginak laguntzeko, eLankidetzak eta ACCD-k modu koordinatuan lan egiten dute Guatemalan. Bi agentzien artikulatzeak lankidetza ekimenen osagarritasuna ahalbidetu du; bereziki, FAFG-rekin, Giza Eskubideen Prokuradoretzarekin eta Nazio Batuen Garapenerako Programarekin (PNUD-ekin). Lan koordinatu horri esker, hausnarketa bateratua izan da, Guatemalako testuinguruari buruzko analisi partekatua egin da eta laguntza estrategiak definitu dira.

Aliantza horren aurretik, agentzia bakoitzak Polizia Nazionalaren Artxibo Historiakoaren (AHPN-ren) instituzionalizazio-prozesua babestu zuten. Artxibo horrek biltzen ditu giza eskubideen urraketak dokumentatzeko informazio baliotsua. 2019tik aurrera, bi agentziek AHPN-aren inguruan bildu, eta Guatemalan koordinatzen hasi ziren.

Guatemala hacia un futuro de paz bideoak trantsizioko justizian Euskadiko eta Kataluniako lankidetzak eman duen laguntza eta sortu duten artikulazioa kontatzen du. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)