Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Itzulia Basque Country 2023 probaren segurtasun-operatiboa antolatu duten Ertzaintzako trafiko-unitateak agurtu ditu

2023-04-03
  • Ertzaintzako 260 agentek osatutako segurtasun-dispositibo konplexua da, larrialdietako taldeekin eta probak zeharkatuko dituen herrietako udaltzaingoetako agenteekin koordinatuko dena
  • Ertzaintzako trafikoko lurralde-unitateetako agenteak Arkauten elkartu dira apirilaren 3tik 8ra bitartean Euskadi zeharkatuko duen txirrindulari-probaren irteeraren aurreko briefinga egiteko

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua ere bertan dela, egin da gaur goizeko lehenengo orduan Itzulia Basque Country 2023 proba dela-eta Ertzaintzak koordinatzen duen segurtasun-operatiboa gainbegiratzeko bilera.

Txirrindulari-proba gaur hasiko da, Gasteiz eta Bastida artean egingo den 165,4 kilometroko lehenengo etaparekin. Hori dela eta, bilera Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin dute, eta lehendakariarekin elkartu ondoren, Ertzaintzako trafiko-unitateetako agenteak Itzulia Basque Country 2023 probaren prebentzio, prestaketa, zaintza eta kontrol lanetan eta probaren ibilbide osoan laguntzeko lanean hasi dira.

Gaurko etapan parte hartuko duten agenteak agurtu ondoren, lehendakariak zuzenean jakin ahal izan ditu segurtasun-operatiboaren xehetasunak Jose Antonio López Fagunde Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitatearen buruaren eskutik, unitate hori baita aurtengo operatiboa antolatzeko ardura duena. Azaldu duenez, segurtasun-dispositibo konplexua da, eta Ertzaintzako 260 agentek osatuko dute. Txirrindulari-proban laguntzeko lanak trafikoko 45 agentek (37 motor-gidarik) egingo dituzte, larrialdietako zerbitzuekin koordinatuta eta lasterketak zeharkatuko dituen herrietako udaltzainen laguntzaz.   

Bileran izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendaria, Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria eta Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak