Euskadin 2021ean 6,5 milioi desplazamendu egin ziren egunean, 2016an baino % 3 gutxiago pandemiaren ondorioz
- Garraio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasunaren Azterlana aurkeztu die sektoreko eragileei eta gaian eskudunak diren erakundeei
- Mugikortasunak generoen arteko aldeak nabarmentzen ditu: gizonek ibilbide luzeagoak egiten dituzte eta nagusiki garraiobide motorizatu pribatuen aldeko apustua egiten dute; emakumeak, aldiz, herri barruan mugitzen dira batez ere, joan-etorriak oinez egiten dituztelako eta zainketekin zerikusia duten arrazoiengatik
- Joan-etorrien erdia inguru, % 44,3, oinez edo bizikletaz egiten da, eta ibilgailu pribatua bigarren lekuan dago, joan-etorrien % 39,8tan erabiltzen baita, nahiz eta garraiobide horren ehunekoa % 4,5 igo den 2016arekin alderatuta
Euskadin, batez besteko lanegun batean 6,5 miloi desplazamendu egiten dira, hau da, pertsonako batez beste, 3,1. Gehienak, % 42,4, oinez egiten dira, eta joan-etorri gehienak lanera joateko (% 32) edo ikasketen arrazoiengatik (% 11,7) egiten dira. Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasunaren Azterlanak ematen dituen datuetako batzuk. 2021eko datuekin osatu den azterlan horren ondorio nagusiak astelehen honetan aurkeztu ditu Iñaki Arriola sailburuak, sektorean eskumenak dituzten erakunde eta eragileentzat antolatutako jardunaldi batean.
Azterlanaren datuak 2021ean bildu izanak baldintzatu egiten du azterlana bera, pandemiaren ondorio ziren murrizketa batzuk oraindik indarrean baitzeuden –mugatuta zegoen aisialdia eta urrunetik jarduteko formulak zeuden ezarrita hezkuntzan eta administrazio publikoekin egin beharreko kudeaketetan–, eta agerian jartzen du joan-etorriekin lotutako joerak aldatu egin direla eta % 3 egin dutela behera, hainbat urtetan gora egin ondoren. Azterketa honek agerian jartzen du pertsonak gutxiago mugitzen direla, eta, gainera, nabarmen egin duela gora mugitzen ez diren zazpi urtetik gorako pertsonen ehunekoak: 2016an % 11,6 ziren eta 2021ean % 26,2.
Hala ere, orokorrean, mugikortasunaren eskema ez da asko aldatu: joan-etorrien ia erdiak oinez egiten dira eta bigarren lekuan ibilgailu pribatua dago, garraiobide hori erabiliz egiten baitira joan-etorrien % 39,8, eta 2016arekin alderatuta % 4,5 egin dute gora. Garraio publikoa hirugarren lekuan dago, eta bidaien % 7,1 autobusez egiten dira eta % 5,8 trenez edo tranbiaz. Gutxi dira bizikletaz egiten diren joan-etorriak, % 1,9, hain zuzen ere, eta horixe da garraiobide ezberdinak konbinatzen dituzten joan-etorrien ehunekoa ere. Motozikleten erabilpena % 0,8koa baino ez da.
Aurreko analisiarekin, 2016ko datuekin egin zen analisiarekin, alderatuta, gora egin duten aukera bakarrak garraio pribatuaren erabilera, joan-etorrien % 35,2 izatetik % 39,8ra igo baitira, eta multimodala dira, kasu honetan % 0,9tik % 1,9ra igo baita. Bi garraiobide horiek erabili zituztenak bost urte lehenago baino gehiago izan ziren, mugikortasun aktiboaren kaltetan –oinez egiten diren joan-etorriak % 47tik % 42,4ra jaitsi dira eta bizikletaz egiten direnak % 2,2tik % 1,9ra– eta autobusaren kaltetan, kasu honetan % 7,5etik % 7,1era jaitsi baitira.
Arriola sailburuak nabarmendu duenez, “pandemiak aldaketa handia eragin du mugikortasun-ohituretan, eta fase berri honetan denok lagundu behar dugu mugikortasun aktibo eta jasangarrirantz egiten; erakundeen, enpresa pribatuen eta herritarren erronka da, eta denon artean lortu behar dugu joera iraultzea Euskadi mugikortasun jasangarrian erreferente izan dadin”.
Mugikortasuna sustatzen duen arrazoi nagusia pertsonen okupazioa da joan-etorrien ia erdietan; izan ere, joan-etorrien % 32 lan-arrazoiengatik egiten dira eta % 11,7 ikasketengatik –arrazoi horrengatik, neguan egunean 6,5 milioi joan-etorri egiten dira eta udan, oporren ondorioz, 6,36 milioi, eta gauza bera gertatzen da lanegunetan eta asteburuetan, mugikortasuna % 10,7 jaisten baita neguko larunbatetan eta % 21,3 udakoetan, eta % 14 bi sasoietako igandeetan–. Bigarren lekuan aisialdia, kultura eta kirola daude, mugikortasunaren % 21,4rekin (2016ko % 26,3aren azpitik), eta etxeko kudeaketak (kudeaketa pertsonalak, zaintzarekin lotutakoak, etab.) egiteko joan-etorriak % 16,8 dira eta erosketak egitekoak % 11,1.
Generoa eta mugikortasuna
Azterlanak agerian jartzen du alde nabarmena dagoela generoaren arabera garraiobide ezberdinen bidez burututako joan-etorrietan. Gizonek gehiago erabiltzen dituzte garraiobide motorizatu pribatuak –autoa eta motozikleta aukeratzen dute egiten dituzten joan-etorrien erdietan, kasuen % 49,2an–; emakumeek, aldiz, gehiago erabiltzen dituzte garraiobide motorizatu gabeak –joan-etorrien % 50,2 oinez edo bizikletaz egiten dituzte– eta garraio publikoa. Aldeak nabarmenak dira egindako ibilbideetan ere, emakumeen joan-etorrien % 69,3 bizi diren herri barruan egiten baitira –gizonenak baino portzentajezko hamaika puntu gehiago– eta joan-etorrien arrazoietan, izan ere, kasu honetan detektatzen da zainketen pisua emakumeek hartzen dutela euren gain oraindik ere, eta beste pertsona bati lagun egiteko, erosketak egiteko eta etxeko edo familiako gestioak egiteko joan-etorriak gizonenak baino portzentajezko zazpi puntu gorago daude.
Mugikortasunaren erradiografia probintzien arabera
Joan-etorri guztien % 63,7 norbera bizi den herrian bertan egiten dira, % 17,7 eskualdean, % 8,8 lurraldean eta % 8,6 lurraldeen artean –ehuneko horrek gora egin du 2016ko % 2,8ren aldean–; % 1,2 baino ez dira kanpora egiten diren joan-etorriak.
Arabaren kasuan, mugikortasunaren % 81,9 hiriburuan egiten da, eta Gasteiz da bizikleta gehien erabiltzen den hiriburua, % 8rekin. Oinez egiten diren joan-etorrien tasa probintzian da altuena, baina Gasteiz da ibilgailu pribatua gehien erabiltzen den hiriburua.
|
Oinez | Kotxea | Autobusa | Trena/tranbia | Bizikleta | Intermodala | Motorra | Bestelakoak |
Araba |
% 44,1
|
% 38,7 |
% 5,9 |
% 2,8 |
% 6,7 |
% 0,6 |
% 0,5 |
% 0,7 |
Vitoria-Gasteiz |
% 45,5 |
% 35 |
% 6,2 |
% 3,3 |
% 8 |
% 0,6 |
% 0,6 |
% 0,8 |
Bizkaiaren kasuan, joan-etorrien % 28,1 baino ez dira Bilbo barneko joan-etorriak. Intermodalitateari eta trenbidezko joan-etorriei buruzko datuak beste bi probintziatakoak baino altuagoak dira, eta Bilbo da oinez joan-etorri gehien egiten diren Euskadiko hiriburua. Bizkaia da oinezkoen garraiobidea gehien erabiltzen den probintzia.
|
Oinez | Kotxea | Autobusa | Trena/tranbia | Bizikleta | Intermodala | Motorra | Bestelakoak |
Bizkaia |
% 50,3
|
% 30,9 |
% 6,6 |
% 8,8 |
% 0,7 |
% 1,9 |
% 0,4 |
% 0,4 |
Bilbo |
% 67,1 |
% 10,4 |
% 9,4 |
% 9,9 |
% 0,9 |
% 1,5 |
% 0,6 |
% 0,2 |
Gipuzkoan joan-etorrien % 28,2 hiriburuan egiten dira. Donostia da autobusa gehien erabiltzen den hiriburua, % 16,1ekin, bai eta motozikleta gehien erabiltzen duena ere, garraiobide minoritarioa izan arren joan-etorrien % 4,3tan erabiltzen baita. Probintzia mailan, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun handiena duena da.
|
Oinez | Kotxea | Autobusa | Trena/Tranbia | Bizikleta | Intermodala | Motorra | Bestelakoak |
Gipuzkoa |
% 41,6
|
% 40,1 |
% 9,5 |
% 3,1 |
% 2,3 |
% 0,9 |
% 2 |
% 0,4 |
Donostia |
% 45,6 |
% 25,5 |
% 16,1 |
% 2,7 |
% 4,4 |
% 0,6 |
% 4,3 |
% 0,8 |
Garraio publikoa
Datuak biltzeko teknologia berriak sartu izanari esker, besteak beste, gailu mugikorrak edo garraio-txartelen monetika, azterlanak lehenengo aldiz bildu ditu mugikortasun-modu publikoen erabilerari buruzko xehetasun sakonagoak. Alde horretatik, 2021eko azterlanarena emaitzen arabera, neguan 871.000 joan-etorri egiten dira garraio publikoan, horietatik % 48,3 autobusez, % 50,2 trenez edo tranbiaz eta % 1,5 gainerakoetan. Udan bidaien bolumena nabarmen jaisten da, % 33,6, hain zuzen ere, eta 578.000 joan-etorri egiten dira, horietatik % 50,3 autobusez, % 48,2 trenez edo tranbiaz eta % 1,5 gainerakoetan.
-
2023-12-20
Comentario de Twitter:
@NacionRotonda Frente al supuesto liderazgo de otros países europeos en cuestión de movilidad sostenible, en realidad, en muchas localidades del sur el mix peatonal-ciclista es superior.Ejemplo:
✅ Bilbao: 68%
✅ Vitoria-Gasteiz: 53,5%
✅ Donostia: 50%