Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzaren koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko programak aukera ematen du tumoreen %70 hasierako estadioetan detektatzeko

2023-03-31

Osakidetzak gogorarazi du baheketan parte hartzeak Euskadin ohikoena den minbizi horren aurreko biziraupena areagotu dezakeela, % 95 arte

 

Gizonetan kasuak emakumeen kasuen bikoitza dira; beraz, Programan parte-hartze handiagoa izatera animatu ditu

 

Koloneko Minbizia Prebenitzeko Mundu Eguna izango da ostiralean, martxoaren 31n, eta, hori dela eta, Osakidetzak gogorarazi du gaixotasun horren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra, biztanleetan tumore ohikoenarenak, oso garrantzitsuak direla. Urtero, 2.000 tumore baino gehiago detektatzen dira Euskadin; alegia, guztizkoaren % 15, eta biziraupena, bost urtera, % 57 ingurukoa da.

 

Koloneko minbizia izateko arriskua areagotu egiten da adinarekin, eta urtero detektatzen diren kasuen kopurua ia bikoitza da gizonetan, emakumeen aldean. Bizi-ohiturek, hala nola tabakoak, haragi gorriaren kontsumoak, haragi prozesatuaren kontsumoak, alkoholak edo sedentarismoak areagotu egiten dute hura garatzeko aukera. Aitzitik, barazki eta frutetan aberatsa den elikadura eta ariketa fisikoa, besteak beste, edo gainpisurik ez izatea faktore babesleak dira.

 

Nahiz eta prebentzio hori beharrezkoa den, detekzio goiztiarra ere argi geratu da kasuen kopurua eta eragiten dituen heriotzen kopurua murrizteko estrategia eraginkorrenetako bat dela. Minbizia garaiz detektatzeak (lesio aurregaiztoak eta hasierako estadioetan dauden minbiziak) areagotu egiten du biziraupena % 95 arte.

 

Euskadin, 2009an, Koloneko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa jarri zen abian; hura 50-69 urte bitarteko pertsona guztiei zuzentzen zitzaien, eginkarietan ezkutatuta dagoen odola detektatzeko testarekin, bi urtean behin, eta kolonoskopiarekin, sedazioarekin, kasu positiboetan. Gaur egun, programa horretako parte-hartzea handienetakoa da Estatu-mailan eta nazioarte-mailan, eta % 72 ingurukoa da; emakumeetan gizonetan baino pixka bat altuagoa da, % 68 ingurukoa.

 

Parte-hartze maila handi horri esker, 36.166 lesio aurreratu (aurregaiztoak) eta 4.231 minbizi inbaditzaile detektatu eta tratatu dira, programa abian jarri zenetik; minbizi horien % 70 hasierako estadioetan, eta, beraz, tratamenduak ez dira hain erasokorrak izan, eta pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea nabarmen hobetu dira. Nabarmendu behar da gizonetan bai lesio aurreratuen kasuak bai minbizienak emakumeetan izan diren kasuen bikoitza baino handiagoak izan direla; beraz, Osakidetzak kolektibo horri gogorarazten dio zer garrantzitsua den detekzio goiztiarreko programan parte hartzea.

 

Nahiz eta COVID-19ak eta ondoz ondoko olatuek Programan parte hartzeko deialdiak moteltzea eragin duten, mundu-mailan gertatu den bezala, parte-hartzean izan duten eragina txikia izan da, eta, 2021ean eta 2022an, jarduera eta parte-hartzea suspertzen joan dira. 2023an, erakunde guztietan egunean jartzea espero da.

 

 

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 30a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)