Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko

2023-03-31

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratu da, euskararen lurralde guztietara zabalduko dena. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera euskararen lurralde osora zabalduko den egitasmoa da. 

Donostian egin den ekitaldian parte hartu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Gobernuan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakari Antton Curutcharry-k, Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kide Haika Aizpuruak.

Euskaraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten establezimendu edo entitateetan izan ere,  marka duten guneetan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro. Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez “atxikimenduari baino, gaitasunari lotuta egongo da marka banatzeko irizpidea”. Egitasmoan parte hartzen duten udalek izango dute marka banatzeko eta betearazteko ardura. 

Euskaraz barra-barra koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Zupiriak adierazi duenez “lankidetzatik eraikitako marka da, udaletako teknikariekin eta HAKOBA batzordekideekin”. Marka iraunkorra izango da, herrietako euskara zerbitzuetatik kudeatuko dena. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez “sarean lanean ari gara. Erakundeetatik bakarrik ezin dugu lan honetan aurrera egin. Gizartearen eskutik egin behar dugu aurrera. Hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreen artean nagusienak izan ohi dira hizkuntza erraztasuna eta harreman sarea. Baldintza horiek batzen direnean izan ohi da euskara erabiltzeko aukera gehien. Ezinbesteko gakoa da erakunde, entitate zein herritarren aktibazioa; norbanako, herritar, erosle, saltzaile, ostalari, dendari, eragile edota entitateen arteko sarea sortu eta eremu berriak irabaztea”. 

Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, honako lau helburu hauek oinarri hartuta:

  • Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez
  • Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea
  • Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea
  • Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea

Nafarroako Gobernuan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok hizkuntza politika publikotik euskararen erabilera pizteko ahalegina azpimarratu du eta gogorarazi duenez “horren aldeko programak lagundu eta garatu ditugu. Izan ere, euskararen gizarte erabilera handitzea gure lan lerro estrategiko nagusietako bat da”. Ollok adierazi duenez Euskaraz barra-barra “euskaraz egiteko askatasun eta lasaitasun espazioak ikusgarri egiteko ekimena da, herritar euskaldunei erosotasuna ematen diena. Espazio horiek euskararen eremu osoan, lurralde guztietan, identifikagarri egiteko marka bera izateak euskararen erabilera sozialari lagunduko dio eta hiztunei konfiantza emango die”. 

Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakari Antton Curutcharry-k gogoratu duenez EEPko Biltzar Nagusiak aho batez onartu du Euskaraz Barra Barra proiektua Ipar Euskal Herrian sustatzea, “erabilpenaren pizgarri” izan daitekeelako. Marka Euskararen Erakunde Publikoak hedatuko du Ipar Euskal Herrian, Curutcharry-k  esan duenez “lankidetzak bilatuz elkarteekin, merkartaritza sareekin, eta nahi duten eragile guztiekin”. Gaineratu duenez, markaren hedapena baliatuko dute “saltegiak laguntzeko haien hizkuntza paisaia elebiduntzen. Markaren zabalkundea egitean, saltegiei proposatuko diegu haien seinaletika, komunikazioa eta erabiltzen dituzten euskarriak euskaraz ere ezartzea, eta horretarako laguntza eskainiko diegu (itzulpenak, euskarriak…)”. 

Pilotajea 

Duela hilabete batzuk hasi zen Euskaraz barra-barra marka pilotatzeko prozesua. Guztira 3-6 hilabete arteko proba denbora honetan Donostia, Oarsoaldea, Andoian, Laudio eta UEMAren barneko herrietako 1.644 establezimendutan ezarri da Euskaraz barra-barra marka bateratu berria pilotatze-fasean:

  • Donostia: 1.132 establezimendu.
  • Oarsoaldea: 113 establezimendu.
  • UEMAko herriak: 265 establezimendu.
  • Andoain: 52 establezimendu.
  • Laudio: 82 establezimendu.

Eneko Goia Donostiako Alkateak azaldu duenez, euskal hiztunen "estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz egiteko eskubidea bermatzen du Euskaraz barra- barra" egitasmoak. Beraz, Goiaren ustez "ona da bezero euskaldunentzat baina baita merkatari eta ostalarientzat ere, komunikazioa  hobetzen laguntzen dielako eta bezero euskaldunen hizkuntza premiak asebetetzen dituelako". 

Alkateak azpimarratu du Donostian bisitatutako establezimendu horietan, jendaurrean ari den langileen %77,7k euskaraz  dakiela edota euskaraz ulertzen duela. Horregatik, bere ustez Barra-Barra markak "errealitate hau azaleratzen lagunduko digu eta donostiarrei zein Donostiatik kanpo etortzen diren euskaldunei euskaraz aritzeko aukera ugari emango dizkie". 

Orokorrean, Euskaraz barra-barra markak harrera ona izan du, bai establezimenduetan, eta baita bezeroen artean ere. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok azpimarratu duenez “euskal merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreak barne-eraldaketa sakon batean murgilduta daude, digitalizazioari eta iraunkortasunari dagokienez, gure herritarren eta bisitarien aldaketa sozialei eta kontsumo-ohitura berriei azkar erantzun behar diena. Eraldaketa horrek enpleguaren kalitatea zaindu behar du, gure gizarte pluralari erantzun behar dio eta euskara gure kaleetan batzeko tresna gisa sartu behar du, gure zerbitzuek eskaintzen duten arreta are gehiago indartuz”. 

Bestalde, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kide Haika Aizpuruak adierazi duenez “euskararekiko gure konpromisoa sendoa da, eta aspalditik eta luzerako mantenduko dugun oinarrietako bat da. Sektorearen aurrean erreferente izan nahi dugu, euskaraz artatuz eta elkarlanean arituz”. 

2023an 50 udalerri inguru, EAEko hiru hiriburuak barne, hasiko dira Euskaraz barra-barra ezartzeko prozesuarekin eta datorren urterako ere konpromezua hartu dute hainbatek. Helburu nagusia herri guztietan martxan jartzea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak