Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

Emakunderen Aholku Batzordeak azaroaren 5aren aukera berretsi du 2024rako jaiegun feminista gisa

2023-03-31

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru izan da gaur, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestarekin batera, Emakundeko Aholku Batzordearen osoko bilkuran. Batzorde hori Euskadiko emakume-elkarteen eta Emakumearen Euskal Erakundearen arteko elkarrizketarako organoa da. Bilera horretan, emakumeen elkarteetako ordezkariek aho batez aukeratu dute azaroaren 5a, 2024rako jaiegun feminista gisa. Egun horretan,1933an euskal emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten.

Aholku batzordeak martxoaren 20an egindako bileran, egun horren alde agertu ziren elkarteak, otsailaren 18koarekin batera (2005ean Berdintasunerako Legea onartu zen), edo irailaren 4koarekin batera (1995ean Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia egin zen Beijingen), eta eztabaidan zehar baztertu egin zuten martxoaren 8a edo azaroaren 25a bezalako datak proposatzeko aukera, lan-egutegian jai gisa izendatzea arriskutsutzat jo ondoren. Haien ustez, egun horietan aldarrikatzen diren helburu feministak geldiarazteko arriskua dagoelako, bultzatu baino gehiago.

Kontsulta-batzordeak hartutako erabakia berehala bidaliko zaio Eusko Legebiltzarrari, eta, hala, bertatik egindako eskakizunari erantzungo zaio. Izan ere, Legebiltzarrak Emakunderi eskatu zion parte-hartze prozesu bat gidatzeko, efemeride feministaren proposamen bat zehazteko, 2024an jaieguna izan dadin. Erabakia berehala bidaliko zaio baita ere Enplegu eta Lan Sailari, apirilaren erdialdera arte ezarritako alegazio-epearen barruan.

Sailburuak eskerrak eman dizkie elkarteetako ordezkariei egindako ekarpenagatik, eta dataren izaera sinbolikoa nabarmendu du. Egun horretan, 1933an, emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten Euskadin, eta Espainiako gainerako emakumeek baino bi aste lehenago bozkatu zuten, 1933ko azaroaren 19an. Gainera, bozketa propioa egin zuten, Gernikako Autonomia Estatutuarena.

Halaber, Emakunderi eskerrak eman dizkio efemeride feministak bilatzeko egindako lanagatik, beste lan sakonago bat egiteko abiapuntua izan daitekeela aipatu du. Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Batzorde Aholku-emailean ordezkatuta dauden emakumeen elkarteek egindako lana eskertu du.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak