Saguesek TAC! Festibalaren pabiloia hartuko du, larrialdi klimatikoak dituen erronkei buruzkoa, MUGAK biurtekoaren esparruan
- Donostia, Valentziarekin batera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) eta Arquia Fundazioak bultzatutako jaialdiaren egoitza da 2023an
- Jaialdia Donostian izango da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren aurreko jardueren esparruan
- Pabiloia eraikitzeko ideien lehiaketaren deialdia arkitekturako profesional gazteei zuzenduta dago eta maiatzaren 12ra arte zabalik dago
Donostia, 2023ko martxoaren 30a. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA), Arquia Fundazioarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, Habicekin batera, arkitekturako profesionalentzako deialdia aurkeztu dute gaur goizean, aldi baterako pabiloia diseinatzeko. Pabiloi horretan TAC! Hiri Arkitekturaren Festibalaren bigarren edizioa ospatuko da. Aurten Donostia aukeratu dute jaialdiaren bi egoitzetako bat izateko, Valentziarekin batera, Espainiako arkitektura gaztearen talentua erakusteko. Saguesen izango den pabiloia diseinatzeko lehiaketa maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik.
“TAC!-en azken helburua gure herrialdeko arkitekto gazteenei ahotsa ematea da, eraikuntza iragankor baten bidez erakuts dezaten arkitekturak gure bizitzetan izan dezakeen eragin positiboa, espazio publikoari balioa emanez”, aipatu du Iñaki Carnicero Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusiak eta ekimenaren sustatzaileak aurkezpenean.
Pablo García Astrainek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak, nabarmendu du “arkitekturako profesionalen belaunaldi berriek zeresan handia dutela klima-aldaketaren erronkari arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik aurre egiteko moduari buruz. Horregatik, aipatzekoa da TAC! Festivalek eta MUGAK Bienalak bat egin dutela beren lana ikusarazteko eta klima-larrialdiaren garrantziari buruzko eztabaida batean ahotsa emateko”.
Nuria Matarredona Hiri Agenda eta Arkitekturako (MITMA) zuzendari nagusiak nabarmendu nahi izan zuen “pabiloia hiriaren arkitekturaren eta jasangarritasunaren inguruko gogoeta-foro gisa erabili nahi duela, eta pizgarri bihurtu nahi duela, arkitekturak eta kulturak gizarte-erronka handietako batzuk konpontzen lagun diezagukeela erakusteko”.
Hitzordua urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean izango da hirian, eta hainbat kultur jarduera izango dira pabiloian, hiria espazio publikoan berrikuntza eta esperimentaziorako gune bilakatzeko. Aurten, arkitekturak egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan hiri-inguruneak aurre egin beharreko erronketan duen paperari buruzko hausnarketa izango da ardatz nagusia.
Javier Peña jaialdiaren zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da TAC! bezalako proiektuak egotea, hiri-ingurunea diseinatzeko modu berriak aztertzeko aukera ematen digutenak. Are gehiago Donostian eta Saguesen bezalako leku batean, aukeraz betetako muga den espazio publiko batean. Zehaztugabetasun hori da, hain une garrantzitsuan, arkitekturaren, berrikuntzaren eta klima-kontzientziaren bidez lantzea proposatzen duguna”.
Donostia, iraunkortasunaren ikuspegitik diseinatzea
Klima-aldaketak ezarritako premiazko testuinguruan, Donostiak MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren ediziorako zehaztutako gaia aztertzea proposatzen du: berreraiki, berpiztu, berrasmatu. Hori guztia erakundeen, enpresen, instituzioen, kolektiboen, arkitektura-estudioen eta talentu berrien emergentziaren erdian, espazioen diseinua iraunkortasunaren, inklusibitatearen eta ingurumenaren zaintzaren ikuspegitik ulertzeko beharra planteatzen baitute.
Pabiloia Sagueseko zabalgunean kokatuko da, hiriaren eta naturaren artean, itsasoa, mendia eta hiria elkartzen diren lekuan, malkartsuaren edertasuna eta gogortasuna azaleratzen diren topografian. Pasealekuan zehar hiriarekin lotzen den itsas fronte baten amaiera da, amaitu gabeko toki batean, tokiko nortasun sendoarekin. Topaleku berezia da, non familiak, surf edo skate zaleak eta ibiltariak elkarrekin bizi diren eta eguzkiaz eta itsasoaz gozatzen duten.
María Arana MUGAKen aurtengo edizioaren komisarioak azpimarratu duenez, “arkitektura ospatzeko kalea ospatu behar dugu. Pabiloiek ekonomia zirkularraren printzipioen arabera berrerabiltzeko eta eraldatzeko pentsatutako arkitektura bati buruz hausnartzeko gonbidapena izan nahi dute, testuinguru edo behar askotara egokitua. Arkitektura zirkular, multifuntzional, malgu eta itzulgarria bilatzen dugu, ziurgabetasun eta aldaketa iraunkorren testuinguru honetan erantzun anitzak emateko balioko duena”.
Pabiloiak diseinatzeko deialdia eta epaimahaia
Pabiloia 45 urte arteko arkitekturako profesionalei zuzendutako deialdi baten bidez aukeratuko da. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Hiri Agenda eta Etxebizitzako Idazkaritza Nagusiak, Arquia Fundazioarekin lankidetzan, Valentziako eta Donostiako pabiloiak diseinatzeko ideien lehiaketa honetarako deialdia egin du.
Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, irabazleek 12.000 €-ko saria jasoko dute, eta proiektua gauzatzeko gehienez 90.000 €-ko aurrekontua izango dute. Aurrekontu hori handitu ahal izango da babesletza-ekarpenekin. Bigarren eta hirugarren sariak ere egongo dira, 3.000 €eta 2.000 €, hurrenez hurren.
Parte hartzaileek deialdiaren oinarrietara jo ahal izango dute jaialdiaren webgunean eta euren proiektua helaraz dezakete maiatzaren 12ra arte web formularioaren bidez. Lehiaketan epaimahai espezializatu bat egongo da, Festibalaren edizio hau osatzen duten erakundeetako ordezkariek osatua. Epaimahai honek bi proiektu irabazleak aukeratuko ditu, bi finalista egoitza bakoitzerako sari ekonomikoarekin eta hiru aipamen.