Azterlan batek beharrezkotzat jotzen du museo arkeologikoetan emakumeek historiari egindako ekarpena agerian uztea
Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak gaur goizean aurkeztu du “Euskadiko ondare arkeologikoaren (BER)irakurketa feminista: Berdintasuna Historian genero-ikuspegiari esker” izeneko azterlana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanetarako emandako bekaren emaitza. Aurkezpenean parte hartu dute Emakunderen zuzendari Miren Elgarrestak eta ikerketaren egileetako batek, Teresa Campos-Lópezek. Emakundeko zuzendariak azpimarratu du beharrezkoa dela genero-ikuspegia eremu guztietan aplikatzea, eta azpimarratu du garrantzi berezia duela arkeologia bezalako eremu batean, haren bidez irakurtzen baitugu iragana.
Honako museo hauek aztertu dira ikerlanean: BIBAT Gasteizen, Oiasso Museoa Irunen eta Arkeologi Museoa Bilbon. Ikerketak ondorioztatzen duenez, ez dago emakumeen presentzia argirik museo arkeologikoen kontakizunean, eta haien edukiak joera androzentriko argia du. Azterlanaren arabera, joera hori zuzendu egin behar da genero ikuspegiaren bitartez, bestela emakumeen ekarpenik gabeko diskurtso historikoa legitimatzen baita. Hala ere, ikerketak aitortzen du gero eta kontzientzia handiagoa dagoela arkeologiaren esparruan ere genero-ikuspegia bezalako metodologiak aplikatzen dituzten planteamenduetarantz aurrera egiteko nahia. Aipatzekoa da, adibidez, alderdi positibo gisa, museoetan hezkuntza-eskaintzan egiten den lana, genero-ikuspegia duten ikasleentzako programen bidez, positiboki baloratutako beste jarduera batzuen artean.
Azterlanak museotan eskaintzen den kontakizunean hobetu beharreko guazak aipatzen ditu: adibidez, gizonak beren komunitateetako funtsezko eragile gisa aurkezten dira, eta emakumeak, berriz, ez dira funtzio politiko-sinbolikoak garatzen agertzen: genero-estereotipo tradizionalen arabera egindako diskurtsoak transmititzen dira oraindik ere, eta maskulinitate hegemonikotzat hartzen duguna soilik bistaratzen da horietan. Maskulinotasunaren zentraltasuna ikusgai dauden objektuetan ere islatzen da, eremu femeninoei dagozkienak bigarren mailako zerbait bezala erakutsiz, zerbait osagarria, erreferentzia puntualen bidez aurkeztua; eta zentraltasuna eta garrantzia gizonen jarduetarako gordez. Planteamendu horrek maskulinoa generikoki gizatiar gisa katalogatzen laguntzen du, gizona unibertsalarekin identifikatuz.
Alde horretatik, azterlanak landu beharreko bi alderdi aipatzen ditu:
- Kontakizunetan eta diskurtsoetan beste jarduera batzuk txertatzeko lan egitea, hala nola zaintza, hazkuntza edo mantentze-jarduerak, horiek funtsezkoak baitira bizirik irauteko.
- Gaur egun agertzen diren jarduerak birformulatzea; izan ere, jarduera askotan emakumeek ekarpenak egin dituzte, baina gaur egun gizonen parte-hartzea baino ez da aipatzen.