Bildarratz sailburuaren eta Hiroshimako Unibertsitateko errektorearen arteko bilera
- Hiroshimako Unibertsitateko errektore Ochi Mitsuo Euskadin da egunotan, Euskal Unibertsitate Ekosistemaren ezaugarri nagusiak bertatik bertara ezagutzeko asmoz
- Topaketan UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreek ere hartu dute parte
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Hiroshimako Unibertsitateko errektore Ochi Mitsuorekin bildu da gaur arratsaldean Bilbon. Bertan izan dira, halaber, EHUko errektore Eva Ferreira, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkari Cristina Uriarte eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais.
Bilkura hau, joan den azaroan euskal ordezkaritza batek —Europako Batzordeak bultzatuta— Japoniara egindako bisitaren ondoren iritsi da. Bisita hura hango unibertsitate-sistemaren eta, bereziki, zientzia eta teknologia-sarearen ezaugarriak ezagutzeko egin zen. Orain, bisita itzuliz, Hiroshimako errektoreak eta bere taldeak Euskal Unibertsitate Ekosistemaren ezaugarri nagusiak sakon aztertu nahi dituzte.
Bileran, gaur egun Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateen artean dagoen lankidetza nabarmendu du Bildarratz sailburuak. Era berean, nabarmendu nahi izan du aipatutako unibertsitate-ekosisteman eragile gehiago —eta oso garrantzitsuak— daudela, eta guztiek unibertsitate-komunitate kohesionatua eta sendoa osatzen dutela. Hala, Eusko Jaurlaritzari lotutako bederatzi BERCek —Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketa-zentroek— egiten duten lana balioetsi du, baita Ikerbasque —Zientziarako Euskal Fundazioa— eta Unibasq —Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia— eragile laguntzaileek eta beste eragile batzuek —Euskampus Fundazioak edo Prestakuntza Klusterrek, besteak beste— egiten dutena ere.
Japoniako ordezkaritzaren agenda
Lehenago, goizean, Japoniako ordezkaritzak UPV/EHUk Donostian duen Ibaetako campusa bisitatu du. Bertan, EAEko hiru unibertsitateetako eta Hezkuntza Saileko arduradunek unibertsitate eta ikerketa-esparruko egungo politiken alderdirik adierazgarrienak azaldu dituzte.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bitartez, IKUR 2030 Estrategiaren balioa nabarmendu du, ikerketako bere lau esparru estrategikoekin: neutrionika, superkonputazioa eta adimen artifiziala, teknologia kuantikoak eta neurobiozientziak. Halaber, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ildo nagusiak azaldu dizkio errektoreari, baita 2023-2026 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Plan berriaren ildo nagusiak ere.
Arratsaldean, errektoreak eta bere taldeak Deustuko Unibertsitatea bisitatuko dute. Bertan, hiru euskal unibertsitateetako ordezkariek beste unibertsitate-estrategia esanguratsu batzuk azalduko dituzte, hala nola Unibertsitatea + Euskadi Basque Country Estrategia edo Unibertsitatea + Enpresa euskal Estrategia.
Bildarratz sailburuarekin izandako bileraren ondoren, bai Hezkuntza Sailak bai Hiroshimako unibertsitateko errektoreak etorkizunean proiektuak bultzatzeko lankidetzarako bide bati eusteko interesa agertu dute.