Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

2020ra arte Euskadiren energia-politika gidatuko duen estrategia onartu da (2011-12-13(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 13

Erabakia, Euskadiko Estrategia Energetikoa 2020 onartzeari buruzkoa (3E2020)

Dokumentuak egiten duen apustua da energia-aurrezkia % 22 hobetzea, energia berriztagarrien aprobetxamendua % 87 handitzea eta energiari lotuta dauden euskal enpresen teknologia- eta industria-garapena indartzea, enpresa horiek % 25 gehiago fakturatzeko, datozen hamar urteotan guztira 10.710 milioi euroko inbertsioak gauzatzeko.


Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskadi 2020 Energia Estrategia (3E2020) onartu du gaur, hurrengo hamarkadan euskal energia-politika gidatuko duen dokumentua, alegia. Dokumentua sei hilabetez landu da, eta bertan hainbat eremutako 200 agentek baino gehiagok hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, toki-administrazioa, Energiaren clusterreko enpresak, energia-operadoreak, kontsumitzaile-elkarteak, finantza-erakundeak, agente ekonomiko eta sozialak, talde ekologistak, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak.

Estrategia hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: energia-aurrezpenarekiko apustu irmoa, energia berriztagarriak sustatzea, eta energiari lotutako euskal industria-sektorea indartzea.

Apustu horiek helburu zehatzak hartzen ditu barnean, hala nola:

  • Energia-eraginkortasunari lotutako jardunak sakontzea sektore kontsumitzaile guztietan, 1.050.000 tep/urte aurreztuz 2020. urtean, eta amaierako energia-intentsitatea % 22 hobetzea. Neurri horien bitartez, Euskadik 4.000 eta 5.000 milioi euro bitartean aurreztu ahal izango ditu datorren hamarkadan.
  • Petrolioaren azken kontsumoa 2020. urtean % 9 murriztea 2010. urtearekin alderatuta, garraio-sektorearekiko deslotura bultzatuz (37.100 ibilgailu elektriko), errepideko garraioan energia alternatiboak % 15 izan daitezen.
  • Energia berriztagarrien aprobetxamendua % 87 igotzea 2020. urtean 905.000 tep-eraino iristeko, hau da, energia berriztagarrien azken kontsumoaren kuota % 14 izateko.
  • Teknologia- eta industria-garapenaren lehentasunezko 8 arlo sustatzea energia-esparruan, eta energia-sektoreko enpresen fakturazioa % 25 igotzea.
  • 10.710 milioi euroko inbertsioak mobilizatzea 10 urteko aldian, erakunde-politika konprometituaren eta ereduzkoaren bitartez, sustapenerako, laguntzetarako eta inbertsio publikoetarako % 16,5 emango duen politika.

Energia Estrategiaren abiapuntua aurreko estrategiari buruz egindako azterketa da. Azken estrategia hori 2010ean amaitu zen eta proposatutako helburuen betetze-maila ertaina/handia izan zen.

Estrategiaren funtsezko gaien artean, gas naturalak eta energia berriztagarriek osatutako bikotearen aldeko apustua nabarmentzen da, datozen urteetarako energia osagarriak izango diren heinean.

Energia berriztagarriei dagokienez, energia eolikoaren garapenean bi egoera posible daude, % 14tik % 17ra bitartekoak izango direnak azken kontsumoari dagokionez. Tarte hori energia eolikoak nahiz beste energia berriztagarri batzuek datozen hamar urteetan izango duten teknologia-garapenaren arabera baldintzatuta dago.

Energia-aurrezteari dagokionez, batez ere eraikinetan egingo dira ahaleginak. Eraikinetan, Administrazioak zeregin garrantzitsua izango du, bai antolaketako agente gisa bere eskumenenen eremuan, bai bere instalazioen kudeatzaile gisa izango duen egitekoan.

Garraioari dagokionez, egitura aldatzeko ahaleginak egingo dira kontsumoak murrizteko eta petrolioaren ordezko energien erabilera bultzatzeko. Ildo horretan, energia-kontsumoan hain intentsiboa ez den mugikortasuna sustatzen jarraituko da. Honako helburu hau lortu nahi da: 2020. urtean 37.000 ibilgailu elektriko izatea zirkulatzen Euskadin.

Jardun horiek abian jartzearen ondorioz energia-sistema iraunkorragoa izango da 2020an. Energia- eta elektrizitate-eskaera nabarmen murriztuko da, energia berriztagarrien erabilera areagotuko da eta energiaren eta elektrizitatearen uztarketa orekatuagoa eratuko da.

24.000 enplegu energia-sektorean

3E2020 estrategiaren ekarpen nagusia honako hau da: energia- eta ingurumen-erronka handiak aprobetxatuko ditu euskal enpresa-sektoreei hazteko aukera paregabea emateko, teknologia-garapenaren, lankidetzaren eta negozio-lerro berrien identifikazioaren bitartez.

Apustu hori zehazteko, jardun-arlo berezi eta berri bat eratuko da 3E2020 energia-estrategiaren barnean, hain zuzen ere Teknologia eta Industria Garapenerako arloa (EnergiBasque ere esaten zaio).

Energia-sektorean 24.000 pertsona ari dira lanean, 356 enpresatan. Euskadin, sektorearen fakturazioa 15.469 milioi euro da, eta I+Gan 188 milioi euroko inbertsioa egin da, soilik EAEn. Ikerketaren arloari dagokionez, energia-sektoreko enpresetan 1.905 langile ari dira.

Ildo beretik, CIC energiGUNE ikerketa kooperatiboko zentroa ere badu sektoreak; zentro horretan, energian espezializatutako I+Gko 10 zentro korporatibo biltzen dira, multinazionalen 5 lehiakortasun-zentro, goi-mailako kalitateko hainbat unibertsitate eta euskal bi aliantza teknologiko handiak, hau da, IK4 eta Tecnalia, gai horretara bideratutako unitateekin.

EnergiBasquek energia-sektoreko teknologia-agente eta enpresen sare horri laguntza eskaini nahi dio, batetik, euskal ekonomiaren iraunkortasuna susta dezan, eta, bestetik, datozen hamarkadetan, Euskadirentzat aberastasunaren, enpleguaren eta bizi-kalitatearen iturburu bihur dadin. Horretarako, lehentasunezko zenbait teknologia-arlo zehaztu dira, eta elektrizitatea izango da horien guztien ardatza, funtsezko energia-bektorea den heinean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan