Nola zaindu diabetesa
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Etxebizitza Sailak eta Andoaingo Udalak herrian babespeko ehun bat etxe eraikitzeko hitzarmena sinatu dute

2023-03-30
  • Alokairuko 96 BOE dira, eta Amakandida eta Agirialai eremuetan eraikiko dira
  • Sustapen horiekin % 93an haziko da Sailak herrian gaur egun duen etxebizitza-parke publikoa

 

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak ostegunean sinatu dute herrian alokairuko babes sozialeko 96 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duen hitzarmena; horietako 80 Amakandida eremuan eraikiko dira eta beste 16 Agirialai eremuan, biak herriaren iparraldean. Eraikitzekoak diren 96 etxebizitza horiekin ia bikoiztu egingo da gaur egun herrian dagoen alokairuko etxebizitza-parke publikoa (% 93ko hazkundea); izan ere, Etxebizitza Sailak Alokabide bitartez kudeatzen ditu une hauetan bere jabetzakoak diren 103 etxebizitza.

Amakandiako sustapena eremu hori birgaitzeko planaren barruan egingo da, gaur egun industria-erabilerako eta bizitegi-erabilerako esparruetan baitago banatuta. Agirialai eremuan, gaur egun dagoen lurzoru urbanizagarrian egingo den garapenaren barruan, eremu horretarako aurreikusitako dentsitate baxuko eraikuntzaren ezaugarriei jarraituz egingo da eraikina. Etxebizitza Sailak guztira 15 milioi eurotik gora inbertituko ditu azpiegiturek, errekak eta mendiak markatzen duten eta etxebizitza babestuaren arloko jarduketak hartzen dituen Andoain iparraldeko esparruaren erabilera optimizatuko duten bi sustapenetan.    

Bi sustapenak gauzatzeko epeen arabera, 2023an aurrera egingo da Amakandidako lurrak zatitzeko prozesuan eta bi lursailak dohainik lagatzeko eta eskrituratzeko izapideak sustatuko dira; aldi berean, proiektuak hasiko dira 2024an eta 2025ean, dena aurreikusita bezala joaten bada, Visesak lanen exekuzioa lizitatu ahal izan dezan.  

Maider Lainez alkateak azaldu du hitzarmenak aukera emango duela “Andoainen etxebizitza babestu eskuragarria eraikitzeko apustu argia eta irmoa egiteko, modu horretan gaur egun daukagun zailtasun eta eskari handietako bati, etxebizitza beharrari, alegia, erantzuna emanez. Eskerrak eman nahi dizkiet sailburuari eta bere lantaldeari hitzarmen hau egia bihurtzeko egin duten ahaleginarengatik. Argi geratu da erakundeok elkarlanean eta lankidetzan aritzen garenean, gure herritarrak ateratzen direla irabazten”.  

Arriola sailburuak nabarmendu duenez, “urteak daramatzagu etxebizitzak arrazoizko prezioan eskatzen dizkiguten herritarrei erantzun bat eman nahian, eta Andoaingo Udalarekin ematen ari garen urrats honek argi uzten du erakundeen arteko elkarlanak eta borondate politikoak eskari horri eman beharreko erantzunak aktibatzen dituztela, jardungo den bi eremu horietan alokairuko etxebizitza babestuak bermatzearen bidez”.  

Lainezek azaldu du, bestalde, hitzarmen honek hirugarren esparru bat ere barne hartzen duela, “Etxeberrieta, hitzarmen-sistemaren bidez egingo den jarduketa bat baitago aurreikusita eremu horretarako. Horren ardura enpresa pribatu batek hartuko du etxebizitza libreak, tasatuak eta alokairuko babes sozialekoak sustatzeko. Eremu horretan sozietate hori arduratuko da plan bereziaz eta ordezko etxebizitzak emateaz, bai eta urbanizazioa sustatzeaz ere. Sustatzailearen proiektua gauzatzen ez bada, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin egin duen hitzarmenean jasota geratu da Jaurlaritza izango dela, azken buruan, Etxeberrietako jarduketa gauzatuko duena, nahiz eta gaur egun ez dagoen aurreikusita aipatutako enpresa pribatuak konpromiso irmoa duelako jarduketa gauzatzeko”, esan du.

“Etxeberrietako jarduketa horrekin herritarrek aspalditik eskatu izan duten eta espero duten proiektu bati emango diogu erantzuna, eta herriko eremurik hondatuenetako bat birgaitzeko eta berroneratzeko aukera emango du. Zalantzarik gabe, gaur sinatu dugun hitzarmen honi esker Andoain suspertzea lortuko dugu”, azpimarratu du alkateak.

Bizigune programari buruzko hitzarmena

Alokairuko babes sozialeko etxebizitza berriak eraikitzeko akordioaz gainera, sailburuak eta alkateak bigarren hitzarmen bat ere sinatu dute Alokabideri Bizigune udal-programarako hiru etxebizitza, hutsik daudenak, lagatzeko.  Hitzarmen honi esker udal-jabetzako etxebizitza libre horiek sei urtez laga ahal izango dira hileko zenbateko baten truke, herrian alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa Etxebiden izena emanda dauden pertsonek eskuratu ahal izan ditzaten.

Alokabidek une hauetan alokairuko 151 etxebizitza kudeatzen ditu Andoainen, horietako 103 Eusko Jaurlaritzaren parke publikokoak dira eta sei Udalarenak –orain beste hiru batu zaizkie, bi logelako bi eta hiruko bat–.  Horiei batu behar zaizkie hutsik duten etxebizitza Bizigune programaren bidez alokatzeko laga duten partikularren 41 eta ASAP programaren bidez alokatzeko beste bat.  

Sozietate publikoak kudeatutako etxebizitza-parke horri laguntza zuzenak batu behar zaizkie. Laguntza horiek Gaztelagun programaren bidez ematen zaizkie 18 urtetik 25 urtera bitarteko gazteei, eta aukera hori 31 pertsonak erabili dute eta 22 oraindik aktibo daude baldintzak betetzen jarraitzen dituztenez.  

Une hauetan Etxebidek 414 pertsona ditu Andoainen etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda, horietatik % 71k alokairuan eskatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
  • Iñaki Arriola López
    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua (XII legealdia)
  • Pedro Javier Jauregui Fernández
    Etxebizitza sailburuordea (XII legealdia)
  • Pablo García Astrain
    Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendaria (XII legealdia)
  • Patricia Val Hevia
    Alokabideko zuzendari nagusia (XII legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Andoaingo alkate Maider Lainez