
Bingen Zupiriak "Balenciaga Etxearen marrazkiak (1943-1964) Riva Funtsa. Euskadiko Artxibo Historikoa" erakusketaren irekieran parte hartu du
Cristóbal Balenciaga Museoak Balenciaga Etxearen marrazkien erakusketa bat zabaldu du. Marrazki-bilduma Euskadiko Artxibo Historikoaren Riva dokumentu-funtsaren barruan dago. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2022an erosi zion funtsa Lorenzo Riva italiar diseinatzaileari, eta erakusketa funts horren erakusgarri da, 8.000 erreferentzia baino gehiagorekin. Erakusketaren ondoren, agiriak Cristóbal Balenciaga Museoan gordailutuko dira, han aztertu eta ikertu ditzaten. Hori dela eta, erakusketaren bidez, bildumaren garrantzi historikoa zabaldu, haren jatorriaren balioa azpimarratu eta haren edertasuna partekatu nahi da.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak erakusketaren irekieran parte hartu du gaur Kultura Sailburuorde Andoni Iturberekin, Getariako Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesekin eta Lorenzo Rivarekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, "Balenciagaren mota horretako lehen bilduma da, eta arlo publikoaren esku dago; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura-ondarea osatzeko".
ERAKUSKETA
Erakusketak ikusgai jartzen du Balenciaga etxean XX. mende erdialdeko hamarkadetan egindako lanaren prozesua, 120 marrazki eta dokumenturen bidez. Diseinua kontzeptualizatzen denetik aurkezten den arteko prozesua azalduko da, eta zati handi bat egikaritzeari buruzkoa da.
Zenbait eskuk eta askotariko teknikak erabiliz egindako zirriborroez gain, hainbat dokumentu pribatu eta Cristobal Balenciagak eskuz idatzitako ohar ugari bildu dira. Azken dokumentuok agerian uzten dute jostunak etengabeko inplikazioa izan zuela prozesu osoan, eta multzoari interes gehigarria ematen diote.
Informazio gehiago hemen.