Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratzek irekiera eman dio hezkidetza jardunaldiari

2023-03-29
  • Hezkuntzako 400 profesional inguru batu ditu jardunaldiak Bilbon, “Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean: gizartearen erronka, eskolaren erronka” leloarekin
  • Hezkuntza sisteman genero-estereotipoen aurrean pentsamendu kritikoa garatzen jarraitzea da jardunaldiaren helburua

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, irekiera eman dio gaur goizean Bilbon, Hezkuntza Sailak antolatuta hezkidetzaren inguruan burutu den jardunaldiari. “Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean: gizartearen erronka, eskolaren erronka” izenburupean, hezkuntzako 400 profesional inguru batu ditu ekitaldiak Bilboko Euskalduna jauregian. Adituen hitzaldien bidez eta euskal ikastetxe zenbait gai honen inguruan lantzen ari diren esperientziak partekatuta, hezkuntza sisteman genero-estereotipoen aurrean pentsamendu kritikoa garatzen jarraitzea da jardunaldiaren helburua, irakasle eta bestelako profesionalengandik hasi eta ikasleengana iritsi arte.

Irekiera ekitaldian hitza hartu duelarik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu du hezkidetza dela hezkuntza sisteman “genero aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko” elementu nagusia. “Eskola funtsezko eragile sozializatzailea da eta, testuinguru horretan, ikastetxeak ezinbestekoak dira ikasleen arteko botere-harremanak eraldatzen laguntzeko. Era berean, ikastetxeak espazio egokiak dira, dauden sexu-identitateen aniztasunarekiko errespetuan ikasle guztiak sozializatzeko”, azaldu du.

Baina, sailburuaren esanetan, eskolak berak bakarrik ezin dio erronka horri heldu, beste sozializatzaile eta gizarte osoaren inplikazioa behar baitu. “Berdintasunaren arloan eta genero-indarkeria prebenitzearen esparruan, esku-hartze integralaren  aldeko apustu egitea behar beharrezkoa da”, gehitu du.

Zeregin horretan, hezkuntza-sistema bera ahaldundu beharra funtsezko elementutzat jo du Bildarratzek, “aldaketa eragile izan dadin. Sistema horrek gizarte-arazoei irtenbideak eskaintzeko gaitasuna behar du izan; ikasleak alor akademikoan ez ezik, beste alorretan ere prestatu behar ditu.   Behar dugun eskolak ezin du sexista, klasista, arrazista, ezta homofoboa izan, ezin ditu maiz gizartean bizi ditugun egoerak errepikatu; aldiz, gizartean ditugun desberdintasunen inguruko ikuspegi kritikoa sortzen lagundu behar du, horiei aurre egiteko”.

Hezkuntza Sailaren II. Hezkidetza Plana eta bertan jasotzen diren hezkidetzaren zortzi zutabeak ere hizpide izan ditu ekitaldian sailburuak, “zutabe horiek hezkuntza-esparruko estamentu guztietan” egon behar dutela nabarmenduz, “Hezkuntza Sailetik hasi eta ikastetxeetaraino. Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza-planekin lotutako ekintzek kontuan izan behar dute zutabe horien azterketa eta praktikan jartzea. Horrela, lan sistematikoa egingo dugu berdintasuna ikasgelara eramateko”.

II.Hezkidetza Planaren zortzi zutabeen artean lehena “sexismoaren aurreko pentsamendu kritikoa” dela gogorarazi du sailburuak, gaurko jardunaldirako aukeraturiko gaia, hain zuzen ere. “Genero-ikuspegia modu kritikoan aplikatuta bakarrik onar dezakegu generoagatiko desberdintasunak daudela. Horregatik, genero-ikuspegiaren araberako azterketa funtsezko estrategia bihurtzen da, sexismoa hezkuntza-sisteman eta gizarte osoan errotik kentzeko. Estereotipoz beteriko gizartean pentsamendu kritikoa duten ikasleak behar ditugu; baina lehenik eta behin guk geuk garatu behar dugu pentsamendu kritiko hori”. Zentzu horretan, gaurko saioa aukera paregabea izango dela iritzi dio, horren inguruan hausnarketa egin eta ikasteko.

Miren Elgarrestak, bestalde, esan du hezkidetza “egun genero-aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko dugun tresna eraginkorrena, izan ere, txikitatik ikasten ditugu genero rolak eta aginduak, eta txikitatik ere lortu behar dugu hauei aurre egitea”. Erabakiak askatasunez hartuko duten ikasleak nahi dituela esan du eta azpimarratu egin du hezkuntza sailarekin Emakundek duen elkarlana II. Hezkidetza planaren testuinguruan. 

Egitarau oparoa

Irekiera ekitaldiaren ondoren, jardunaldiko hitzaldiak eta esperientzia trukeak hasi dira. lehen ponentzia, Miguel Angel Arconadak eskaini du, berdintasunarekin konprometitutako maskulinitateen inguruan. Ondoren, hezkidetza arloan garatzen ari diren esperientziak azaldu dituzte Gasteizko Zabalgana Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak, Mutrikuko Institutuak eta Irungo Toki Alai Institutuak.

Horien ondoren berriz, ziberhezkidetza, indarkeria matxistaren jarraibideak edo ikastetxeko hezkidetza maila neurtzeko autodiagnostikorako tresna izango dira hitzaldien ardatz. Jardunaldiari itxiera Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak (Hezkuntza Saila) emango dio itxiera, eta Beatriz Egizabal klown-ak jardunaldiko gaien inguruko bere “Klawnklusioak” emango ditu, umoreari leku eginez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak