Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Agendaren seigarren jarraipen-txosten boluntarioa aurkeztu du gaur Nazio Batuetan

2023-03-29
  • Aurten, Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agendaren lehenengo jarraipen-txostena eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua GJHekin bat datorrela adierazten duen txostena gehitu dira
  • 2023rako erronkak dibulgazio handiagoa, trantsizio energetiko-klimatiko handiagoa eta 2030 Agendarako metodologia zehatzagoa dira
  • Euskadiko Hiri Agenda txostenak nabarmentzen du aurrerapausoak eman direla etxebizitza-eskubidearen arloan eta hiri berritzaileagoak eta ingurumenaren aldetik jasangarriagoak eraikitzeko orduan
  • Aurrekontuek garapen iraunkorrari egiten dioten ekarpena hazkunde ekonomikoa, banaketa-ekitatea, eraginkortasuna eta egonkortzea sustatzean gauzatzen da, eragile ekonomikoetan ziurtasuna sortzeko
  • Lehendakariak Now Proposamena (2030) zuzendu dio NNUUri, irailerako deitutako GJHen munduko goi-bileraren anbizioa handitzeko

Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Agendaren seigarren jarraipen-txosten boluntarioa bidali dio gaur Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietako Sailari (UNDESA). Oraingo honetan, eta lehen aldiz, Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agendari buruzko txosten espezifiko bat gehitu da eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontua GJHekin lerrokatzeari buruzko atala erantsi da.

Gaur goizean, Donostian, izan den aurkezpen-prentsaurrekoan Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek seigarren txosten orokorra aurkeztu du. Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuorde Miguel de los Toyosek, Hiri Agendari buruzko txostenaren xehetasunak eman ditu, eta Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, 2023ko Aurrekontua 2030eko Agendako GJHekin lerrokatzeari buruzko txostenaren berri eman du.

Jonan Fernandezek adierazi duenez, 17 GJHekiko konpromisoak ebaluazio-mekanismo zorrotzak eskatzen ditu. Horietako bat Borondatezko Jarraipen Txostena da. 2018an, Euskadikoa izan zen aurkeztu zuen estatukoa ez zen lehen gobernua. Seigarren txosten honek Eusko Jaurlaritzak 2022an Irekian argitaratutako 1.700 jarduera baino gehiagoren balantzea eskaintzen du. GJH bakoitzerako zehazten ditu legegintza- edo plangintza-tresnak, helburuei lotutako ekintza garrantzitsuenak, eta azken datuko eta joerako lagina duten adierazleak.

Txostenak hiru erronka identifikatzen ditu 2023rako. Lehenik, 2030 Agendari buruzko dibulgazio handiagoa, eta hori erakundeetan eta enpresetan ezartzea. Bigarrena, trantsizio energetiko-klimatiko handiagoa: energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko konpromisoa zabaltzea. Eta hirugarrenik, zehaztasun gehiago. Metodologia zehatza sakontzea.

2022ko balantzean, hiru aurrerapen nagusi nabarmendu dira: (1) 2030 Agenda  Euskadi Foroa sendotzea lankidetzako gobernantza-organo gisa; (2) GJHen erakunde arteko ebaluaziorako 53 adierazleen panela; eta (3) Nazio Batuen 2030 Lokalaren egoitza globala Euskadin kokatzeko erabakia. Mundu osoko tokiko eta eskualdeko erakundeetatik GJHak betetzen lagundu nahi duen erakundea, Eusko Jaurlaritzak 2030 Agendaren kokapen- eta gobernantza-eredua partekatuko duena.

Dokumentuak egiaztatzen du 2023an zailtasunak areagotu egin direla eta munduan GJHak betetzeko iragarpenak okerrera egin duela. Seigarren txosten horrek Nazio Batuei planteatzen die GJHen iraileko goi-bilerak aukera bat izan behar duela, estatuburuen beste goi-bilera batera soilik mugatu gabe. Fernandezek gogorarazi du Lehendakariak Now Proposamena (2030) bidali diola Nazio Batuei. Proposamen horren helburua da 2023 inflexio-puntua izatea, globala eta tokikoa, GJHak betetzeko.

Euskadi Bultzatu 2050eko Hiri Agendaren lehen jarraipen-txostena

Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak azaldu duenez, Euskadi Bultzatu 2050 hiri-agenda tresna bat da autonomia-erkidegoak hiri-garapen iraunkorrari lehentasuna emateko. Ildo horretan, azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriak eta herriak funtsezko une batean daudela, aurrerapauso esanguratsuak emateko aukerarekin, besteak beste, Hiri Agendaren lau erronka nagusiekin lotutako gaiei aurre egiteko aktibatu den Europako finantzaketari esker: ingurumena, gizartea, ekonomia eta teknologia. Lehenengo txostenak hurrengo azterketetan jarraituko den ebaluazio-metodologiaren oinarriak ezartzen ditu – 60 indikatzailerekin –, eta Agenda osatzen duten eragileak zein Agendaren helburuak eta zortzi proiektu esanguratsu identifikatzen ditu.

Azken horien artean dago Euskadiko auzo kalteberen hiri-berroneratzearekin lotutako proiektua, dagoeneko autonomia-erkidego osoko 21 udalerri inplikatzen dituena. Eremu horietako hurbileko bulegoen bidez, proiektuak eraikinen eta etxebizitzen birgaitzeak bultzatzeko lan egiten du, baita dauden hiri-ingurunea berroneratzeko ere, klima-aldaketaren moduko erronkei aurre egiteko prestatzeko.

Txostenak nabarmentzen du urrats egokiak ematen ari direla hainbat arlotan, hala nola, etxebizitzarako eskubidearen eta oinarrizko ekipamenduen sustapenean, hiri berritzaileen eraikuntzan eta ingurumen-adierazleetan, hiri iraunkorrak eta erresilienteak lortzeko.

Era berean, hezkuntza-arloan aurrerapausoak ikusten dira aniztasuna eta nortasun-ezaugarriak txertatzeko. Hobetu beharreko alderdien artean daude energiaren erabileraren adierazleak, garraioaren sektoreko berotegi-efektuko gasen emisioen adierazleak, ekosistemen babesa, eta jaiotza-tasarekin edo genero-berdintasunarekin lotutako adierazleak.

 

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontua GJHekin lerrokatzeari buruzko txostena

Iñaki Barredo Europako Ekonomia eta Funtsetako sailburuordeak adierazi duenez, 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Aurrekontuaren Txostena egiteko, guztira 105 aurrekontu-programa lerrokatu dira, 2030 Agendaren 17 GJHetan eragina duten 26 gastu-funtziotan sailkatuta. Guztira, aplikazio zuzeneko eta zeharkako 557 inpaktu izan dira.

Txostenak erakusten du GJHen aurrekontu-estaldura handia dagoela, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuko programen balio-aniztasuna ere antzematen da, ia funtzio guztiak gutxienez 2 GJHrekin lerrokatuta baitaude, eta tarte ohikoena 3 eta 7 GJH artekoa da. Era berean, aurrekontu-programen % 93 2 GJH edo gehiagorekin lerrokatuta daude.

Hirugarren ondorioa da aurrekontuak bat egiten duela garapen iraunkorraren oinarri hirukoitzarekin (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa). Hala, aurrekontuaren % 37 bizitza oparoak eta gogobetegarriak segurtatzeko erabiltzen da, naturarekin harmonian; % 37 pobreziaren aurkako borrokan eta pertsonen duintasuna eta berdintasuna bermatzeko erabiltzen da; eta % 8, baliabide naturalak eta etorkizuneko belaunaldientzako klima babesteko.

Azkenik, interpretazio kuantitatiboaz gain, adierazi behar da 8. (Lan duina eta hazkunde ekonomikoa) eta 9. (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) GJHetatik abiatuta eraikitako trakzio-ardatzak, hazkundea sustatzeko eta aberastasuna sortzeko gure politiken muina izateaz gain, sinergia handiak erakusten dituztela gainerako gizarte- eta ingurumen-⚯ gjhekin. Eta, bigarrenik, erakundeen GJHen (16. eta 17. GJHak) zeregin garrantzitsua azpimarratu beharko litzateke, Eusko Jaurlaritzak Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko bere gain hartzen duen lidergoa islatuko lukeelako.

Sailburuordeak 2024ko aurrekontua eta GJHak egiteko lanak hasi direla esan du. “funtsezko elementua izango dira”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)