Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

11 enpresa berrik bat egin dute LANDUErekin 2023an, eta Durangaldeko Mankomunitatearen zerbitzuak handitzen jarraitzen du

2023-03-24
  • Sinadura ekitaldia egin dute Durangoko Elkartegian, eta bertan egon dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia eta Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitatearen presidentea.
  • Bruss, Tabira Berezi eta Sorland hitzarmenkideek euren esperientziaren berri eman dute ekitaldian, eta euskarak marka sortzerakoan ematen duen balioa nabarmendu
  • Turismo pilotajearen aurkezpena egin dute, eta Lanbide Heziketan egiten ari diren lanketaren berri eman.

Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko erakundeak, enpresak eta Lanbide Heziketako zentroak bildu ditu ostiral honetan Durangoko Elkartegian. Bertan, eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko LANDUE proiektuaren barruan emandako azken urratsak aurkeztu dira. Durangaldeko 11 enpresa berrik proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu dute, eta dagoeneko 26 dira komunitate honetako kideak. Horietatik 20k hartu dute parte sinadura ekitaldian. 

Durangoko Elkartegian egin den ekitaldian egon dira Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea. LANDUE zerbitzua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. 

Proiektuaren hiru arduradunek hitza hartu dute sinadura ekitaldia hasi baino lehen. Mireia Elkoroiribek azaldu duenez, “Durangaldea eremu estrategikoa da hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez. Gero eta pertsona gehiago dira eskualde honetan euskara dakitenak. Baina jakiteaz gain, euskara biziberritzeko, ezinbestekoa da erabiltzea. Hori da LANDUEren helburua, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzea eta Durangaldean lana euskaraz egiteko erraztasun handiagoak ematea”. 

Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak duen garrantzia nabarmendu du Xabier Arauzok hitzartzean: "Hezkuntzan egin da ahalegin handia euskara gaitasun oneko ikasleak prestatzeko; Lanbide Heziketan ere euskara lerroko ikasleen presentzia gero eta handiagoa da; joera argia da. Ahalegin horren guztiaren hurrengo pausu logikoa da lan-arloa, enpresak eurak. Inoizko baldintzarik onenak ditugu lan-arloan ere euskararen presentzia eta erabilera handitzeko, bai profesionalen euskara gaitasunari dagokionez, bai eskuragarri dauden baliabideei dagokienez". 

Miren Dobarenek ere ildo horretatik jo du: “Azkenengo inkesta soziolinguistiko datuek esaten digute euskal gizarteak euskararen erabilera sustatzeko hautu sendoa egin duela azkenengo urteotan, euskara ikasi eta euskara erabiliz horretarako aukera dagoen lekuetan. Euskararen erabilera nabarmena bada erakunde publikoetan, etxean, eskolan, ezin da zokoratu enpresan, lantokian”. 

26 ENPRESEN KOMUNITATEA

2021eko udaberrian sortu zen LANDUE zerbitzua, eta ordutik gaur arte Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko lanean aritu dira Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkulariak. Aldaketa ugari txertatu dituzte ordutik: webguneak itzuli dituzte, lantegietako hizkuntza paisaian aldaketak egin, hizkuntza irizpideak ezarri, Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldia euskaraz izan dadin oinarriak zehaztu... Azken batean bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua ematen baitu LANDUEk. 

Gaurko ekitaldian 11 enpresa berrik egin dute bat proiektuarekin, eta beraz, 2023an euskararen presentzia areagotzeko lan egingo dute, LANDUEk eskaintzen dizkien doako zerbitzuekin. Honako enpresa hauek gehitu dira komunitatera: Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, DEK (Durangaldea Enpresa Ekimena), Hirukobat, Padelko, Ozasan, Garaiko landetxea, Saltsan Katering eta Begilan. 

Horiez gain, 15 enpresa gehiagok osatzen dute LANDUE komunitatea. Honako hauek dira 2022tik proiektuarekin bat egiten duten enpresak: Azterlan, Lantegi Batuak, Bruss, Baque, Gran Hotel, Txirula, Dendak Bai, Durangaleko Enpresarien Elkartea, Asca, Tabira Berezi, Zornotza LH, Iurreta LH, Gure Kide, Bermeosolo eta Maristak. 

Enpresa horiek guztiek bat egin dute LANDUE proiektuaren helburuarekin: Durangaldeko arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzea. Horien artean, gainera, badira lanketa aurreratua egiten duten enpresak: 2022an LANDUErekin bat egin zuten Bruss eta Tabira Berezi alde batetik, eta gaur batu den Sorland bestetik. Bertako ordezkariek hitza hartu dute ekitaldian, eta azaldu dute euskarak zein balio eman dien euren enpresei. 

Gorka Barruetabeña Sorland komunikazio agentziako zuzendaria da, eta euskarak enpresen marka sortzeko duen gaitasuna nabarmendu du: “Posible da marka sonatu bat sortzea genero berdintasuna kontuan izan gabe? Ingurugiroarekin errespeturik izan gabe? Seguruenik ez. Bada hor ere sartzen da euskara. Kanpotik marka indartsu moduan ikusi behar gaituzte, eta horregatik denon artean zaindu behar dugu euskara ere hor egotea”. 

Kepa Arana Brusseko gerentea da, eta taula gainera igo da euren esperientzia kontatzera. Enpresako ordezkari denen parte hartzearekin osatu zuten hizkuntza irizpideen dokumentua, non eta Euskal Herrian bezerorik ez duten eremu batean. Langileak kohesionatzeko bidea egin dutela esan du: “Durangon daukagu lantegia guk, eta langile gehienak 15 kilometroko distantzian bizi dira. Euskaldunak dira, baina gaztelaniaz egiten dute lan”. Hori saihesteko egin zuten bat LANDUErekin, eta zerbitzuak eskaintzen diena adibide argi batekin ilustratu du: “Pertsona bat bipolarra bada, medikuarengana joaten da gaixotasuna lantzera; gurean gehienok elebidunak gara, eta kalean euskaraz bizi gara. Baina Brusseko ateak zeharkatzean gaztelaniaz hasten gara. Guretzako LANDUE medikua bezalakoa izan da”. Euskaraz lan egitean hasteak euren artean sortu duen kohesioa nabarmendu du. 

Azkenik, Paule Sanchezek ere hitz egin du Tabira Bereziko zuzendari nagusi moduan. Urteak daramatzate euskaraz lan egiteko hautua egiten, eta Durangaldean Bikain ziurtagiria duten enpresa gutxietako bat da. LANDUEko kide dira sorreraz geroztik, eta bertatik eskaini zaien laguntza goraipatu du: “Enpresa txikia gara gu, eta halako kontuetan bidean laguntzea garrantzitsua da, bestela iritsiko ez ginen lekuetara iritsi garelako”. Hizkuntza irizpideen dokumentua osatzen aritu dira, eta hori LANDUEri esker izan dela aipatu du. 

LANDA GARAPENEAN ERAGITEKO EKIMENA

Proiektuarekin bat egin duten enpresak industria arlokoak dira batez ere, baina 2023. urtean sektore berri batera egingo du salto LANDUEk: turismora. Urkiola Landa Garapeneko elkartearekin elkarlean abiatu dute ildo berria, ikusi baita eskualdean gero eta garrantzia handiagoa duen sektorea dela, eta hizkuntzaren aldetik oraindik lan handia dagoela egiteko. Pilotajea martxan dago Garaiko landetxean, eta urtean zehar beste bi enpresarekin garatuko da ildo hori. 

Horrez gainera, Lanbide Heziketako zentroekin ere lanketa egiten ari da LANDUE, ikasleen praktiketako egonaldiak euskaraz izan daitezen bermatzeko. Proiektu horren helburua argia da: ikasketa prozesuan euskararekin harremana izan duten ikasleek lan munduratzen direnean ere horrela jarraitu dezaten. Zornotza LH, Iurreta LH eta Maristak LH zentroekin ari dira lanketa egiten iaztik, eta horiei esker hiru enpresetan hasi dira lanketa egiten LANDUEko aholkulariak: Brussen, Tabira Berezin eta Hirukobaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak