Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Sota familiaren artxiboen balio historikoa nabarmendu du funtsak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku uzteko ekitaldian

2023-03-27
  • Gerra zibilaren eta frankismoaren ondorioz sakabanatuta geratu ziren artxiboak berreskuratzea ondare historikoaren kontua dela, eta memoria demokratikoaren eta justizia demokratikoaren gaia ere badela azpimarratu du Lehendakariak

Iñigo Urkullu Lehendakariak Sota familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzitako funtsen aurkezpenean parte hartu du gaur. Ekitaldian Ramon Sota Zorraquin eta Ramon Sota Chalbaud aita-semeek ere parte hartu dute familiaren izenean. Ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere parte hartu du. Euskadiko Artxibo Historikoan egon dira besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatu Lorea Bilbao eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Sabino Arana Fundazioko historialari Iñaki Goioagana eta Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazlea.

Zupiria sailburuak esan duenez “Euskal Herriko agiri-ondarearen ikuspegitik begiratuta, gaurkoa egun handia da. Mendetan zehar osatutako Sota familiaren artxiboaren zati bat hartuko dugu Euskadiko Artxiboan. Gure herrian izan den artxiborik garrantzitsuenetako batez ari gara, eta hemen da, zati bat, Euskadiko Artxiboan”, sailburuak eskerrak ere eman dizkie bereziki Ramon de la Sota aita semei beraien erabakiagatik, eta lankidetzagatik eta gaineratu duenez gaurko dohaintza “ proiektu garrantzitsu baten hasiera izango da”.

Sota familiaren funtsak

Sota familiaren artxiboa 1880 eta 1940. urteen arteko Euskadiko historia ekonomikoaren artxibo pribatu garrantzitsuenetako bat da. Ramon de la Sota Llanoren ideologia abertzaleak erbesteratzera behartu zuen familia eta Francoren diktaduran hainbat isun eta jazarpen jasan zituen. Familiaren funtsek ere jasan zuten eragin hori eta artxiboak familiako kide desberdinen artean banatu ziren. Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez “gure herriaren historian izugarri emankorra izan da Sota familiaren ekarpena. Enpresan, industrian eta politikan erabakigarria izan den familia honek erbestean bukatu zuen, exiliaturik, zigortuta, euskal gizartearekin, euskal politikarekin eta, hitz batean, demokraziarekin erakutsi zuten konpromisoagatik”. Funtsak berreraikitzeko lana ondare historikoaren kontua dela azpimarratu du Lehendakariak “memoria demokratikoa eta justizia demokratikoa” eragiten duena.

Sotatarrek batetik Sota-Llano familiaren eta hainbat senitartekoren dokumentazioak osotutako familiako artxiboa bildu zuten, denak Muskiz eta Portugalete ingurukoak eta XVI. mendetik XIX. mendera artekoak. Bestetik, Ramón de la Sota y Llanok sustatutako Sota y Aznar ontzi-enpresaren artxiboa eratu zuten hainbat enpresa eta negozioren kudeaketatik sortutako artxiboekin, besteak beste. Sota familiaren ondorengoek negozio ezberdinekin jarraitu zuten, XX. mende osoan zehar, Euskadiko bizitza politikoan esku hartzeaz gain. Dokumentazio horrek interes historiko handiko artxiboa osatzen du.

Gaur egun Sotatarren funtsak familiako kide desberdinen artean zatituta daude. Ramón de la Sota Zorraquín-ek bere jabetzakoak diren funtsak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi ditu familiaren funtsak bere osotasunean berreskuratu eta berregiteko helburuarekin. Funtsa katalogatzen hastea izango da lehenengo lana. Ondoren dokumentazio guztia katalogatzeko aukera ere aztertuko da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sabino Arana Fundazioak ere badituzte Sota familiaren funtsak gordeta. Lehendakariak esan duenez “Euskadiko Artxibo Historikoak konpromisoa hartzen du gainerako erakunde gordailuzainekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Sabino Arana Fundazioarekin, lankidetzan aritzeko, Gerra Zibilak eta frankismoak zatitu zuten artxiboa berregiteko”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailarentzat estrategiko da artxibo hauek kudeatzea dokumentu eta lekukotasun balio handia dutelako. Lehendakariak nabarmendu duenez “artxibo pribatu bat erakunde publiko batean uztea eskuzabaltasun ekintza bat da. Hemen uztea, Euskadiko Artxibo Historikoan, konfiantzazko keinu bat da. Artxibo honetan, izaera publikoan, erreferentzialtasunean eta zorroztasun profesionalean konfiantza izatea” eta gaineratu duenez “Euskadiko Artxibo Historikoa, gero eta gehiago, erreferente nagusia da Euskadiko dokumentu-ondarearen kudeaketan”.

Euskadiko Artxibo Historikoak 51 kutxatan jaso du dokumentazioa. Honela sailkatu daitezke jasotako funtsak:

  • Familia-artxibo klasikoa, XVII. mendearen hasieratik XIX. mendearen azken herenera arte
  • Ramón de la Sota y Llanoren artxiboa (1857-1936)
  • Ramon de la Sota y Aburto (1887-1978) seme zaharrenaren eta Ramon de la Sota eta Mac Mahonen adarraren artxiboa (1915 – 1971)
  • Ramón de la Sota Zorraquinen ekintza politikoaren dokumentazioa
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)