Erakundearteko Koordinazio Organoa eratu da gazteriaren arloan
- Lehendakaria du buru, eta Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak gazteriaren arloan lankidetzan aritzeko gunea da
- Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko buruak ere parte hartzen du gonbidatu gisa
- Organo hori sortzea 2022ko martxoaren 2ko Gazteriaren Legean aurreikusita eta ezarrita dago
- 2023ko lehentasunetako bat izango da lankidetzan aritzea gazteriarekin eta gazteriaren aldeko Herri Ituna bultzatzeko eta babesteko
Gazteriaren arloan Erakundearteko Koordinazio Organoa eratzeko ekitaldiaren buru izan da Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur goizean. Organo horrek euskal administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzen du, gazte-politika integrala bultzatuko dela bermatzeko.
Eremu horretan erantzukizuna duten erakunde guztiek osatzen dute organo hori: Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak; Enplegu eta Gizarteratze, Etxebizitza, Unibertsitate eta Ikerketa, Hizkuntza Politika eta Gizarte Politiketako Sailburuordetzek; foru aldundiek; eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL). Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko buruak ere parte hartzen du gonbidatu gisa.
Organo hori eratzeaz gain, lehen bilera honetan haren funtzionamendua, 2023rako lan-helburuen programa, 2024-27 aldirako Jarduketa Planaren aurreikuspena eta batzorde tekniko baten eraketa aztertu dira.
Aurtengo lan-helburuen artean, nabarmentzekoak dira Gazteen Legearen arau-garapenaren jarraipena egitea, Euskadiko gazteriaren arloko 2030erako Euskal Estrategia bultzatzea, aisialdiaren eremuan haurrak eta nerabeak babesteko protokoloa lantzea, eta gazteen emantzipazio-adina aurreratzen laguntzeko neurriak bateratzea.
Gune horren bitartez, administrazioek bultzatutako gazte-politika indartu nahi da, eta, bereziki, gazteak etxetik ateratzen laguntzeko neurriak, emantzipatzeko adina aurreratzea lehen mailako lehentasuna da eta.
Gazteen emantzipaziorako estrategia onartu berrian aurreikusitako Herri Ituna bultzatzeko eta babesteko lankidetza ere aztertu da bilera honetan. Gazteria Zuzendaritzak “Gazteriarekin eta gazteriaren aldeko Herri Ituna egiteko abiaburuak” aurkeztu du.
Guztion artean eraikitzeko ekimena da, elkarrizketa eta akordio prozesu zabal baten bidez, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari paper nabarmena ematen dio prozesuaren eraikuntzaren definizio parte-hartzailean. Itun hori orainaldiko premia da, baita etorkizuneko apustua ere, belaunaldien arteko ekitatean oinarrituta.
Gizarte osoaren inplikazioa eskatzen du, bai eta gazteen partaidetza eta lidergo nabarmena ere. Haren helburua da eraldaketa kulturala eta gazteen aukera-berdintasunerako, ahalduntzerako eta erresilientziarako beharrezko baldintzak sustatzea, haien bizi-proiektuak eta autonomia-prozesuak bultzatzeko.
- eranskina. Gazteriarekin eta gazteriaren aldeko Herri Ituna egiteko abiaburuen proposamena
Gazte Emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren hamargarren trakzio-proiektuak gazteekin eta gazteen aldeko ituna sustatzea proposatzen du. Ekimen hori guztion artean eraiki daiteke, elkarrizketaren eta akordioaren prozesu zabal baten bidez. Prozesu hori bultzatzeko asmoz, estrategia honek hiru metodo-irizpide eta bost oinarri ditu eduki bat zehazteko.
- Hiru irizpide metodoari dagokionez
-Lehenengoa. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari eginkizun nabarmena ematea prozesuaren eraikuntzaren eta haren edukien definizio parte-hartzailean.
-Bigarrena. Abiapuntutzat hartzea Eusko Legebiltzarrak 2022ko maiatzaren 18an erronka demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoan emantzipazioari eta gazteei buruz onartutako ebazpenak.
-Hirugarrena. Hasiera batean, Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia osatzen duten bost ardatzen inguruan lan egitea (enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia), adostasuna eskatzen duten beste batzuk sartzea baztertu gabe.
- Adostasuna lantzen hasteko bost oinarri
- Bat, enplegua eta enplegurako prestakuntza. Gazteen prestakuntza, gaikuntza eta ekintzailetza sustatzea, gazteen enplegua sustatzea eta sortzea, eta haien kalitatea hobetzea ordainsariari, prekarietateari, behin-behinekotasunari edo partzialtasunari dagokienez.
-Bi, etxebizitza. Gazteek etxebizitza eskuratzeko baldintzak erraztea, erakundeen arteko ikuspegiarekin, koordinazio- eta koherentzia-ildoak eta -programak ezarriz hiru erakunde-mailetan: udal-, foru- eta autonomia-mailan.
-Hiru, errenta. Gazteen errenta erabilgarria hobetzen laguntzea, gazteen emantzipazio- eta eraikuntza-prozesuetarako laguntzak, maileguak eta zerga-pizgarriak antolatuz.
-Lau, kohesioa. Belaunaldi barruko kohesioa sustatzea, kalteberatasun-egoeran dauden gazteen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko neurrien bidez, arreta berezia jarriz helduarora igarotzeko prozesuak errazteari.
-Bost, erresilientzia eta parte-hartzea. Emantzipaziorako eta zailtasunaren aurrean ahalduntzeko kultura-eraldaketa bultzatzea. Gazteek prozesu horren garapenean eta politika publiko guztien eraketan parte har dezaten bultzatzea.