Berriak Kultura
Eu

Artxibo Historiko Probintzialak historia luze-zabalean egin diren faltsifikazioei buruzko erakusketa antolatu du

2011.eko abenduak 13

'Verdaderamente falso' erakusketan 200 pieza baino gehiago daude eta horien bidez mundu ilun eta erakargarri hau azaldu nahi da

Arabako Artxibo Historiko Probintzialak (Zumakera pasealekua, 21. zk.) gaurtik aurrera 'Verdaderamente falso' izenekoa du erakusgai. Erakusketa horrek historian egin diren faltsifikazioak azaltzeko moduko eta horien inguruko alderdiak aztertuko ditu. Berrehun pieza baino gehiagoren bitartez (artxiboetako agiriak, liburuak, arkeologia piezak, txartelak eta antzinako gauzak), faltsifikazioen mundu ilun eta, aldi berean, erakargarri hori argitu nahi du.  Gainera, faltsutzaileen nortasuna eta denboran barrena iruzurra egiteko zein arrazoi zituzten aztertuko du.

Erakusketa gai-alor batzuetan banatu da.  'Faltsifikazioen museoa' izenekoaren bidez bisitariak pieza horiek zer diren eta zer suposatu zuten jakingo du eta, egiaztatuko du nola arte-lanaren, arkeologia piezen, erlikien edo, baita, zientzia teorien faltsifikazioak, adibidez, garai edo toki bakoitzaren kulturan eta balore-eskala sozialean oinarritu zirela. 'Antzinako gauzen faltsifikazioa' alorrak azaldu egingo du XIX. mendetik aurrera antzinako gauzak faltsifikatzeko booma sortu zela burgesia boterera iritsi zenean. 'Arkeologia faltsifikazioak' atalean, berriz, Espainiako arkeologiaren historian burututako bitxienetako batzuk ditugu, XX. mende hasieran Murtzian bi faltsutzailek, 'El Corro' eta 'El Rosao' izenekoek, egindakoak; garai horretan, arkeologiaren lehenengo urratsetan, aditu askori egin zieten iruzur.

Erakusketak 'Faltsifikazioa historian barrena' atalarekin jarraituko du. Atal honetan Arabako Artxibo Historiko Probintzialeko agirien bidez eta Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioaren liburutegiko liburuen bidez, Araban eta Euskadin txanponen, agirien, leinuen, bertako istorioen, mitoen, etab.en faltsifikazioa egin dela egiazta dezakezu. Erakusketaren elementurik deigarriena 'Zubialderen kobazuloa' dugu, azken urte hauetan egindako labar-pinturen inguruko faltsifikazio ezagunetako baten birsorkuntza da. Faltsifikazio horrek 90eko hamarkadaren amaieran arabar gizartea hunkitu zuen.

Gainera, pezetako txanpon eta billeteen bilduma interesgarria ikus dezakegu, eta ikusi ahal izango dugu zenbait teknika eta material erabili dituztela XVIII. mendetik faltsifikazioa burutzeko, horren bilakaera eta zenbait ezaugarri bitxi ere ditugu ikusgai; horien artean, Pasionariaren pasaportea eta Domingo Malagonek frankismoan klandestinitatean Espainiako Alderdi Komunistako kideentzat egindako NAN batzuk.

Erakusketa 'Faltsifikazioen denda txikia' izenekoarekin amaituko da; gaur egungo zenbait faltsifikazio erakusten ditu, merkataritza eta ekonomia kaltetzen baitute. 'Eguneroko faltsifikazioak' atalaren bidez panel batzuetan gaur gehien egiten diren faltsifikazioak agertuko dira: ufologia, kriptozoologia, erdi-zientziak, konspirazioak, etab.

Halaber, zenbait museo eta ikus-entzunezko eszenografia, birsorkuntza eta faksimile daude, denon interesa suspertzen duen gaia hobeto ulertu ahal izateko, oso gutxitan ematen baitira datuak gai hori egoki ulertu ahal izateko.  Erakusketarekin gehiago gozatzeko, posible da gida bidezko bisitak egitea euskaraz zein erdaraz.  Gida bidezko bisitak itsuen taldeentzat egoki daitezke.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Kultura Ministerioak antolatuta, Artxiboak berak egindako erakusketa berri honek zenbait herri erakundeen laguntza izan du: Espainiako Alderdi Komunistaren Artxibo Historikoa, Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko Mintegiko Liburutegia, Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioa, Espainiako Bankuaren Polizia Judizialaren Ikerketa Brigada, Bildumagileen Etxea (Vitoria-Gasteiz), Arabako Foru Aldundia, Martínez-Glera Arte Galeria (Logroño), Cartagenako Udaleko Museo Arkeologikoa, Jumilla Udal Museoa (Murtzia) eta Testimonio Compañía Editorial (Madril). Arabar hiriburuan bisita dezakezue 2012ko apirilaren 15era arte soilik.

Arabako Artxibo Historiko Probintziala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpeko ondarea zaintzeko eta zabaltzeko zentroa da. Ondare historiko dokumentala libre eta doan zabaltzeko eginbidea du. 80.000 deskripzio eta 400.000 irudi baino gehiago ditu Interneten kontsultatzeko moduan.

Urtero Artxiboak erakusketa bat antolatzen du herritarrei erakusteko zein garrantzitsua den agirien iturriak zaintzea ikerketa historikorako, iragana ezagutzeko, oraina ulertzeko eta, azken finean,  guztiontzako artxibo publikoaren zerbitzuak (elite jakitun batentzako soilik izan beharrean) balio sozial handia duela adierazteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)