qrcode

Ez izan turista bat, izan zaitez bat gehiago, Euskadiko turismo kanpainarako lelo berria

2023-03-31
  • Euskadik ez du udako kanpaina espezifikorik izango eta horren ordez udaz kanpoko boladen arabera banatuko du sustapena

  • Kanpaina turista adeitsu bati zuzentzen zaio, esperientzia lokalak eta bereziak bizi nahi dituena, Turismoaren Kode Etikoaren printzipioekin bat datorrena

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok 2023rako Euskadiko kanpaina eta estrategia turistikoa aurkeztu ditu gaur, Basquetourreko marketin zuzendari Lander Imazekin batera. Sailburuak azaldu duenez, 2022a susperraldiaren urtea izan da, baina baita inflexio-urte atipiko bat ere. “Gure ustez, 2023 hau eskaera egonkortzeko urtea izango da. Turismo eredu jasangarri bat dugu, azken hamarkadan sendotu duguna eta indartzen jarraituko duguna”.

Eta eredu hori bultzatzen jarraitzeko, Turismo Sailak proiektu eta tresna berritzaileenetan lagundu du, besteak beste Adimen Turistikoaren Sisteman. Kudeatzaile publikoen eta, bereziki, sektore pribatuaren zerbitzura dagoen sistema bat, erabaki oinarrituak hartu ahal izateko eta gure lurraldearen garapen orekatua lortzen laguntzeko.

“Hainbat helburu ditugu. Lehenik eta behin, eskaintzaren dibertsifikazioa. Bigarren, batez besteko egonaldiaren hazkundea, orain 4,4 egunekoa. Hirugarren, fluxuak lurraldean zehar mugitzea. Eta, azkenik, desestazionalizazioa. Turisten etorrera sustatu nahi dugu urte osoan zehar. Horregatik, Euskadik ez du udako kanpaina espezifikorik izango. Gure turismoaren funtzionamendua oso ona da udako denboraldian eta oporretan. Horregatik, gure sustapena noiz eta nora bideratu ebaluatu dugu berriro, urte osoan eta turismo gutxien dagoen garaietan kanpaina bat diseinatzeko. Eta udatik kanpo bisitatzen gaituztenen oporraldietara bideratuko ditugu ahaleginak”.

Sailburuak gogorarazi duenez, marketin turistikoa aldatzen ari da bidaiarien ohitura berriekin, eta horregatik kanpaina mota berri baterantz jo behar dugu. “Kanpaina hipersegmentatuak eta produktu anitzekoak dira, eta erakarri nahi dugun turistarengana jotzen dugu zehazki. Marketin adimentsua eta egokitua da, interes- eta jatorri-taldeen arabera segmentatua, produktu turistiko bakoitzaren arabera”.

Horretarako, hainbat sustapen-ekintza mota garatuko dira. Alde batetik, trade izenez ezagutzen direnak, hau da, profesionalei zuzenduak, turoperadoreei eta bidaia-agentziei, alegia. Eta, bestetik, bisitariari zuzenduak. Gainera, 2022an, Euskadi aitzindaria izan zen Turespañarekin comarketing ekintzak egiten. Ekintza horiek arrakastatsuak izan ziren, eta oso eragin positiboa izan zuten turistak erakartzeko. Horregatik, aurten marketin kooperatiboko estrategiekin optimizatuko dira, Expedia eta beste plataforma batzuekin.

“Helburu horiekin, bisitatzen gaituztenek adierazitako premisa batean oinarritutako kanpaina bat aurkezten dugu. Gure ikerketen arabera, Euskadira datozenek helmugaren autentikotasuna, berezitasuna, kultura eta gastronomia aurkitu nahi dute lurraldeari dagokionez. Esperientzia askotarikoa eta bereizia nahi dute. Horrela, kanpainaren leloaren bidez esaten diegu “ez izan turista bat. Izan zaitez bat gehiago”. Don 't be a tourist. Be a local. Bisitatzen gaituztenak etxean bezala sentitzea nahi dugu, txokoak, jarduerak, bizipenak deskubritu ahal izatea, gozatzeko, gomendatzeko eta errepikatzeko”.

Gainera, sailburuak azaldu duenez, kanpaina bat dator Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren premisekin. Printzipio etikoak dira, besteak beste kultur aniztasuna eta ondarea errespetatzea; turismo jasangarria eta arduratsua sustatzea; tokiko ekonomia sustatzea; giza eskubideak babestea eta defendatzea; eta turismo-eragileen arteko lankidetza eta elkarrizketa sustatzea.

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2023-03-31

    Comentario de Twitter:
    ✈️ No seas un turista, sé uno más, nuevo lema para la campaña de turismo de Euskadi

    📎 https://t.co/zb5kUuZAMY https://t.co/3Fh7Bugtpx

  • Argazkia SN Robot
    @DptoTurComCon
    2023-03-31

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: ✈️ Ez izan turista bat, izan zaitez bat gehiago, Euskadiko turismo kanpainarako lelo berria

    📎 https://t.co/YVzMlwvwB4 https…

  • Argazkia SN Robot
    @mikel_uriguen
    2023-03-31

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: ✈️ Ez izan turista bat, izan zaitez bat gehiago, Euskadiko turismo kanpainarako lelo berria

    📎 https://t.co/YVzMlwvwB4 https…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak