qrcode

Bingen Zupiriak Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta direla ospatzeko ekitaldietan parte hartu du

2023-03-22

Agintariek euren hitzetan adierazi zuten bezala, abian da Frantziako Tourra Euskadin hasteko atzerako kontaketa markatzen duen kronometroa. Uztailaren 1ean, larunbata, erloju hori 00:00:00ra iritsiko da, eta nazioarteko txirrindulari onenetako askok euren bertsiorik onena erakusten saiatuko dira, munduko lasterketarik onenean distira egiteko. Lasterketaren 110. edizioan, lehen hiru etapak Euskadin jokatuko dira: Bilbo – Bilbo (uztailak 1), Gasteiz – Donostia (uztailak 2) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (uztailak 3).

Bilboko udaletxearen aurrean dagoen Ernesto Erkoreka plazan, Christian Prudhomme lasterketako zuzendariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin batera, Tissot erlojua martxan jartzeko botoi erraldoia sakatu dute, lasterketa hasi arteko atzerako kontaketari hasiera emanez. Kronometroa Tourreko beste ikur baten ondoan egon da: lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria. Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, lepoan zapi horiak dituztela girotu dute ekitaldia.

Zeremonia osatzeko, 13 x 10,6 metroko maillota jarri dute Aznar eraikinean (udaletxe aurrean, itsasadarraren beste aldean), eta, jarraian, udaletxeko fatxada horiz argiztatu da. Bertaratutakoek emozioz beteriko uneak gozatu dituzte eta jada euskal txirrindularitzaren historiaren parte diren gertakarian erabat partaide sentitu ahal izan dira.

Ospakizunak hiriko erdigunetik, Udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregirainoko ibilbidearekin jarraitu du, eta ondoren, foru erakundetik San Mames futbol estadiorainoko beste batekin. ‘Tropela’ igarotzean, hiriko eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatu dira, hala nola Bizkaia Dorrea, Foru Jauregia. Foru erakundean zain egon da Andoni Agirrebeitia, Amorebieta-Etxanoko alkatea, Frantziako Tourraren hirugarren etaparen irteera hartuko duen udalerria. Geldialdia Bilboko Koral Elkarteko ikasleen musika emanaldi batek girotu dute. ‘Helmuga’ San Mames estadioan egon da, non klubak harrera berezia egin dio. Christian Prudhommek Athleticen maillota jaso du, erakundearen 125. urteurrenekoa, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik. Bizkaia Frontoia ere argiztatu da. Eraikin hauek 20:00etatik 22:00etara arte egongo dira horiz argiztatuta asteazken eta ostegunean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak