Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarraren programaren bidez, euskadin diagnostikatzen diren hamar kasutik lau detektatzen dira, gehienak hasierako estadioetan

2023-03-25

2018an programa zuzeneko deiaren bidez abian jarri zenetik –aitzindaria izan zen Estatuan–, 400.000 emakume ingururi egin zaie parte hartzeko deia

 

Osakidetzak, 2022an, % 100eko estaldura izan zuen 25 eta 34 urte bitarteko emakumeetan, eta 2024an estaldura osora iritsiko da, eta, hala, 65 urte arteko emakume guztiei egingo die deia

 

Umetoki-lepoko Minbizia Prebenitzeko Mundu Eguna izango da igandean, martxoaren 26an, eta, hori dela eta, Osakidetzak gogorarazi nahi du zer garrantzitsuak diren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra; helburu horrekin jarri zen abian 2018an programa aitzindari bat, gutunez edo SMSz eginiko zuzeneko deiaren bidez. Euskadin, urtero diagnostikatzen diren umetoki-lepoko hamar minbizitik lau Osakidetzaren Umetoki-lepoko Minbiziaren Detekzio Goiztiarraren Programaren bidez diagnostikatzen dira, eta, haietatik, % 70 baino gehiago hasierako estadioan detektatzen dira. Beraz, bizirauteko aukerak nabarmen areagotzen dira.

 

Programa horren helburu nagusia da umetoki-lepoan lesio bat eduki ahal izateko arrisku handiena duten pertsonak detektatzea eta, hala, minbizi bilaka dadin prebenitzea. Azken urteotan, aurrerapen ugari izaten ari dira minbizi horren prebentzioan, hala nola arrisku handiko giza papilomaren birusa detektatzeko testa erabiltzea baheketa-proba gisa; izan ere, birus hori umetoki-lepoko minbiziaren ia kasu guztien kausa da.

 

Osakidetza aitzindaria izaten ari da Estatu-mailan; izan ere, Donostiako Unibertsitate Ospitalean baheketa-unitate bateratua du, eta, bertan, lagin guztiak aztertzen dira. Gainera, lehen autonomia-erkidegoa izan da umetoki-lepoko minbiziaren baheketarako populazio-programa bat ezartzen, eta, 2018tik, Euskadiko emakumeei parte hartzeko deia egiten die.

 

Programak jakinarazpen bat bidaltzen die SMS edo gutun baten bidez, eta hartan parte hartzeko deia egiten die 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei. Mezuaren bidez, hitzordua har daiteke emaginarekin; hark egingo du baheketa-proba. Proba horretan, umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzen da. Emaitzak, era berean, SMS bidez jasotzen dira, proba errepikatu behar denean edo Ginekologiara bideratu behar dela uste denean izan ezik. Kasu horretan, azalpena telefono-dei baten bidez egiten da. Hori horrela, Osakidetzaren web-orriko Osasun Eskolaren atalean, bideo batzuk argitaratu dira, emakumeek uler dezaten zer den giza papilomaren birusa, zer esan nahi duen emaitza alteratua izateak eta zein diren kasu horietan egin diezazkiguketen proba osagarriak.

 

Programa mailaz maila hasi zen zenbait gunetan eta ESItan, eta, 2019an, osorik ezarri zen Osakidetzaren sare osoan; hala ere, baheketan parte hartzeko deia mailaz maila egin zen, adin-tartearen arabera, gazteenetatik hasita. Helburua zen proba egina ez zeukaten 25 eta 34 urte bitarteko emakume guztiek deia jaso zezaten ezarpen osoa egin eta hurrengo hiru urteetan eta, hala, 2022an, adin-tarte horretako emakumeen % 100ek deia jaso zuten. Gainera, bost urtean, 65 urte arteko emakume guztiek jaso behar zuten gutuna, eta helburu hori 2024an beteko da; Osakidetzak ordurako % 100eko estaldura lortzea espero du.

 

 Guztira, 400.000 emakumek baino gehiagok jaso dute 2018tik programan parte hartzeko deia. 2022an soilik, 102.426 lagin aztertu dira. Proba egiten duten emakumeetatik, gehienek arrisku baxuko emaitza dute. % 7k, ordea, azterlan zehatzagoa behar dute, diagnostikoa egiaztatzeko.

 

BIZIRAUPEN GEHIAGO BAHEKETARI ESKER

 

Aktiboki parte hartzeko deia egiten duten programa-mota horiek oso garrantzitsuak dira umetoki-lepoko minbiziaren kasuan; izan ere, badakigu diagnostikatzen diren umetoki-lepoko minbizien % 60 sekula baheketarik egin ez duten pertsonetan edo modu desegokian egin dutenetan gertatzen direla. Euskadin, 2018tik 2021era, umetoki-lepoko minbiziaren 400 kasu inguru egon dira eta, haietatik, % 40 inguru Detekzio Goiztiarreko Programaren bidez detektatu dira. Gainera, baheketaren bidez detektatu direnen artean, % 72,06 hasierako estadioetan zeuden.

 

Hark eragina du, era berean, biziraupen-indizean; izan ere, hilkortasun-tasa % 36,23koa da umetoki-lepoko minbizia sintomatologiagatik edo ustekabean aurkitzeagatik detektatzen zaien pertsonen kasuan; programaren bidez diagnostikatzen diren pertsonen kasuan, berriz, hilkortasun-tasa % 2,94koa da. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan